Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Ketariatik mundura pastoralaren bost partaideak. BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Joan Sebastian Elkanok, 1522an abiatutako espedizioan, ez zuen geldialdirik egin Iruñean, ezta Zuberoan ere. Baina aldatu dira garaiak, bai eta orduan eginak kontatzeko manerak ere, eta, orain bai, mundu birak euskal txokoak ere baditu helmuga. Elkanoren bidaia gogora ekarrita, Ketariatik mundura izeneko pastorala estreinatu zuten joan den udazkenean, Donostian, eta Iruñean antzeztuko dute bihar. Kondestablearen jauregian eginen dute, 19:00etan. Tokiak txikia irudi lezake horretarako, baina, hain zuzen ere, obraren tamaina da biharko ikuskizunaren berezitasun handia: «nanopastorala» da, neurrian zein iraupenean.

Ikuskizunak ordu eta erdiko iraupena du, eta taldea bost lagunekoa da: Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori dira aktore, eta Jkristian Galtxetaburu eta Mixel Etxekopar musikari. Hain justu, azken horrek idatzia da testua. 2018an idatzi zuen obraren lehenbiziko bertsioa. Ordea, orduko hori ohiko formatuan antzezteko zegoen egina, eta, hala, moldaketa nabarmen baten ondotik plazaratu zuten iaz.

Elkanoren figurak aspaldi erakartzen zuen Mixel Etxekopar. Hori izan zen, besteak beste, Ketariatik mundura idazten hasteko arrazoietako bat. Batik bat, liluratu egiten du pentsatzeak nola jendeak bidaia haiek abiatzen zituen «jakin gabe itzuliko ziren ere». Aitortu duenez, begiak ireki ditu euskaldunen eta itsasoaren arteko harremanari dagokionez. «Euskaldun asko itsasoari begira bizi ziren, eta dira, eta ez nintzen ohartua, batere».

Dena den, «nanopastorala» ez da mugatzen Elkanoren bidaia kontatzera. Idazleak azaldu duenez, XVI. mendeko Getariako herritarren gorabeherak ere azaltzen dira, bai eta garai hartako kolonialismoaren «izugarrikeriak» ere.

Are, Etxekoparrek «atzeragora» jo du istorioa abiatzeko: mitologiara. Getarian (Gipuzkoa) ezaguna den alegia bat hartu du oinarri zenbait eszenatarako: Keta, Itegi eta Alsakarterena. Etxekoparrek kontatu duenez, kondairak dio hiru maitale horiek harri bihurtu zirela kalapita batean, eta horiek omen dira Zarautz eta Getariaren arteko hiru lurmuturrak. Hiru horiek dira, pastoralaren zenbait unetan, publikoa kokatzen dutenak; Elkano non eta zertan den argitzen dutenak.

Hasieran, beste asmo batekin sortu zen Ketariatik mundura. Getariako eta Zuberoako jendeak egiteko idatzi zen testua, bi tokietako herritarrek elkarlanean jardun zezaten. Ordea, proiektu horrek ez zuen habia aski sendorik aurkitu Zuberoan, Elkanoren gainean dagoen eztabaidarengatik. Horregatik erabaki zuten, azkenean, txikian ematea.

«Ez dut nahi Elkano mitifikatu, baina ezta kondenatu ere. Elkano hila baita aspaldi, eta, gainera, nor gara gu horretarako?», adierazi du, irmo, Etxekoparrek.

Haren iritziko, pastoralak biziki egokiak dira norbaiten «argi-itzalak» irudikatzeko. «Pastoralek, beren zurruntasunean, ematen dute ahala aukeratzeko zer aldetan kokatu nahi duzun subjektua; gaiztoen alderdian, edo onen alderdian». Alde biak baliatu ditu kasu honetan: gaiztoen zein onen aldean kokatu dute Joan Sebastian Elkano, marinelaren figura ez baita «ez zuria, ez beltza».

Txiki eta hurbil

Biharkoari begira, Etxekopar bezain gogotsu da Ihitz Iriart. Dioenez, asko gozatu ditu aurreko emanaldiak, eta sentsazio bera izatea espero du Iruñekoan ere. Gainera, Iriartek azaldu du «nanopastoralak» zailtasun batzuk dakartzala antzezteko garaian—adibidez, aktore bakoitzak pertsonaia ugari antzeztu behar ditu—, baina iradoki du berezitasun horietako asko «aberasgarriak» direla. «Libreago» sentitu da. Gainera, azpimarratu du musikarien eta aktoreen arteko konexioa «askoz handiagoa» dela. «Muga lausoagoa da; kasik ez dago».

Haren arabera, aktoreen eta publikoaren arteko tartea ere estuagoa da formatu «ttipian».«Publikoa oso hurbil dugu. Kasik obraren barrenean dira haien barreak, desadostasunak, txistuak,begiradak eta txaloak». Ohartarazpen bat ere egin du Iriartek: publikoak adi egon beharra du, haria ez galtzeko, ez baita banatzen liburuxkarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.