Itziar Ituño. Aktorea

«Elementu fantastikoak zorrotzak dira; harridura eragiten dute»

2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Unibertsitatean zegoela ezagutu zuen Itziar Ituñok (Basauri, Bizkaia, 1974) Igor Legarreta, aktorearen bigarren film laburreko zuzendaria izan baitzen. Ilargi guztiak lanak elkartu ditu berriro.

Zure pertsonaiak banpiroen mitoa gorpuzten du, baina eraldatu egiten du. Nola?

Era sakon batean planteatzen da, mitotik harago. Aspaldi jaio zen, gizon batek oparitu zion edo madarikatu zuen betiko bizitzarekin. Eta orain ama izan nahi du: hilzorian dagoen neskatila bat topatu du, eta opari berbera egin nahi dio. Inoiz berak ere bizitza normala izan zuen. Orain, gizon bat dauka; gutxi kontatzen da nolako harremana duen harekin, baina uste dut pasatu diren mendeek pisua izan dutela, eta bizirik sentitzeko bestelako konpainia bat behar duela, estuagoa; horregatik bilatzen du alaba bat.

Zer nabarmenduko zenuke zure pertsonaiatik?

Ez duela izenik. Gidoian Emakumea agertzen da. Pentsatu nuen: «Zelan hasiko naiz lantzen?». Aspaldi jaio zen, horrenbeste denbora darama Lurrean... beharbada bere izena ere ahaztuko zuen.

Elementu fantastikoek arindu egiten dute gai batzuek sortzen duten eragina?

Zorrotzak dira. Errealismoz landuta daude pelikula, interpretazioa eta emozioak, eta, momentu fantastikoak agertzen direnean, harridura eragiten dute. Uste dut nahasketa hori berezia, bitxia eta kuriosoa dela, eta funtzionatzen duela. Interpretazioaren alde jokatzen du horrek. Oso pelikula poetikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.