Margolanaren kolore geruzak deseraiki. Fotolitoa sortu. Pantailara pasatu. Paperak eta tintak prestatu. Kolore proba egin. Paper gainean estanpatu. Eta prozesua errepikatuz, beste geruza bat gainean gehitu. Eta beste bat. Eta beste bat. Behar adina aldiz, azken emaitza lortu arte. Usoa Zumetak artelan grafikoak geruzaz geruza sortzen ditu. Ia hiru hamarkada daramatza serigrafiaren munduan, eta artista ugarirekin elkarlanean aritu da urteotan guztiotan. Hartu-eman hori funtsezkoa baitu edizio lanak; artistak eta berak elkarrekin egin behar dute urrats bakoitza. Horregatik du izenburu Usoa Zumeta. Elkarlanean Donostian zabaldu duen erakusketak. Haren lanaren azken emaitzak ez ezik, prozesua bera jarri du ikusgai Aieteko kultur etxean. Hamabost artistaren artelanen hogei serigrafia bildu ditu bertan, eta urtarrilaren 31ra bitarte izango dira erakusgai.
Lan guztiak areto berean daude, hiru hormatatik zintzilik. Baina denak elkarrekin egonagatik, bi atal nagusi bereizten dira erakusketan. Sarreraren pareko horman, Jesus Mari Lazkano artistaren margolan bat da protagonista; haren bidez erakutsi du Zumetak serigrafia sortzeko prozesua, pausoz pauso. Bi aldeetara dauden horma zabaletan, berriz, azken urteetan estanpatu dituen serigrafien aukeraketa bat jarri du, teknikak eskaintzen dituen aukera ugarien erakusgarri dena; Jose Luis Zumeta, Jose Antonio Sistiaga, Jesus Mari Lazkano, German Gargano, Nestor Basterretxea, Dora Salazar, Koldobika Jauregi, Ainize Txopitea, Pablo Gonzalez, Edu Lopez, Juan Luis Goenaga, Judas Arrieta, Ana Roman, Elena Asins eta Vicente Larrearen papereratutako margolanak ageri dira.
Lazkanoren obra ere bada serigrafiaren askotariko aukeren adibide, eta prozesua bera erakusteko bereziki aproposa iruditu zaio Zumetari. Azaldu duenez, iaz aritu ziren lehen aldiz biak elkarlanean, Gara egunkariaren ArteaGara elkartasun kanpainarako lan bat osatzen. «Horren harira, estudiora lanera etorri zen, eta oso ondo egokitzen zela ikusi genuen. Haren lana hain da zehatza, hiperrealista, ez nekiela nola deskonposatuko zen koloretan, baina bete-betean asmatu zuen, eta oso gustura ibili ginen. Lan hura eta beste hau egin genituen».
Hiru errenkadatan ageri da elkarlan hori, hamahiru pausotan. Lehen ilaran, Lazkanok egindako urratsak jarrai daitezke, orban gorrixkaz margotutako lamina gardenen segidan; hori da lehen zeregina. Zumeta: «Serigrafia egiteko, artistak kolore deskonposaketa bat egin behar du. Kasu honetan, hamahiru pauso dira, eta oso ondo ikusten da zein den bakoitza. Goiko aldean, artistak eginiko fotolitoa dago; nik hori erabiliko dut gero pantailara pasatzeko, plantilla bat eginda. Baina nik ez dut fotolitoa inongo momentutan ukituko; eskua artistarena da, ez da nire eskua». Pantailaratu, eta kolore proba egingo du; hirugarren errenkadan ageri da pauso bakoitzeko kolore froga bakoitza. Ediziora eramateko unea, berriz, bigarren ilaran ikusi daiteke: kolore baten gainean hurrengoa estanpatuz joango da. Eta hala, xehetasunak gehituz eta gehituz, geruzaz geruza, azken emaitzara arteko bide osoa ageri da horman.
Aukerak eta erabakiak
Koloreak deseraikitzeko ariketa egitea dagokio, beraz, artistari lehenik. «Hor dago haren abilezia. Askotan, erronka da harentzat, ez baita bakarrik kolore hau edo bestea dela, baizik eta gero, beste bat gehitzean, beste kolore bat sortuko dela. Hori dena nahiko argi eduki behar da». Teknikari gisa definitzen du Zumetak bere burua, eta dio paperean zer agertuko den artistak erabaki behar duela; horretarako, sortzaileak teknika gehiago edo gutxiago ezagutu, haren bidaide izango da. «Artista horretan sartzen bada, asmatuko du, lan egitea baita kontua; lana egingo dugu, eta azkenean gustukoa duen zerbait aterako da. Betiere kontuan izanda pintura pintura dela, eta hau beste gauza bat dela. Baina malgutasun hori baldin badago —eta beharrezkoa da—, ez dago arazorik, froga gehiago edo gutxiago egingo ditugu, baina denbora kontua izango da».
Teknika menperatzen ez dutenei estudioan prozesua eta aukerak azaltzen dizkie, «eta kokatzen dira. Beste gauza bat da zer erritmo eskatzen duen honek, eta beraiek zertara dauden ohituta», dio Zumetak. «Normalean, artistak pentsatu, eta egin zuzenean egiten du, eta hemen beste erritmo batera egokitu behar dira».
Eskuz esku lan egitean, adostasunetara iritsi behar izaten dutela pentsa liteke, baina ezetz dio Zumetak. «Ez, ez, nik hor ez daukat ezer esateko. Bere lana da. Berak erabakiko du nahi duen hau hemen egotea, edo beste hori aldatu behar den, edo kolorea... Horiek denak bere erabakiak dira: berak sinatuko du, bere artelana da. Eta hori argi eduki behar da lan honetan: bere lana da». Teknikari gisa, eskatzen badiote, iritzia eman eta teknikak eskaintzen dituen aukerak azalduko dizkiela dio, baina artelana beti artistarena dela argi izanik, «errespetu osoz» lan egin beharra dagoela uste du. «Beharrezkoa da errespetu hori izatea; bai nik haien lanarekiko, eta baita haiek nire lanarekiko ere».
Edozein artelan paperera eraman daitekeen, hori sortzailearen araberakoa dela uste du Zumetak. «Batzuek aurreikusia dute, gutxi gorabehera, zer egin nahi duten, eta hasten dira koloreak deskonposatzen kontuan izanik originala originala dela, pintura pintura dela, eta ezinezkoa dela hori beste teknika batera eramatea. Baina hor dago erronka: teknikari etekina ateratzean. Momentu batean, artista ahaztuko da originalarekin, eta pentsatuko du zer ematen dion teknikak, eta zer etekin atera ahal dion. Hori da erronka».
Edonola ere, prozesu bakoitza desberdina izaten da. Eta horren adibide dira erakusketako lanak. Goenagarena, kasurako. «Artelan hau oso ezberdin eginda dago, hemen ez zegoen ezer aurreikusita. Mantxa bat egiten zuen, estanpatzen genuen, eta horren gainean egiten zuen beste fotolito bat, eta horren gainean beste bat... eta egiten genuen heinean sortzen zihoan, aurretik ez zegoen irudirik». Aretoan daudenen artetik, Goenagarena da modu horretan sortutako serigrafia bakarra.
Baina bakoitzak bere prozesua du. Lanetariko batzuk koloretan aberatsak dira —Zumeta nahiz Garganorenak, adibidez—, eta badira zuri-beltzekoak —Asins zein Larrearenak, esaterako—. Pentsa liteke lehenen edizio lana zailagoa dela, baina Zumetak azken biak aipatu ditu, ordea, buruhauste gehien eman dizkiotenen artean. Asinsena irudi geometriko beltzez osatua dago. «Zorrotza da, oso zehatza. Tinta bakarra da, baina... Hemen ez duzu heldulekurik; edo oso ondo egina dago, edo...», dio, eta Garganoren lana seinalatu du biak alderatzeko. «Honetan malgutasun gehiago dago; ez du asko inporta milimetro erdia mugitu den edo ez. Bestean bai; mugitzen bada, izkina bat kamutsa geratuko da, edo... Oso lan zehatza da, eta edizioak ere hala behar du». Berdin Larreak lerro fin eta irregularrez osatutako lana. «Tinta bakarra du honek ere, baina erotuta ibili nintzen».
Tintetan ez ezik, lan bakoitzak eskatzen duen paper motan ere jarri behar da arreta. Basterretxearen lana, adibidez, kartoi mehez eginiko collage bat zen, eta atzealdeko urdinari «testura» emango zion paper bat hautatu zuten. Artisau tailer batek kotoiz eginikoa, berriz, Jauregiren lanarentzat. Italiatik ekarritako zuri-zuria, Asinsen obrarako. Marfil koloreko eta gramaje askokoa, Lazkanorenarentzat. Zumetak dio, oro har, artistak paperarekin lan egiten ohituta daudela, baina berak ere azaltzen diela teknikak aukera bakoitzari zer ekarri ahal dion.
Artista bakoitza, mundu bat
Arte Ederretako ikasketen bigarren urtean, Zumetak serigrafia ikastaro bat egin zuen Artelekun, eta Jose Luis Zumeta aitak ere animatu zuela du gogoan. «Lan pixka bat ematen hasi zen garai hartan, eta urtean edizio bat edo bi egiten hasi nintzen. Gehiago eta gehiago sartzen joan, eta azkenerako harrapatu egin ninduen». Ia hiru hamarkada geroago, ikasten jarraitzen duela dio; «hori beti».
Ordutik artista ugarirekin aritu da, eta lan egiteko hainbat modu topatu ditu urteotan: «Bakoitza mundu bat da, eta bakoitzaren sortze prozesua ere oso ezberdina da. Hori nolakoa den deskubritu behar duzu, eta horretara ere moldatu behar zara». Elkarlana estudioan garatzea iruditzen zaio onena, bai aukera guztiak elkarrekin aztertzeko — «batzuetan han sortzen dira gauzak, eta pena da prozesu hori galtzea»—, baita prozesuaz beraz gozatzeko ere. Horretarako betarik egon ez denetan, halere, joan-etorrian ibili izan da estudiotik artistarengana.
Serigrafiak publikoari artea eskuragarriagoa izatea «errazten» dio, eta artistentzat beren obra zabaltzeko baliagarria da, Zumetaren hitzetan. Baina beste zerbait ere ematen die. «Plastikoki beste erronka bat da haientzat».