Elkanoren memoria berpizten

Elkanoren lehen mundu bira oroitzen duen 'Bidaiarik luzeena, lehen mundu bira' erakusketa ikusgai dago San Telmo museoan. Urriaren 24ra arte bisitatu ahalko da

Itsasontziek egindako bidaiaren zati bat, erakusketan ikusgai. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
Donostia
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkanoren lehen zirkumnabigazioaren V. mendeurrena dela-eta antolatutako erakusketa da Bidaiarik luzeena: lehen mundu bira. Magallaesen armada Sevillatik (Espainia) abiatu zela 500 urte bete zirenean inauguratu zuten mostra, 2019an, hiri hartakoIndietako Artxibo Nagusian, eta orain, berriz, Elkano (Getaria, Gipuzkoa, 1486-1526) nabigatzailearen eskutik hemezortzi gizonek munduari bira ematea lortu zuteneko 500. urteurrena betetzen den honetan, Donostiako San Telmo museoak Elkanoren memoria berpiztu du erakusketa beraren bitartez. Susana Soto museoko zuzendariak azaldu duenez, «Elkanoren izena eta haren historia» ditu oinarri erakusketak, eta urriaren 24ra arte bisitatu ahal izango da.

Magallaesek eta Carlos I.a Espainiako erregeak Moluka uharteetarako bidaia antolatu zuten XVI. mendearen bigarren hamarkadan, hango espeziak biltzeko helburuarekin. Bidaia Magallaesen gidaritzapean hasi zen; haatik, ez zen inoiz Molukara iritsi, bidaian hil baitzen. Tripulatzaileek Elkano izendatu zuten kapitain, eta hark zuzenduta iritsi ziren uharteetara. Helburua beteta, zailena geratzen zitzaien: itzulera. Joaneko bidaia gogorra izan zen; itsasoaren egoera ez zen ona izan, eta lagun asko bidean geratu ziren, Magallaes kasurako. Horrela, itzulerarako «funtsezko» erabaki bat hartu zuen Elkanok: portugaldarren uretatik itzultzea; hau da, mendebaldetik. Bidaia laburragoa izan zen, eta, Victoria ontzia Sevillara iristean, munduari bira ematea lortu zuten. Gertaera historikoa zehaztasun eta informazio «berezi eta sakonarekin» azaltzen du erakusketak.

Helburu nagusia, «Elkanori merezi duen garrantzia aitortzea, eta gertaera historikoan haren izena gailentzea» dela azaldu du San Telmoko zuzendariak: «Magallaes kapitainari buruz asko hitz egin da, eta oso gutxi, aldiz, Elkanori buruz. Bidaia Magallaesen eskutik hasi bazen ere, munduari bira ematea Elkanok lortu zuen, eta hori da gogoan izan behar duguna».

Mendeetan lehen mundu bira aztertzeko aukera eman duten dokumentu eta kronika nagusiak biltzen ditu erakusketak. Guztira, ehun pieza inguru daude ikusgai, Indietako Artxibo Nagusian zein beste hainbat erakundetan bildutakoak. Multzo horretatik, nabarmentzekoak dira Aiako (Gipuzkoa) Laurgain dorretxean aurkitutako eta eskuz idatzitako jatorrizko gutunak; horien artean, Elkanok Carlos I.ari burutu berri zuen «balentriaren» berri ematen ziona. Ondare historikoa osatzen duten objektuez gain, eszenografia original bat eta ikus-entzunezkoak prestatu dituzte, «ikuslea erakusketarekin konektatzeko eta gertaera modu bisualago batean ulertzeko» helburuarekin.

Marearenmenpe

Erakusketa sei eremutan egituratuta dago, eta, horiei esker, ikusleak «protagonisten bizipenak ulertu eta sentitu» ahal izango ditu.

Bidaia Ametsa eremuan hasten da. Bertan, testuinguru historikoa eta bidaiaren antolaketa bultzatu zuten arrazoiak aurkezten dituzte, baita ideia proiektu bihurtu zenekoa ere. Zenbait dokumentu eta piezak, Magallaesen Armadaren Kapitulazioak edo Carlos I.aren bustoak kasurako, lehen bloke hau egituratzen dute.

Abiatzeari lotutako eremuan,ontziratutako tresnen, jatorrizko zerrenden, tripulatzaileen nominen eta bost ontzien ereduen bidez, XVI. mendeko Sevilla ezagutuko du bisitariak. Eskulturek eta ikus-entzunezko batek testuinguruan kokatuko dituzte agurraren unea eta bidaiaren hasiera.

Itsasontziak ozeanoan daudela hasten da hirugarren eremua, esplorazioari lotutakoa. Bertan bidaiaren zeharkaldiari eta geldialdiei erreparatu ahal izango die ikusleak, agiri, mapa eta pieza etnografiko ugariren bitartez.

Ozeano Bareko zeharkaldiaren eta esplorazio sakon baten ondoren, erakusketa laugarren eremuan barneratzen da: Helmuga. Atal honetan, nabigatzaileek Filipinetan izandako bizipenak eta Moluka uharteetara iritsi arteko ibilbidea kontatzen dira. Magallaesen heriotzaren, Elkano Victoria itsasontziaren kapitain izendatzearen, eta armada Tidore uhartera iritsi zenekoen berri izango du bisitariak.

Moluka uharteak utzi ondoren, erakusketaren esparru handiena hasten da: Itzulera. «Esparru garrantzitsuenetarikoa dela esan daiteke. Elkanok itzulera mendebaldetik egitea erabaki zuen, eta, jakina denez, erabaki horrek munduarekiko ikuspuntua aldatu zuen», azaldu du Sotok. Eremu honetan, Aiako Laurgaingo dorreko, Lisboako Torre do Tonboko eta Francisco Alboren itsasbideko dokumentuek gidatzen dute ikuslea.

Azken esparrua Aldakuntza deitzen da. Izenak aurkikuntzak eragin zituen aldaketei egiten die erreferentzia; mundua borobila zela egiaztatu zen. Historian egin den aurkikuntzarik garrantzitsuenetarikoa izan zen hura.

Bestalde, gaiari lotuta, Donostiako Euskal Itsas Museoanerakusketa bat zabaldu dute, Victoria ontzian eguneroko bizitza nolakoa zen azaltzen duena: 24H. Egun bat Victoria ontzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.