Metatu, lotu, tolestu, margotu, bihurritu, moldekatu, kendu, eskegi, iltzatu, itsatsi, moldatu, eutsi, zeharkatu, marraztu, eraldatu, luzatu, txertatu, zerratu, orekatu, bildu, ezabatu, bermatu... Gutxi izango dira hiru hamarkadako ibilbidean Pello Irazu artistak (Andoain, Gipuzkoa, 1963) esploratu gabe utzi dituen eskulturaren adarrak, eta, hain zuzen ere, eskulturaren auziei aurre egiteko modu ireki hori nabarmentzen du orain Bilboko Carreras Mugica galerian ireki berri duen Dardara izeneko erakusketako azalpen testuak. 2019an sortutako 30 eskultura, erliebe, marrazki eta margolan inguruk osatzen dute bilduma, eta pieza horiek guztiek elkar nola kutsatzen duten da artistari deigarrien egin zaiona. «Nahiko aske sentitu naiz gauzak nahasteko eta moldatzeko».
Normalean denbora tarte handiarekin landu ohi ditu artistak Carreras Mugica galeriakoaren pareko erakusketak, baina oraingoan osasun arazo batzuk izan ditu, eta erabaki guztiak azken lau hilabeteetan hartzera behartu du horrek. «Batera egin dira erakusketako lanetako asko, eta, horren ondorioz, elkar kutsatu dutela dirudi; ez dira hain garbiak, eta hori, kasu honetan, interesgarria da. Margolariek nola egiten dituzten hiru edo lau koadro batera, eta nola ikusten den pintorea batetik bestera ibili dela, ba kasu honetan eskulturekin ere antzera».
Izan, eskultorea baita Irazu. Hala ikusten du berak bere burua, eta hala aritzen da lanean ere, eskultore ikuspegiarekin beti, berdin esku artean edozein material darabilela ere: hala marrazki bat egiten badu, nola erliebe bat lantzen ari bada, edo, noski, eskultura bat eraikitzen badabil. Bere kasuan, diziplinek ere elkar kutsatzen dutela uste baitu artistak. «Eskultorea naiz, eta sinisten dut eskultorea naizela, zeren eta hortik begiratzen ditut gauzak, eta hor egiten dut lan. Baina eskultura oso partikularra da, eta oraindik ere kutsadura gehiago sortu behar baditut, ba sortuko ditut. Atzera eta aurrera nabil hor, continuum batean bezala. Garbitu egiten dira piezak batzuetan, eta edukiz betetzen dira beste batzuetan, baina materialtasuna beti presente dago: nola gorpuzten diren gauzak. Hori da eskulturaren bereizgarria».
Bisitaria, piezen artean
Eskalan ere ikus daiteke erakusketako pieza guztiak ia aldi berean bukatuta daudela. «Badaude bi egurrezko lan, horman daudenak, igual handiagoak direnak, baina beste guztiek eskala antzekoa daukate, eta hori ez da ohikoa izaten nire lanean. Normalean jotzen dut eskala txiki batetik eskala handi batera, eta hala sortzen da piezen arteko tentsio moduko bat, baina kasu honetan ez dago halakorik».
Irazuk dioenez, eskala jauzi handiagoak dauden kasuetan errazago izan ohi zaio erakusketako lanak antolatzea, halakoetan hierarkia gisako bat ezartzen delako pieza handiagoen eta txikiagoen artean, baina oraingoan antzeko neurria dute lan guztiek, eta obrak aurkezteko modu berriak probatzera eraman du horrek. Horregatik, piezen aurrez aurre sentitu beharrean, haien artean sentituko da bisitaria aretoan, erakusketako espazioa piezekin konpartitu behar balu bezala.
Aulki itxura dute lanetako batzuek. «Gustatzen zait artelanek ezagutzen den gauza baten sentsazioa uztea», onartu du. Kasu honetan, zehazki, umeentzako aulkiak identifikatuko ditu ikusleak areto erdialdeko piezen oinarrian. Eraldatuta, tolestuta, moldatuta, eta jatorrizko funtzioa erabat galduta, baina identifikagarri. Eta antzera hormetan eskegitako zenbait margolanen kasuan ere. Altzari baten itzala igarriko du irudietan, ez erabat garbi, baina hor.
30 urteko ibilbidea egin du Irazuk, eta erakusketan bada esperientzia horren arrastorik. Esate baterako, 1989ko marrazki bana dute oinarrian aretoko pareta bana hartzen duten bi horma irudiek. Irazuk dioenez, beti izan du gogoa ia bi metro luze diren marrazki haiek horma irudi bilakatzeko, eta orain topatu du modua. Adibidez, ia hamar metro luze bilakatzeraino luzatu du haietako bat horretarako, eta galeriaren arkitekturarekin elkarrizketan jarri du bestea.
Garrodun artelanak
Irazuren nortasun ikur da hibridotasun hori, baita Dardara erakusketan ere. «Piezetako bat ere ez da garbia bere diziplinan: nahastu egiten dira inguruko gauzekin. Figuratiboki esplikatuta, esango nuke gauza bakoitzak beso luze bat izango balu bezala dela, bestea ukitzeko eta harekin kutsatzeko, garro moduko bat, garbi ez egoteko».
Maite du sorkuntza prozesuaren aztarnak bistara uztea ere. Bada dozenaka iltze dituen zurezko pieza bat, adibidez, areto erdialdean, eta hormatik ateratzen diren piezen kasuan ere, ikuslearen begi bistara uzten ditu Irazuk torlojuak. «Zintzilikatzeko, estutzeko, elkartzeko... Torlojuak agertu direnean, nire lanetan beti agertu dira oso agerian. Muntatzeak egin ditudanean ere ez dut sekula erabili kolarik. Beti dago torloju bat, iltze bat edo bitartekari lana egiten duen beste elementuren bat, kolak, nolabait ere, piezen izaera otzandu egiten duelako, eta torloju bat jartzen baduzu, aldiz, sorkuntza prozesua agerrarazten duzulako eta dena agerian geratzen delako».
Eta borobildu du gero gogoeta: «Ez zait gustatzen gordetzea».
Elkar kutsatu duten artelanak
Azkeneko urtean egindako eskultura, erliebe, margolan eta marrazkiak aukeratu ditu Pello Irazuk Bilboko Carreras Mugica galerian zabaldu duen erakusketarako. 'Dardara' izendatu du bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu