Idoia Besada. 2012ko Dantza Sueltoko Txapelketaren irabazlea

«Elkar ulertu behar da dantzan; 'feeling' gabe ezin da »

Besada eta Ibarguren, saria jasotzen, joan den igandean. BERRIA.
Donostia
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Igandean egin zen Seguran Dantza Sueltoko 2012ko txapelketa. Bigarren aldiz segidan irabazi du Idoia Besadak eta Jon Ibargurenek osatzen duten bikoteak.

Txapela irabazi eta gero, zer sentitzen duzu?

Norberak ere ez du sinesten irabazi duen hori. Baina, pozik. Sentitzen duzuna poza da, eta ez duzula oraindik guztiz sinesten.

Tira, bigarren aldia da irabazten duzuena...

Bai, joan den urtean ezusteko handia izan zen. Aurten, ba, irabaziz zoaz egiten diren txapelketak, eta, azkenerako, presioa daukazu, baina lortu egiten duzu, eta, tira… Ikusten genuen errazagoa zela, baina dena dela kristoren maila egon zen atzo [igandeagatik], eta beldurtuta geunden.

Zer-nolako harremana daukazu dantzako bikotearekin?

Ona, ona. Orain dela hiru urte hasi ginen batera. Hasieran, ezagutzen genuen elkar, baina aparteko harremanik izan gabe. Orain, oso harreman ona, bere familiarekin ere ondo konpontzen naiz, baita bera nirearekin ere. Elkar ulertu behar da-eta dantzarako; ez badaukazu feeling bat, ezin da. Ikusi egin behar da hori badagoela, dantza ondo egiteko.

Zein izan da txapelketara begirako prestakuntza?

Azkeneko hilabete honetan entseguak egin ditugu, baina bestelako kontuak ere izan ditugu, ni lesionatuta egon nintzen, gaixo ere egon gara, bai bata eta bai bestea… Baina prestatu gara, ahal izan dugun guztia egin dugu, astean hiru egunez entseatu izan dugu, eta hilabete osoa eman dugu horrela. Lan horri esker, lortu egin dugu. Lan egin behar da, bestela…

Zer-nolakoa da dantzaren eta zure arteko harremana?

Niri asko gustatzen zait dantza egitea, txikitatik nabil. Lau urterekin ahizpa ikustera joaten nintzen, eta horrela hasi nintzen. Gozatu egiten dut, ikasketen mundutik alde egiteko modua da. Beste mundu batean sartzen zara, zeurea den munduan; beste kontuez ahazteko hoberena da. Lehenago balletean eta klakean ere aritzen nintzen, baina orain unibertsitatearekin-eta, ezin da.

Besterik?

Txapela gurasoei eskaini nahi diet, beti gure atzetik dabiltzalako. Gu ez dakit nora joanez gero txapelketa batera, beti gurekin etortzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.