Elaien joan-etorriak berreginez

Pirinioak oinez zeharkatuta Maulera lanera joandako milaka emakumeren istorioa kontatzen du 'Ainarak' dokumentalak, Anne Etxegoien kantaria gidari dela. Etzi helduko da filma aretoetara

Ainhoa Sarasola.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Udaberrian, giroa epeltzen hastean, ikusi ahal izaten dira aurreneko enarak Euskal Herriko zeruetan, eta uda igarota itzuli ohi dira urtero hegoaldeko lurretara, freskatu ahala. 1870 eta 1940 bitartean, Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) mendialdeko milaka emakumek Maulerako bidea hartzen zuten urriaren hasieran, espartingintzan jarduteko, eta, udaberriko elurrak urtu arte, ez ziren etxera itzultzen. Andre haiei ainarak esan izan zaie, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako eta beltzez jantzita joan ohi zirelako. Eta haien historia Ainarak dokumentalean bildu dute orain Juan San Martin eta Ritxi Lizartza zuzendariek. Ainaren ibilbide bera berregiten du filmean Anne Etxegoien kantari eta musikagileak, eta bidean topatuko dituen aditu, lekuko eta senideen bidez ezagutaraziko ditu neska gazte haien istorioak. Filma etzi iritsiko da zinema aretoetara, bainaBERRIAlagunentzat propio antolatutako emanaldi bat egingo dute gaur iluntzean, Gasteizko Artium museoan.

Maluta Films eta 601 Producciones ekoiztetxeek berreskuratu dute Erronkari, Zaraitzu, Anso eta Echo haranetatik Zuberoara espartinak jostera joaten ziren neskatilen historia. Migrazio mugimendu bat du hizpide, Lizartzak nabarmendu duenez, ezaugarri bereziak ere badituena: «Emakumeen migrazio bat zen; sasoikoa zen, urritik maiatzera bitartekoa; eta lanagatik egiten zuten».

Bidea oinez egiten zutela azaldu du zuzendariak, eta ez zela batere erraza izaten, «lehen elurteak urrian izaten zirelako, joaten zirenean». Ohartarazi du berez 15 urtetik aurrerako neskak izaten zirela, baina 12 urtekoak ere joan ohi zirela. Eta bidaia bakarrik ez, behin Maulera iritsita han ere baldintza gogorrak izaten zituztela. «Etxean aho bat gutxiagori jaten eman behar izateko eta bizimodua aurrera ateratzeko joaten ziren. Eta baldintza txarretan aritzen ziren han, ordu asko lan eginez eta diru gutxi jasoz». Fenomeno horren neurria erakusteko, datu bat eman du: dokumentatuta dagoenez, 1911n 933 neska joan ziren, eta litekeena da denak zenbatuak ez egotea. «Beraz, milaka emakumeri buruz ari gara».

Lauzpabost urtez aritzen ziren lanean gehienak, joan-etorrian: udaberrian, etxera itzultzen ziren senideei laguntzera, eta beren sorterrietan zein Maulen beren bizimodua eraiki ondoren uzten zioten askok lanera joateari.

Pena du Lizartzak: «Ainararik gazteena 2000. urtean hil zen, eta haiek gabe egin dugu filma». Baina haien istorioa ezagutarazteagarrantzitsua dela uste du, eskualde horietan bai, baina handik kanpora askok ez baitute ezagun izango. «Istorio hau kontatzeko zegoen. Egin dira gauza batzuk: 2000. urtean, Ikerzaleak elkarteak Veronique Intxausperen ikerketa argitaratu zuen. Baina, orduz geroztik, ez zegoen ezer bilduta, eta ezagutarazteko modukoa zela pentsatu genuen». Protagonistak andreak izateak badu zerikusirik ahanztura horretan, zuzendariaren ustez. «Guretzat, garrantzitsua zen merezi duten errekonozimendua ematea. Istorio eredugarria da, elkartasunezkoa, emakumeen arteko babesa erakusten duena; oso baldintza txarretan egonik ere, dena partekatu, eta elkarri laguntzen zioten».

Etxegoienen musika

2020ko urritik 2021eko ekainera Nafarroan, Zuberoan eta Aragoin filmatu zuten dokumentala, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta aragoieraz. Marga Gutierrez arduratu da gidoiaz, eta Quim Torrens argazki zuzendaritzaz. Narrazioaren gidaria Etxegoien izanik, musikak ere badu pisua; hark konposatu du soinu banda, ainarek kantatzen zituzten kopla zahar batzuk oinarri hartuta.

Transmedia proiektu zabalago baten parte da filma, webdok bat ere osatua baitute gaiari buruzko informazioarekin —ainarak.eus helbidean dago ikusgai—.

Etzitik aurrera, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Maule, Aragoi, Madril eta Kataluniako hainbat aretotan estreinatuko da lana, eta aurrestreinaldi bat ere egingo dute Anso ibarrean, bihar. Beste udalerri batzuetatik ere dei ugari jasotzen ari direla adierazi du Lizartzak, eta gogotsu daudela lana leku gehiagotan erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.