Emakume musikariak jaialdietan. Testigantzak

Elena Caballero: «Ezin naiz kokatu ez han ez hemen»

Elena Caballero 'La Basu'-k urteak daramatza rap munduan. Ez da samurra izan ibilbidea: arrotz sentitzen da erdal giroan eta gizonez inguratuta, bera euskaraz ari den emakume rap kantaria baita.

LAURA ESPAÑA.
Maider Galardi
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun

Gizonezkoen mundu bat da musika jaialdiena». Argi du Elena Caballero La Basu rap abeslariak (Etxebarria, Bizkaia, 1983). Uste du festibal guztietan gertatzen dela gauza bera, baina raparen eremuan handiagoa dela arrakala, are gehiago Euskal Herrian: «Hemen ez da halako jaialdirik egiten, eta antolatzen direnetan emakumerik ez dago ia». Gutxi ari dira rapean, eta are gutxiago dira emakumeak. Zer esanik ez euskaraz. 2016an egin zuen berak apustu hori Izotz erregina lanarekin, eta urtebetera berretsi zuen bide hori Ni naiz izotz erregina diskoarekin. «Arraro» sentitzen da, hala ere: «Oholtzara igotzen garenean, oraindik arraro begiratzen gaituzte, bai albo batekoek, bai bestekoek; are gehiago, emakume izanda». Ertzetik ari da La Basu, eta, sona lortu badu ere, oraindik bere lekua egiten ari da taula gainean: «Ezin naiz kokatu ez han eta ez hemen».

Gazte zela hasi zen rapean, eta berehala nabaritu zuen ez zela gune erosoa izango: «Nik haien modukoa izan nahi nuen, haien moduan janzten nintzen, baina segituan sentitu nuen gizonezko helduen eremu bat zela». 1999an sortu zuen andrez osatutako lehen rap taldea: Jungla Urbana. Ez zuten, ordea, laguntza ekonomikorik lortu, eta bere horretan desagertu zen taldea. Ordutik, bakarrik egin du ibilbidea, eta aitortu du «bakarrik» sentitu dela askotan. Izan ere, rap abeslari emakumeak badaude ere, askotan ikusezinak dira, La Basuren ustez. Berak lortu du azken urteetan oihartzuna, eta apurka egiten ari da lekua oholtza handietan.

Aldaketaren beharra

Edonola, uste du aldaketa mantsoegi gertatzen ari dela musika munduan: «Badaude egitasmoak, mugimendu feminista ere topera dabil, baina oraindik oholtza gaineko parekidetasunetik oso urrun gaude». Horren adibide, Euskal Herriko jaialdi ezagunen kartelak goitik behera begiratzeko ariketa proposatu du: «Apenas dagoen emakumerik, baina bada beste ezaugarri bat: ia beti ekartzen dituzte talde berak». Hortaz, rap abeslariarentzat, gakoetako bat da antolatzaileen musika erreferentziak ere aldaraztea.

Hain justu, bai La Basuk eta baita Aneguria kideak lortu dute halako erreferentzialtasun bat, baina Caballerok ohartarazi du ez dela nahikoa andrazkoak andrazko izateagatik soilik gonbidatzea jaialdietara: «Gertatu izan zait kuota betetzeko deitzea, baina nire kontratazioak nik antolatzen ditut, eta horrelakoetan ezetz esaten dut». Gainera, uste du jaialdietako antolatzaileek erantzukizuna kentzeko egiten dituztela halako kontratazioak, eta benetan, erroan, ez dagoela oholtzetako panorama aldatzeko intentziorik.

Are gehiago, azpimarratu du berak lortu duela oihartzuna, baina euskal emakume rap abeslari gehiago egon badaudela: «Iaz sortu genuen Woman Powah Bilbon, eta elkartu ginen gutxienez bost emakume». Las Tea Partyk eta Aneguriak ere bat egin zuten egitasmoarekin.

Horregatik, Caballerok nabarmendu du emakume musikariak badaudela, baita rapean ere. Kontua da gune erosoak sortzea andre horiek beren egingo dituzten espazioetan jarduteko. Bide horretan, La Basuk badu proiektu bat: Eskina Femeninan arlo horretako emakumeak biltzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.