Elbereth taldeak uraren berezko jariotasun berberaz egin dezake kanta berean black metal ilunenetik hasi eta thrash metal bizienerako bidea, gero, berehala heavy metal klasikoagora pasatu, eta lelo melodiatsu baten ostean, death metal pasarte batekin amaitzeko. «Metalik entzuten ez duen norbaitentzako, igual, kanta guztiak berdinak direla irudituko zaio», onartu du Aritz Legorburu taldekideak, «baina metalaren munduan dagoen jendeak bai igarriko ditu ñabardura horiek, eta gu beti saiatzen gara diskoak, ahal dela, bariatuak izan daitezen, eta metalaren adar batetik bestera ahalik eta erarik naturalenean joaten». Bosgarren estudioko lana eman du orain argitara, eta taldearen estilo artekotasun horren froga da lana: Omen (Basque Metal Country).
Legazpin (Gipuzkoa) sortu zen taldea, 2001. urtean, eta, beraz, 25 urte beteko ditu laster. Legorburuk onartu duenez, heavy metal klasikoagoa lantzen hasi zuten ibilbidea, baina metalaren bestelako esparruetara jotzen bukatu dute urteekin. «Heavy klasikoa eta power metal pila bat entzuten genuen hasieran, eta gero joan gara entzuten beste gauza batzuk. Nik, adibidez, igual, death eta black metala egin ditut batez ere, eta beste batzuek thrash metala gehiago, eta eboluzio hori ere nabaritu da musikan».
«Heavy klasikoa eta power metal pila bat entzuten genuen hasieran. Gero beste gauza batzuk entzuten joan gara, eta eboluzio hori ere nabaritu da musikan»
ARITZ LEGORBURUElbereth taldeko baxu jotzailea
Eta, dioenez, bada Omen diskoan bereziki aipatzekoa den elementu bat ere. «Nahiz eta musika batzuetan oso gogorra izan, ahotsaren lanketa orain arte baino melodikoagoa izan da». Eta, hain zuzen ere, Bidelagun abestiaren lelo itsaskorra izan daiteke horren adibide.
Bost kide ditu taldeak, eta gitarra jotzen dute haietako hiruk: Iker Manso kantariak, Ruben Sanchezek eta Julen Albizuk. Xabier Etxeberriak jotzen du bateria, eta baxua, berriz, Legorburuk. Kolaborazio bat ere badu diskoak, gainera. Su ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek ere kantatu du Begi izkutua kantuan, eta, Legorbururen hitzetan, hain zuzen ere, kantu horri Su ta Gar taldearen aire bat igartzen ziotelako egin zioten proposamena. «Zortzi abestirekin, printzipioz, diskoa jadanik itxita genuen, baina Iker [Manso] hasi zen jotzen riff bat, elkarri begiratu eta esan genuen: 'Hau Su ta Gar da!'. Hurrengo egunerako landu zuen pixka bat gehiago, denok elkarrekin jo genuen, eta hurrengo egunean bertan idatzi genion Aitorri [Gorosabeli], eta baietz esan zigun».
«Gu ez gara ezkutatzen», hasi du azalpena musikariak. «Abesti bat konposatzen hasten garenean, letra lantzen hasi aurretik, talde baten izena izaten du titulutzat. Begi izkutua zen Su ta Gar eta Sorginak zen Gojira. Eta Gorosabelek ahotsa sartzea guretzako izan da opari bat».
Sorkuntza prozesua
Hala sortu ohi dituzte kantak. Legorburuk azaldu duenez, riff edo melodiaren batekin hasten dira kantak sortzen, baina, gero, entsegu lokalean osatzen dituzte. «Pixka bat analogikoak gara gu», esan du barrez. Eta horrek ere badu musikan eraginik, baxu jotzaileak dioenez, horrek uztartu egiten baititu taldekide bakoitzak dakartzan eraginak. «Abestiak lantzen hasten garenean, igual, hartzen ditugu lantzen ari garen beste kanta bateko ideiak, eta, horrela, hasieran bi kanta zirenek, azkenean, kanta bakarra izaten bukatzen dute».
Bergarako Esnse estudioan (Gipuzkoa) grabatu dute diskoa. Metal progresiboa lantzen duen Lampr3a taldeko Borja Gomez bateria jotzaileak, Borja Mintegia gitarristak eta J. I. Izagirre baxu jotzaileak jarri dute martxan proiektua, eta, Legorburuk dioenez, Elbereth taldeko kideak ere pozik geratu dira bertan lortutako emaitzarekin. «Batez ere gertutasuna nahi genuen», azaldu du, «eta guretzat oso erraza izan da horregatik. Lanetik atera, hara joan, egin behar zena egin eta buelta».
Borja Gomez aritu da teknikari lanetan. Lambr3a taldean ez ezik, Soziedad Alkoholikan ere jotzen du bateria, eta, Legorburuk onartu duenez, horri esker, bereziki landuta dago bateriaren soinua diskoan. «Bere bateria utzi digu eta oso ongi kontrolatuta du haren soinua. Inoiz baino gehiago disfrutatu dugu. Disko honetan, horregatik, bateriaren soinua da aurreko lanekiko igar daitekeen diferentziarik handienetako bat».
Andoni eta Igor, gogoan
Diskoarekin batera, 130 orri inguruko liburu bat ere eman dute argitara, eta bertan Andoni eta Igor dira protagonista nagusiak. Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi, hain zuzen ere. Legazpin (Gipuzkoa) herri mugimendu askotan oso aktibo izan ziren biak, eta, horrez gainera, Elbereth-en letragilea ere izan zen Iñurritegi. 2023an hil ziren biak Lleidan (Herrialde katalanak) izandako auto istripu batean, eta kolpe gogorra izan zen hori taldekideentzat. Haiei buruzko kanta bat sortu zuten lehenik —Argia itzali da—, baina, azkenerako, disko osora zabaldu zen haien omenaldia, eta, horregatik, haiek dira diskoarekin batera kaleratu duten liburuko bi protagonista nagusiak ere.
«Une honetan gaztetxe askotan barne gorabehera asko dituzte eta ez da erraza kontzertu bat eskaintzea. Baina guk Euskal Herriko gaztetxe guztietan ez bada, gehien-gehienetan jo dugu»
ARITZ LEGORBURUElbereth taldeko baxu jotzailea
Taldearen ia 25 urteko ibilbidearen errepaso moduko bat ere egiten du liburuak, eta behin baino gehiagotan nabarmentzen da bertan gaztetxeek zein herri mugimendu alternatiboek izan duten garrantzia. Baina, Legorburuk, onartu duenez, aldatzen sumatu dute eszena azkenaldian. «Une honetan gaztetxeena beherakadan dago. Haietako askotan barne gorabehera asko dituzte eta ez da erraza kontzertu bat eskaintzea. Baina guk Euskal Herriko gaztetxe guztietan ez bada, gehien-gehienetan jo dugu».
Euskal Herritik kanpo ere maiz aritu dira zuzenean, eta Legorburuk dioenez, beti izan dute harrera ona. «Euskaraz abesten dugu, eta tratua beti oso-oso ona izan da, eta jotzen ari zarenean jendeak metaleatu egiten duzula ikusten duenean, erantzuna oso ona izaten da. Aurreko bi diskoek, adibidez, oso harrera ona izan zuten Espainia mailako hedabide alternatiboetan, kasik Euskal Herrikoetan baino hobea».
Hilabeteak baino ez dituzte falta 15 urteak betetzeko, eta hainbat kontzertu dituzte itxita diskoa zuzenean aurkezteko.
KONTZERTUAK