Eli Pagolak irabazi du Hernandorena bertso sariketa

Buruz burukoan, Jon Gurrutxaga izan du lehiakide Pagolak. Bizkaiko Txapelketan, Imanol Uriak irabazi du lehen kanporaketa

Erredakzioa
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hernandorena bertso sariketaren finala jokatu zuten larunbatean Hazparneko Ttattola gaztetxean (Lapurdi). Maialen Akizu, Txaber Altube, Asier Galarza, Jon Gurrutxaga, Eli Pagola eta Aitor Servier ziren finalistak. Irailaren 14an abiatu zuten sariketa, Hendaian (Lapurdi), eta bi kanporaketa egin zituzten segidan; Donapaleun bat, eta Baigorrin bestea (Nafarroa Beherea). Larunbatean, Joakin Arregi, Eneko Bidegain, Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala aritu ziren bertsolariek egindako lana epaitzen —zortziko handian eta txikian, hamarreko txikian, bi punturi erantzuten eta hitza bati bertsoa kantatzen—. Jon Gurrutxaga eta Eli Pagola pasatu ziren buruz burukora, eta azken horrek jantzi zuen txapela —Xabier Hernandorenaren eskutik—. Gurrutxaga, Servier, Akizu, Altube eta Galarza sailkatu ziren, hurrenez hurren, txapeldunaren atzetik.

Bertsularien Lagunak Elkarteak 2005ean antolatu zuen lehen aldiz sariketa, Teodoro Hernandorena kulturgile bertsozalearen omenez. Urte hartan, Oihana Bartrak jantzi zuen txapela, eta Maddalen Arzallus, Unai Gaztelumendi, Ane Labaka, Maindi Murua eta Amaia Iturriotz izan dira txapeldun hurrengo urteetan. Zenbait urtetan, hala ere, irabazlerik gabeko sariketa egitea hobetsi izan dute antolatzaileek.

Bizkaiko Txapelketakoak

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko lehenengo kanporaketa ere larunbatean jokatu zuten, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian. Imanol Uriak lortu zuen finalaurrekoetara zuzenean sartzea, 200dik gora bertsozaleren aurrean. Julen Erezuma, Asier Galarza, Garikoitz Sarriugarte, Paule Ixiar Loizaga eta Ion Berrocal sailkatu ziren Uriaren atzetik larunbatean, hurrenez hurren. Uria Berrizko finalaurrekoan arituko da, azaroaren 18an, eta igandean jokatuko dute txapelketako hurrengo kanporaketa, Santurtziko Serantes aretoan, 17:00etan hasita.

Joan den ostiralean, azkenik, beste saio bat izan zuten bertsozaleek Anoetako Mikelasagasti aretoan (Gipuzkoa). Bertan, I. Pello Errota sariketako bigarren finalaurrekoa jokatu zuten, eta, hala, Eneko Lazkoz eta Unai Gaztelumendi hilaren 20an Asteasuko Iturriondo jatetxean bertso afari formatuan jokatuko den finalerako sailkatu ziren. Asier Azpiroz eta Beñat Lizaso izango dira beste bi finalistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.