Bertsolaritza

Eli Pagola eta Oihana Arana zuzenean sailkatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako

Larunbatean Lazkaon egindako saioan Aranak jaso du punturik gehien: 501,5. Eta Elgoibarren 487,5 puntu jasota gailendu da Pagola. Asteburuan jokatuko dira hurrengo saioak: Hondarribian larunbatean, eta Andoainen igandean.

Oihana Arana bertsolaria, Lazkaon, larunbatean jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetan. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Oihana Arana bertsolaria, Lazkaon, larunbatean jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetan. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Inigo Astiz
2024ko irailaren 23a
10:59
Entzun

Oihana Arana Cardenal bertsolariak larunbatean Lazkaon lortutakoa da orain artean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izan den puntuaziorik handiena. 501,5 puntu eskuratuta, saioko lehena izateaz gainera, final laurdenetarako zuzeneko txartela ere lortu du. Errenterian jokatuko den final-laurdeneko saioan arituko da, beraz, hurrengo urriaren 20an. Atzokoan, berriz, Elgoibarren jokatutako saioan, Eli Pagola sailkatu zen lehena, 487,5 puntu lortuta, eta hura ere zuzenean pasatuko da final-laurdenetara. Urriaren 26an Azkoitian antolatutako final-laurdeneko saiorako txartela lortu du, zehazki.

Larunbatean, Aranaren ondoren sailkatu ziren Iñigo Gorostarzu Etxebeste (471,5 puntu), Beñat Iguaran Amondarain (454,5), Julen Zulaika Alkorta (442), Gorka Maiz Alustiza (441,5) eta Iban Urdangarin Lardizabal (433). Eta atzo, berriz, Pagola gailendu zen, eta bost bertsolari hauek jarraitu zioten sailkapenean: Eneko Araiztegi Agirrek (454,5), Iñaki Apalategi Astigarragak (451,5), Unai Izagirre Etxeberriak (446), Libe Goenaga Arrietak (436) eta Uxue Fernandez Lasak (430).

Oraingoz lau bertsolari sailkatu dira final-laurdenetarako final-zortzirenetan kantatuta. Pagolarekin eta Aranarekin batera, aurreko asteburuan jokatutako bi saioetan Andoni Rekondok eta Amaia Iturriotzek eskuratu zuten final-laurdenetarako zuzeneko pasea. Eta hurrengo saioetan erabakiko dira gainerakoak.

Final-laurdenetarako zuzeneko hiru txartel

Final-zortzirenetako beste hiru saio izango ditu txapelketak. Emanaldi horietako bakoitzean puntu gehien lortu duen bertsolaria ere zuzenean sailkatuko da final laurdenetarako, eta puntuazio orokorraren arabera erabakiko da nor izango diren beste hamazazpi sailkatuak. Eta, horiez gainera, final-laurdenetan hasiko dute txapelketa 2019ko Txapelketan finalean izan ziren sei bertsolariek.

Agin Laburu Rezolak eta Alaia Martinek Eibarren kantatuko dute, esaterako, urriaren 19an. Beñat Gaztelumendik Errenterian hasiko du txapelketa, urriaren 20an. Ane Labaka Maiozek, Azkoitian, urriaren 26an. Oihana Iguaran Barandiaranek Irunen, urriaren 27an, eta Nerea Elustondo Plazaolak, azkenik, azaroaren 3an, Tolosan. Eta hiru finalaurreko izango dira ondoren. Azaroaren 11n Oiartzunen lehena, azaroaren 24an Zarautzen bigarrena, eta abenduaren lehenean Arrasaten azkena. Eta hiru saio horietan erabakiko da nork kantatuko duen abenduaren 14ko finalean. Donostiako Ilunben izango da azken saio hori.

Oraingoz, asteburuan izango dira hurrengo final-zortzirenetako bi saioak. Hondarribian izango da lehena, irailaren 28an, eta Andoainen bigarrena, 29an. Sei bertsolari hauek kantatuko dute larunbateko saioan: Ane Beloki Lopezek, Aratz Igartzabal Bidegainek, Eneritz Artetxe Eizagirrek, Maddi Aiestaran Iparragirrek, Oier Aizpurua Olaizolak eta Unai Gaztelumendi Arandiak. Eta sei hauek, berriz, igandekoan: Aitor Salegi Martijak, Andoni Mujika Izagirrek, Endika Igarzabal Muruak, Eñaut Martikorena Lizasok, June Aiestaran Iparragirrek eta Manex Mujika Amunarrizek.

Sarrerak salgai daude jasa Bertsosarrerak.eus atarian, baita antzokietako txarteldegian saioaren egunean bertan ere, aurretik amaitu ez badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.