Donostiako 72. Zinemaldia

Elena Iruretak jasoko du Zinemira saria

Donostiako 72. Zinemaldiak 20 euskal ekoizpen emango ditu; horietatik erdiak Irizar sarirako aurkeztuko dira. Ia sail guztietan egongo da haietako baten bat, eta Zinemira sailean, gainera, zortzi estreinaldi izango dira.

Elena Irureta Donostiako 72. Zinemaldiko euskal ekoizpenen aurkezpenean, Tabakaleran. JUAN HERRERO / EFE
Elena Irureta Donostiako 72. Zinemaldiko euskal ekoizpenen aurkezpenean, Tabakaleran. JUAN HERRERO / EFE
Donostia
2024ko abuztuaren 30a
17:24
Entzun

Nazioarteko ospea izan zuten artistak, langile klasearen gorabeherak eta emakumeen eskubideen aldeko borroka izango dituzte ardatz, besteak beste, Donostiako 72. Zinemaldiko euskal ekoizpenek. Guztira hogei obra aurkeztuko dituzte, eta ia sail guztietan egongo da baten bat; Zinemira sailak, esaterako, bederatzi emango ditu, eta aurtengo sail horretako saria, gainera, Elena Iruretari emango diote. Zumaiako aktore, gidoigile eta zuzendariak, besteak beste, Bi eta bat eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartu du, baita Aupa Etxebeste! eta Urte berri on, amona filmetan ere.

Euskal ekoizpenak sail hauetan aurkeztuko dituzte: Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoan, Haurrentzako Zineman eta EITB Gala sailetan.

Zinemirak —euskal ekoizpenei eta euskal zinemari propio eskainitako sailak— bederatzi lan proiektatuko ditu, eta horietatik zortzi estreinaldiak izango dira. Raul de la Fuenteren Los Williams dokumentalak emango dio hasiera; eta Carmen Chaplinen Chaplin | Espiritu gitano filmak, berriz, amaiera. Hiru obra, gainera, euskara hutsean izango dira: Pello Gutierrezen Erreplika, Naia Lakaren Zortzitik infinitura eta Amaia Merino eta Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak. Azken hau lehiaz kanpo emango dute da, eta aurtengo Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten.

Lehen pelikulak Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten harira Gutierrezek izan dituen barne gatazkak ditu ardatz; bigarrenak, Benito Ansola zinemagilearen bizitza oinarri hartuta, euskal zinemagintzaren errepasoa egiten du; azkenak euskal gatazka du hizpide: ETAk familia bahitu; ondoren, Espainiako Estatuak aita torturapean hil, eta protagonistak handik 40 urtera egiten duen ikerketa du gai nagusi.

Horrez gain, Sail Ofizial eta Zuzendari Berriak sailetako bi film ere Irizar saria lortzeko lehian egongo dira: Soy Nevenka (Iciar Bollain) eta Azken erromantikoak (David Perez). Lehen filmean, 2000n Ponferradako (Espainia) Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernandezek jasan zuen jazarpenaren ingurukoak kontatzen dituzte; bigarrenean, bizimodu xumeko emakume bati bularrean koskor bat antzeman, eta horrek eraginiko aldaketak jaso dituzte. Hamar ekoizpen lehiatuko dira, beraz, 20.000 euroko saria lortzeko.

Sail Ofizialean beste euskal ekoizpen bat ere izango da, baina lehiaketatik kanpo proiektatuko dute. Alauda Ruiz de Azuaren Querer telesailak indarkeria matxista du gai nagusi: 30 urte ezkonduta egon ondoren, emakume batek senarra salatuko du etengabe bortxatzeagatik, eta horrek familian zer eragiten duen kontatzen du. Made in Spain saileko Nina filmak, berriz, emakume bat dut protagonista, jaioterrira itzuli dena iraganeko pertsonen kontra mendeku hartzeko.

Veneziatik Donostiara

Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako azken lana, Marco, Orizzonti sailean aurkeztu zuten atzo Veneziako Zinemaldian. Euskal ekoizpen honek Enric Marcoren bizitza du ardatz. Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) sindikatuko Espainiako idazkari nagusia izan zen protagonista, baita Mauthausengo Amical elkarteko lehendakaria ere. Nazien kontzentrazio esparruetan egondako biktimen eledun eta ordezkari bihurtu zen Marco; dena iruzurra zela aitortu behar izan zuen arte. Donostiako 72. Zinemaldiko Perlak saila itxiko du film honek, eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak adierazi du «ohore handia» dela.

Culinary Zinema saila, berriz, El Hoyo 2 filmak itxiko du. Milena Smit eta Hovik Keuchkerian ditu protagonista filmak. Hartan, arauak aldatzen saiatuko den lider baten aurka altxatuko dira herritarrak. Beste filmei dagokienez, Go!azen eta Itsatsita telesailen estreinaldia ere izango dute Belodromoan eta EITB Galan.

Ingurumen krisi baten ondorioz komunitate baten bizipenak kontatuko ditu Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) filmak; eta El tercer paisaje filmean Omako baso kaltetuaren eta Agustin Ibarrola artistaren inguruan arituko dira. Biek natura jomugan jarriko dute, eta Nest eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan proiektatuko dituzte, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.