Elgetaren bizia bineta artean

Koldo Izagirrek, Dani Fanok eta Garlukek 'Sasi artean Elgeta' komiki albuma argitaratu dute, 'Xabiroi' aldizkarian atalka erakutsi eta gero. Ikastolen Elkarteak eta Trikitixa Elkarteak elkarlanean atera dute

Garluk, Izagirre eta Fano egileak, eta Tellitu, Elustondo eta Antzizar sustatzaileak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Jazinto Rivas Elgeta trikitilaririk mitifikatuenetako bat da. Soinu txikiaren maisua izan zen, eta musika tresna modernizatu zuen alde guztietatik: errepertorioa zabaldu zuen balsak, pasodobleak eta fox-trotak joaz, besteak beste, eta instrumentua bera egokitu zuen, bi oktaba gehituta. Koldo Izagirre gidoilariak, Dani Fano marrazkilariak eta Ekaitz Agirre Garluk koloristak haren bizitza komiki batean jaso dute; ez da biografia bat, haurtzarotik heriotzara arteko zenbait pasarteren kontakizun berezi bat baizik. Xabiroi komiki aldizkarian atalka argitaratu eta gero, atzo aurkeztu zuten Sasi artean Elgeta bilduma, Donostiako Elkar liburu dendako komiki txokoan.

Xabiroi aldizkariak urtero atera ohi du atalka emandako komiki album bat, eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea izan du bidelagun lan horretan Ikastolen Elkarteak. Egileekin batera, aurkezpenean izan ziren Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Agurtzane Elustondo Trikitixa Elkarteko lehendakaria. Gainera, Elustondok trikitiaz girotu zuen aurkezpena, Andoitz Antzizarrekin batera: arin-arin batekin hasi, eta Elgeta kantarekin amaitu. Han zen Elgetaren beraren azken soinua ere, Iker Goenagak egokitutakoa —argazkian, Antzizarren eskuetan—.

Tellituk, Elustondok eta Fanok, Xabiroi aldizkariaren koordinatzaileek, elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute aurkezpenean. Egileen arteko harremana aldizkariaren ezaugarrietako bat da, eta uste dute eragileen artekoa ere emankorra izan litekeela.

Trikitixa Elkarteak proposatu zion Xabiroi-ri elkarlanean komiki bat abiatzea, eta elkarteak argi izan zuen zer pertsonaia aukeratu, Elustondoren esanetan: «Trikitilarion artean mito bat da». Izagirrek Elgetaren biografia idatzi zuen 2001ean (Elgeta, sariaren sustraiak, Trikitixa Elkartea), eta hari eskatu zioten komikira egokitutako kontakizun bat sortzeko. «Elgetari buruz gehiago da ez dakiguna, dakiguna baino, eta hori mauka handia da», esan du Izagirrek. «Libre» aritu dira lanean, biografiaren esparrutik aparte.

Elgetaren bizipenekin batera, garai baten kontakizuna ere egin dute komikian. Marrazkiak joan den mendeko lekuen berregite zehatzak dira, gainera. Trikitilariaren izaeran garrantzitsuak ziren zenbait elementu ageri dira: gerraurreko Eibar (Gipuzkoa), sozialismoa, 36ko gerra, kartzela eta diktadura, besteak beste. Elgeta sozialista zen, «eta sozialista izatea Eibarren gerraurrean komunista izatetik oso gertu zegoen», Izagirreren hitzetan.

Elgetari hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta handik atera zenean, Francoren diktadura garaian, hartu zuen gerora haren bereizgarri bilakatu zen bide bohemioa. «Uko egin zion sistemari. Mendiko bohemio bihurtu zen, baserriz baserri eskolak ematen. Entzun batean dirudiena baino erabaki politikoagoa izan zen, bizi tankera bat ere bazelako. Trikitiaren lehen profesionala izan zen», azaldu du Izagirrek.

Fanoren ustez, anbizio handikoak izan dira hori guztia 46 orrialdetako komiki batean kontatzeko. «Mami handia du: komikiak irakurleari eskatuko dio bere aldetik jartzeko. Hori oso polita da, eta komikiak berezkoa du: azken finean, komikiaren gakoa elipsia da, bineten artean gertatzen dena, eta parte hartze hori da zaletasunaren muina».

Bakoitzak gorago

Izagirrerentzat lan nekeza izan da komikiaren gidoia idaztea. «Ez nekien komikietarako idazten. Danik pazientzia handia izan du nirekin. Nik jartzen nuen: 'Badoa errenka'. Eta berak: 'Ez, ez doa'», kontatu du, kidearen barre artean. «Testuarentzat beti da aberasgarria irudigile batekin lan egitea. Irudiak askotan adierazten du hitzetan adierazita dagoena, eta, orduan, kentzen ikasi behar da, garrantzitsuenarekin geratzeko». Istorioak ez du narratzailerik: irudiek eramaten dute kontakizuna, eta haien bidez egiten dira elipsiak. Tarteka, kopla batzuk sartu dituzte, eta Izagirrek nabarmendu du kopla horiek ez direla testu soila, marrazkiaren parte baizik.

Hiru kideak eroso aritu dira elkarrekin lanean. «Bidaltzen zizkidatenean orriak marraztuta eta gero margotuta, gozamen hutsa izan da», esan du Izagirrek. «Horrelako talde lan batean saiatzen zara jasotzen duzuna pixka bat gorago eramaten. Nik, marraztuta, gidoia pixka bat gorago uzten nuen. Eta Ekaitzek, gorago». Fanok lehen aldiz egin du lan kolorista batekin, eta pozik dago emaitzarekin: «Ez nituen nire marrazkiak ezagutzen berak bidaltzen zizkidanean!».

Garlukek zenbait komikiri eman izan die kolorea azken urteetan Frantziako merkaturako. «Kolorea sartzeak bi funtzio nagusi dauzka: girotzea eta narratibari laguntzea, orriak esan nahi duena indartzea». Fanok ideia hori bera errepikatu du: «Ez da marrazkia koloratu behar, baizik eta istorioa. Sartu ditu bineta batzuk narrazioari sekulako mesedea egiten diotenak».

Izagirrek Elgetaren garaiko euskara erabili du komikian: «Dialektala baina estandarra, nolabait esateko». Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeñak eta Asier Sarasuak lagundu diote garai hartan erabiltzen ziren hitzak eta esaerak sartzen: «Hasieran, nire asmoa ñabardura batzuk jartzea zen, baina konturatu nintzen gehiago behar zuela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.