Gauza bat da 'beste mundu bat posible da' esatea, eta beste bat hori bizitzea, laburki bada ere».David Graeber idazle estatubatuarraren esaldia erabiliz, kulturgintzan ekintzetara jotzearen garrantzia aipatu nahi izan zuen atzo Iñaki Sagardoi Laba proiektuko kideak. Iruñerrian azken urteetan sortu den kultur loraldia aztertzeko gonbidatu zuen Euskaltzaleen Topagunearen XX. Topaldiak, eta Ion Celestino musikari eta Iruinkokoko kidearekin batera aritu zen solasean, Bilborock aretoan.
Mugimendu baten ordezkari bainoago, norbere esperientziak kontatzera zetozela azaldu zuten hasieratik bi hizlariek: «Lokatzetan ibiltzean ikasi eta amestu ditugun hainbat ideia zuekin partekatzera gatoz». Bide propioetatik abiatu, eta bidegurutze batean topo egitea zen hitzaldiaren asmoa: «Ea asmatzen dugun buruan ditugun hari kaotiko guztiak modu ulergarrian helarazten».
Aurrez Donostian bizi ondoren, 9 urterekin iritsi zen Iruñera Celestino. Garai hura nolabaiteko «shock kultural» gisa oroitzen du musikariak: «Gure etxeko hizkuntza euskara zen, baina, Iruñerrira etorrita, oso bestelako errealitate batekin egin genuen topo». Jazzaren inguruan egin zituen goi mailako ikasketak, eta musika beltza izan da bereziki haren interes nagusia: «Musika beltzaren azalean dago musikaren eta komunitatearen arteko lotura; hortaz, nik sentitzen dudana da harremanetan egon behar dudala bizi dudan munduarekin eta baita ingurukoek bizi dutenarekin ere».
Sagardoik, berriz, dantza taldea aipatu zuen ahalduntze eskola gisa: «Dantza taldeari esker euskaldundu ginen; euskara hutsean bizi ginen». Hala ere, haren arabera, Joxemiel Bidador pastorala, Iruñeko euskaldunak izan zen Iruñerriko loraldiaren ardatzetako bat. «Iruñeko euskara elkarteek auzolanean eta euskaraz eginiko pastoral bat izan zen; eta hor, ekintzaren bitartez ikasi genuen auzolana beste zerbait zela», oroitzen du.
Azken urteetan Iruñeak izan duen loraldia ulertzeko hainbat mugarri daudela nabarmendu zuten bi hizlariek. Izan ere, herri mugimenduen arteko elkarlanari esker, euskara modu naturalean ari da jartzen haien proiektuen erdigunean. Horietako batzuk dira Euskalerria Irratia, argitaletxe eta editoreak, eta musika taldeak. Hala ere, birengan jarri zuten foku nagusia atzoko hitzaldian: Iruinkokoan eta Laban. Dantza, musika, herri antzerkia eta bertsoa plazaratzen dituen inauteria da Iruinkokoa. «Libertimenduaren moldeari jarraitzen dio, baina Iruñeko maneran ematen da», azaldu zuen Celestinok. Laba, berriz, euskara alderdi fisikoan eta sinbolikoan erdigunera ekartzeko proiektu bat da. Sagardoi: «Bazterretik erdigunera eraman nahi genuen euskara».
Biak egiten dira euskara hutsean, eta, hain zuzen, Celestinoren hitzetan, horrek egiten ditu berezi bi proiektuak: «Nire ustez, Iruñerrian euskara kontrakultura forma bat da, eta ez, ordea, kultura dominante bat». Ekintzari esker euskaraz bizitzea posible dela gaineratu zuen Sagardoik: «Euskaraz bizi gara, eta hori frogatzen ari gara».
Pandemiari erreferentzia eginez, «ekialdeko zepa» gisa deskribatu zuten bi hizlariek Iruñerriko kultur loraldia, eta protokolo bat ere aurkeztu zuten. «Lehenengo ideia da hurbileko kontaktuak bermatu behar direla», esanez abiatu zen Sagardoi. Baina beste hainbat ere aipatu zituen. Esate baterako, transmisio komunitarioa: «Baina ez goitik beherako transmisioa, baizik eta belaunaldien arteko harremanak sustatuko dituena».
Baliabide falta ere nabarmendu zuen Sagardoik loraldiaren gakoetako bat bezala: «Ohituta gaude inolako baliabiderik gabe lan egiten, eta hori da ekialdeko zeparen loraldiaren arrazoietako bat». Mito berriak sortu nahi dituzte, eta, horretarako, ekintza beharrezkoa dela diote.
Elkarlanaren bidegurutzean
Azken urteotan Iruñerrian sortutako kultur loraldia izan dute hizpide Ion Celestinok eta Iñaki Sagardoik Bilborock aretoan egin den XX. Topaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu