Azpiegiturak

Elkar, euskal kulturaren mende erdiko katea

Elkarrek Adunako egoitza berria aurkeztu du, taldearen 50. urteurrenean. Arduradunek bi oinarriren gainean azaldu dute taldeak orain arte egindako bidea, eta horien bitartez marraztu dituzte etorkizunerako asmoak ere: eragileen arteko lankidetza eta egokitzeko ahalmena. Elhuyarri eta UEUri emango diete Elkar saria aurten.

Olatz Osa, Mikel Esnal eta Joxemari Sors, gaur, Elkarren Adunako biltegi berrian. JON URBE / FOKU
Andoni Imaz
2022ko maiatzaren 9a
19:43
Entzun

Elkar argitaletxea 1972an sortu zuten hogei gaztek, Baionan, euskarazko kultur lanak kaleratzeko asmoz. Egun, euskal kulturgintzako eragile nagusietako bat da, bere egitura bereziari esker: oinarria ez da aldatu, baina hamaika adar egin ditu. Izan ere, jatorriaren mapa bera nahasia da: Elkarri nazio hedadura eman, eta Baionan Zabal liburu denda eta banaketa enpresa martxan jarri zituzten garai bertsuan, Joseba Jakak eta anaiek Zabaltzen banaketa enpresa eta Bilintx liburu denda ireki zituzten Donostian. Horien guztien lokarria da Elkar; 50 urte beteko ditu aurten.

Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakariak, Mikel Esnal Elkar taldeko zuzendari kudeatzaileak eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak hitz egin dute taldearen egoeraz eta etorkizuneko asmoez, gaur goizean, Adunan (Gipuzkoa) duten egoitza berrian; Donostian egon dira orain arte.

Hasierako urteetako egitasmo sare horrek erakusten duenez, Elkar enpresa berezia da, ezohikoa, Sorsek esan duenez. Garai hartan, arruntena zen enpresa bakoitza eginkizun bakarrean espezializatzea: argitaletxea, banatzailea edo denda izatea, baina ez dena batera. «Elkar taldearen kasuan, beharrak egin zuen bertute: balio kate osoa antolatu zen». Izan ere, guztiaren beharra zegoen: «Argitalpenak falta ziren, argitaletxeak falta ziren, baina baita ikusgarritasuna ere. Liburu dendak sortu genituen horretarako. Ez genuen nahi ekoizpena guretzat bakarrik izatea, Euskal Herri osora zabaldu nahi genuen».

Hazteko bidean, Elkar argitaletxeak beste batzuen funtsak jaso ditu (Herri Gogoa, Artezi, Oihuka, Xoxoa, IZ), beste etxe batzuk taldean sartu dira (Ttarttalo, Sua, Txertoa) eta Ikaselkar sortu dute Ikastolen Elkartearekin. Banaketaren alorra ere indartu du taldeak, Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan ere aritzen delako. Eta hemezortzi liburu denda ditu, Internetekoaz gain.

Gizartearen beharrei adi

Sorsen hitzetan, berrinbertitze politika garrantzitsua izan da, taldea osatzen duten enpresek lortzen dituzten etenik guztiak enpresetan inbertitzea erabaki baitzuten hasieratik, eta independentzia ere bai. «Euskal kulturaren autonomia gure balioetako bat izan da hasieratik. Alderdi eta instituzioekin kolaboratu izan dugu, baina gure erabakiak guk hartu ditugu beti. Eta hori larrutik ordaindu dugu batzuetan. Mehatxuak eta atxiloketak izan ditugu, baita hiru bonba ere».

Elkarrek bere ibilbidean gizarteari entzuten jakin duela uste du Sorsek, eta hori bera nabarmendu du Osak ere: «Aldatu dira egiteko moduak, aldatu da negozioa, baina bada konstante bat argitaletxearen egitekoan: unean uneko gizartearen beharrak, premiak, grinak, auziak eta erronkak zein diren behatu, eta horiei erantzuteko lagungarriak diren kultur edukiak eskaintzeko egindako ahalegina».

Liburu paleten biltegi berria 30 metro altu da

Liburu paleten biltegi berria 30 metro altu da. JON URBE / FOKU

Argitaletxearen jarduna kultur proiektu gisa definitu du Osak. Batetik, haren jarduna ekoizte hutsa baino «harago» doalako; eta bestetik, azken helburua ez delako urtean liburu eta disko kopuru bat ateratzea, baizik eta behar horiei erantzutea. «Kultura ez da entretenimendu hutsa; norbanako eta komunitate kritikoagoak, askeagoak, prestatuagoak eta hobeak lortzeko giltza da».

Urte hauetako guztietako kultur ekoizpenean, euskara eta herri nortasuna izan dira Elkarren ardatz nagusiak, eta horien gainean sortu dituzte literatura, pentsamendu, geografia, curriculum, irakaskuntza eta musika lanak. Urtean 3.200.000 euroren inbertsioa egiten du bere ekoizpenean; Ikaselkarrek, 3.500.000 eurorena.

Lan horretan, lankidetza ezinbestekoa da, Sorsek, Osak eta Esnalek behin eta berriz esan dutenez. «Indar biderkatzailea» da, haien hitzetan. Bidelagun dituzte, besteak beste, Ikastolen Elkartea, BERRIA, UZEI, Elhuyar, Katxiporreta eta Jakin.

Argitaletxearen etorkizuneko erronka nagusia aldi bakoitzean baliagarriak izango diren edukiak ematen jarraitzea da, eta, horretarako, sektoreak ere baditu zeregin batzuk, Osaren esanetan: sortzaileen profesionalizazioa eta egonkortasuna; hizkuntza gutxituen jarduna ahalbidetzea; formatu berrietara egokitzen asmatzea; eta gizartean kultura ahalduntzea, «zentrala» izan dadin.

Izan ere, aldaketa handiak izan dira sektorean: «Egonkortuta zegoena erabat aldatu da», azaldu du Esnalek. Egoerara moldatzeko, Elkarrek banaketaren alde egin du nabarmen. «Beste hainbat sektoretan gertatzen ari den bezala, liburuaren banaketaren sektorea enpresen atomizaziotik kontzentraziora aldatzen ari da, eta Elkar taldea prozesu horren traktoreetako bat da egun», haren hitzetan.

Orain, lehiakorrago

Adunan duten azpiegitura berria horretarako baliatuko dute, gaitasun operatiboa sendotzeko. «Gaur egun, sarean eta saretik kanpo, prestasuna eta azkartasuna dira gakoa: lehiakorra izatea». Horretarako modua izango dute orain, eta Euskal Herrira ekarriko dituzte Espainian eta Herrialde Katalanetan zituzten lan zentroetako operazioak.

Adunako gunea Unipapel zegoen lekuan egin da; horrek izan du bere garrantzia, Esnalek azaldu duenez, enpresa horrek ere paperarekin lan egiten zuenez, lekuak betetzen zituelako gisa horretako enpresentzako araudi berezia. Hamabi milioi euroren inbertsioa egin dute han, 215 lagunek lan egiten dute (Elkar taldean, denera, 428k), bi milioi liburu daude biltegiratuta, eta urtean hamar bat milioi ale zerbitzatuko dituzte handik. Langile gehien-gehienak Euskal Herrian daude, fakturazioaren zatirik handiena atzerrian lortzen badute ere.

15.000 metro karratuko biltegia dute Adunan

15.000 metro karratuko biltegia dute Adunan. JON URBE / FOKU

Egoitza berria eta urteurrenaren ospakizuna batuta, bisitak antolatuko dituzte eragile politiko, sozial eta kulturalekin, eta ateak irekitzeko egun bat egingo dute, Adunako herritarrek herrira iritsi den enpresa berria ezagut dezaten.

Gainera, UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, euskal curriculumari buruzko jardunaldi bat antolatu dute ekainaren 29rako, Donostian, San Telmo museoan. Hamabost urte dira hezkuntza eragileek curriculuma diseinatu zutela, eta hark egindako bidea eta gaur egungo egoera aztertu nahi dituzte.

Saria, adinkideei

Elkar taldearen adinkideak diren bi eragilek jasoko dute Elkar saria aurten, beren 50. urteurrenean: Elhuyarrek eta UEUk. «Ekarpen ukaezina egin diote euskarari eta Euskal Herriari. Elhuyarrek euskara eta zientzia lotu ditu, eta UEUk etengabeko aldarria egin du euskarak bere unibertsitatea izan dezan», adierazi dute antolatzaileek. Maiatzaren 26an jasoko dute saria, Adunan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.