Literatura

Eli Tolaretxipik Ilya Kaminskiren 'Odesan dantzan' euskaratu du

Poema liburuak bizitzari egiten dio gorazarre, eta ironia du tonu nagusia. Oda bat da, Ukrainako hiri geografiko eta historikoari ez ezik, egileak irudimenean daraman hiriari ere eskainia.

Eli Tolaretxipi, 'Odesan dantzan' poema liburuaren euskaratzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eli Tolaretxipi, 'Odesan dantzan' poema liburuaren euskaratzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko maiatzaren 24a
18:00
Entzun

Ilya Kaminskik (Odesa, Ukraina, 1977) 16 urte zituen sorterria utzi zuenean. Asilo baimena lortu, Sobietar Batasuna osatzen zuen herrialdearen eremutik atera, eta AEBetara lekutu zen familia osoa, 1993an. Han ekin zion Kaminskik idazteari, lehenik errusieraz, baina gerora ingelesez, AEBetako bizimodura egokitu eta hizkuntza ikasi ahala. Askatasunaren izenean egin omen zuen aldaketa, senideek AEBetan nagusi den hizkuntza hori menderatzen ez, eta libreago sentitzen zelako.

Odesan dantzan lehen poema liburua du Kaminskik. 2004an argitara emana da, eta berehalakoan lortu zuen arrakasta AEBetan; hainbat sari ere eman zizkioten, besteak beste, Arteen eta Letren AEBetako Akademiaren Saria eta Tupelo Press argitaletxearen Dorset saria. 2019an plazaratu zuen bigarren poema liburua: Deaf Republic (Errepublika gorra).

Hain zuzen, lehen liburu hori bera euskaratu du Eli Tolaretxipi poeta eta itzultzaileak (Donostia, 1962). Tolaretxipik aspaldiko adiskidea du Kaminski. Londresen ezagutu zuten elkar, eta, gerora, 2012an, Israelen egin zuten topo: «Egun hartan eskura eman zidan Odesan dantzan, eta gau hartan bertan hasi nintzen itzultzen, eskuz, baina gero utzi egin behar izan nuen». Duela pare bat urte gutxi gorabehera, liburua amaitzeko erabakia hartu zuen Tolaretxipik, eta Balea Zuria argitaletxekoei eskaini zien. Ordutik honako prozesuan Felipe Juaristi idazlea izan du bidelagun. Juaristik Odesan dantzan-en itzulpenak «arretaz eta zehaztasunez» irakurri, eta poemak «findu eta gorpuztu» egin dituela esan du Tolaretxipik: «Euskararen erritmora eta doinura egokitu ditu».

«Kontu ugarirekin muntatu du liburua Kaminskik, baina benetan gelditzen dena, funtsezkoa, bizitza da».

ELI TOLARETXIPIPoeta eta itzultzailea

Itzultzailearen arabera, Kaminskiren Odesan dantzan poema liburuak bizitzari egiten dio gorazarre: «Bizitza goraipatzen duen poema batekin hasten da, eta, nahiz eta tragedia agertu edo tragediatik gertu ibili, helburu horri eusten dio bukaeraraino». Tonu jakin batez ari da betiere. Izan ere, ironiazko begirada gailentzen da liburuan. Tolaretxipi: «Gerra, poeten jazarpen dantza, ibilaldiak, elkarrizketak... kontu ugarirekin muntatu du liburua Kaminskik, baina benetan gelditzen dena, funtsezkoa, bizitza da».

Kulturetan aberats

Kaminskik, irudimena eta asmamena ez ezik, gertaera errealak ere baliatzen ditu, eta zinez garrantzitsua da haren kontatzeko modua: «Maletan errusiar tradizioa eraman zuen AEBetara, baina baita tradizio judua ere; alegia, kontalariarena». Horren ilustragarri, poemetako oin oharrak har litezke: «Ez dira ohiko oin oharrak, narrazioak dira, eta, batzuetan, osatu egiten dute poema». Idazleak lirikotasuna eta narrazioa batzen ditu horrela. Alde horretatik, Musikari ibiltariak atala aipatu du Tolaretxipik, adibide gisa: «Egilearen poeta maiteenak ageri dira hor, eta oso lirikoa da, baina, era berean, poetak pertsonaiak balira bezala ageri dira, eta haiei buruzko istorioak kontatzen dizkigu». Prosa eta lirika batzeak —eta kontatzeko modu berezi horrek— «irakurlea erakarri eta ulermena erraztu» baizik ez dezake egin, itzultzailearen ustez.

«Maletan errusiar tradizioa eraman zuen AEBetara, baina baita tradizio judua ere; alegia, kontalariarena».

ELI TOLARETXIPIPoeta eta itzultzailea

Liburua Odesa hiriari eskainitako oda baten gisan ikusi du euskaratzaileak: «Odesa geografiko eta historikoari batetik, baina baita egilearen irudimenean ageri den Odesari ere» eskainia. Liburuan barrena ageri diren dantza motak (tangoa, polka, flamenkoa eta bestelakoak) hiriko hizkuntza, etnia eta kultura ugarien eta denek batera osatzen duten aberastasunaren irudi dira alde batera, eta beste alde batera, berriz, aurrera egiteko modua: «Bizitzak dakarrena jasateko eta ez erortzeko bidea dira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.