Elena Aitzkoa ariko da Praxis programan

Performance batekin hasiko du gaur Artium museoan egingo duen egonaldia; maiatzaren amaiera arte egongo da

Erredakzioa
Gasteiz
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Artium museoko Praxis programarako prestatu duen proiektuaren barruan, Elena Aitzkoa artistak (Apodaka, Araba, 1984) bere lantegi bihurtuko du gaurtik maiatzaren amaierara arte museo horretako Iparra aretoa, han hainbat lan garatzeko, eskulturak batez ere, pixkanaka-pixkanaka aretoari edukia emanez joango direnak. Artista han izango da egunero, lanean, eta ikusi nahi duenak zabalik izango ditu ateak. Emakume primitiboa izenburua ezarri dio artistak egitasmoari.

Proiektuak dirauen bitartean, Aitzkoak hiru performance egingo ditu, horietako lehena gaur, 20:00etan: Murkoaren kokagunea. Performancea egitearekin batera La revolución de las extremidades poema liburua aurkeztuko du (Gorputz adarren iraultza), artistak berak idatzia eta Lalavandera argitaletxeak kaleratu berria. Emakume primitiboa egitasmoak, Praxis programako beste proposamen batzuek bezala, bere fanzinea du, Blanca de la Torre izan du komisarioa eta Artium museoak ekoitzi du.

«Praxis programako beste proiektu batzuen antzera, Emakume primitiboa ere areto huts batekin hasiko da», Artiumeko arduradunek adierazi dutenez. «Elena Aitzkoak han lan egingo du, eta han erakutsiko ditu, sortu ahala, bere lanaren emaitzak. Bisitariek bere sortze prozesua ikusi ahal izango dute, eskulturen bilakaera bereziki. Aitzkoak bere pieza txikiak gauza arruntak erabiliz nola sortzen dituen ikusi ahal izango da, esate baterako, harriak, egur zatiak eta oihalak. Gai horiek manipulatu, elkartu eta banatu, eta azkenean elkarrekin korapilaturik edota bestela kokaturik uzten ditu, betiere kutsu poetiko handiz. Marrazkiek eta testuek ere tokia izango dute Praxis gunean».

Praxis programan Guillem Bayo, Eltono, Wilfredo Prieto, Beatriz Olabarrieta, David Maroto, Juanli Carrion, Jenny Marketou, Itziar Barrio, Avelino Sala, Robert Waters, Jacobo Castellano eta Vicente eta Fernando Roscubas anaiek parte hartu dute orain arte, Aitzkoaren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.