Elektrizitate enbata

Zea Maysek energiaz beteriko kontzertua eman du Donostiako Viktoria Eugenian. Adarra saria jasotzeko ekitaldia izanik, Bilboko laukoteak hainbat gonbidatu izan ditu oholtzan.

Elena Setien kantaria izan zen Zea Maysen kontzertuko gonbidatuetako bat. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Udaberriak udari lekua utzi zion egunean, kanpoaldean langarra nagusi zenean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokia labe bero bilakatu zen. Negua azkenean joan dela ospatzeko eta udari behar bezalako ongietorria egiteko eguna izan zitekeen, baina antzoki dotorean bildutako jendetzak -bete egin zen- beste ospakizun bat zuen buruan. Zea Maysek Adarra saria jaso behar zuen, Donostia Kulturak 25 urtetik gorako ibilbideari egindako aitortza.

Antzokian sartzean begiek lehendabizi antzemandakoa: Zea Maysek ikusleria oso heterogeneoa biltzen du, baina nabarmen ziren emakumeak ikusleen artean, eta arreta pizten zuen adin txikikoen eta, batik bat, nerabe izatera iristen ez diren gaztetxoen presentziak. Haietako batzuek, gainera, aurikularrak zeramatzaten jantzita, etor zekiekeen soinu eztandaren esperoan.

Orain dela hiru urte, 2020ko ekainaren 12an, Zea Maysek antzoki berean jo zuen, pandemiaren ondorioz ezarritako neurri murriztaileak laxatu zirenean. Orduko hartan, ikusleek maskara eta guzti egon behar izan zuten saioan, eta antzokiaren edukiera ere erdira murriztu behar izan zuten. Herenegun, ordea, inolako neurririk gabe eta aretoko eserleku guztiak beteta zirela igo ziren oholtzara Aiora Renteria (ahotsa), Iñaki Imaz Piti (gitarra), Ruben Gonzalez (baxua) eta Asier Basabe (bateria), Zea Mays hasieratik osatu duten lau kideak.

Ospakizun eguna zen, eta hasieratik nabaritu zen hori. Taldeak Eneko Goiaren eskutik Marijose Rekalderen garaikurra jaso ostean, Igor Elortza igo zen agertokira, Rafa Ruedak gitarrarekin lagunduta, bertso bidez adierazteko Zea Maysek egindako bidea sari bat izan dela zaleentzat. Segidan igo ziren, berriro ere, lau taldekideak oholtzara, ezinbestean berezia izan behar zuen kontzertua emateko.

«Zea Mays gara» esanez abiatu zuten emanaldia, ozen baina, aldi berean, oso garbi eta zehatz. Adore-ren doinu melodikoa izan zen lehenengoa, eta jarraian iritsi ziren Adore, Kemena, Kuraia eta Haizearen jainko beltza, eta erakutsi zuten taldea, estilo propioa izanda ere, erosotasunez mugitzen dela rockaren askotariko ertzetan.

Kontzertua lagunekin batera gozatzekoa ere bazen Zea Maysentzat, eta, Zuk borroka hasi abesteko, lehen gonbidatua igo zen agertokira: Elena Setien. Setienek berehala bereganatu zuen publikoa, lehendabizi Renteriarekin bi ahotsetara abestuta, eta amaieran, antzokitik kanpo ere entzuteko modukoak izan ziren garrasiekin.

Renteriak berak esku batekin jotzen zuen teklatu txiki batekin hasi zen Kuraia, eta Adore, Kemena, Kuraia taldearen azken diskoan bezala, segidan iritsi zen Ez naiz ni, Olaia Inziarteren ahots kolaborazioarekin, eta diskoan baino indartsuago.

Kontzertuaren lehen partea taldearen azken lanetan oinarritu bazuten ere, Pitiren gitarra akorde leun eta garbiek Zea Maysen klasiko bat iragarri zuten: Elektrizitatea. Goxo hasi zuten kantua, baina apurka-apurka elektrizitatez eta intentsitatez jantziz joan ziren, eta, une batez, bazirudien Renteriaren ahotsa haustera ere iritsiko zela. «Energiak lur jausira narama, ni neu ere energia banaiz / Lurrean betirako idatzirik geldituko naiz. / Elektrizitatea banaiz, elektrizitatean banaiz / Lurrean idatzirik geldituko naiz», kantatzen zuen Renteriak, eta ez zegoen ezer ukatuko zionik. Energia bete-betean.

Azken diskoan Doctor Deseo-ren Corazón de tango kantuaren bertsio dantzagarria egin du Zea Maysek, eta, iragarrita zegoen bezala, Francis Diezek lagundu zuen Renteria ahotsekin. Diezek showman-a darama barnean, eta Donostian ere ez zuen ezkutatu bere alderdi hori, ikusleen gozamenerako.

Hala ere, gonbidatuek inoiz ez zioten kendu protagonismorik taldeari, zeinak pasarte ilunak (Kea), rock gogorreko gitarrak eta pop dantzagarri sinkopatua (Bi bihotz, bi ero) uztartu zituen emanaldian. Azken horren erdian, gainera, The Clash-en London Calling-en pasarte bat ere tartekatu zuten.

Oihu-k eta Enbata ederrak aurrelana eginda ailegatu zen gaueko tarterik hunkigarrienetako bat. Negua joan da ta Zea Maysen kanturik ezagunenetakoa izango da —ezagunena ez bada—, eta, zuzenean jotzeko, abesti horren bideoklipean laguntzaile eta aktore izan zutena gonbidatu zuten,Ainhoa Moiua, keinu hizkuntzaren eta gorputz mugimenduen bitartez Renteriaren ahotsak esaten zuena irudikatzeko.

Kontzertua amaierara iristen ari zen, eta, ordurako, antzokian bildutako jende guztia zutik zegoen. Besterik ez naiz bizi eta itsaskorra abestera Rafa Rueda igo zen, bigarrenez, eta, jarraian, taldekideek oholtzatik alde egin zuten. Artean beste hiru kantu gelditzen zitzaizkien jotzeko, ordea: Gaur, Hondarretik Ondarroara eta taldearen beste pieza enblematiko bat, Kukutza III, Gorka Urbizuren ahots gonbidatuarekin.

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxearen ereserki bilakatu zen kantuan aipatzen dituzten taupadak gonbidatu guztiek jotako danbor hots bilakatuta alde egin zuten azkenik. Udaberriari agur esan eta udari ongietorria emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.