'El polvo ya no nubla nuestros ojos' filma garaile Ikuspuntun

Comes Chahbazianek lortu du zuzendari onenaren saria ('Notre village')

Jaialdiko saridun guztiak, atzo, Iruñean. IKUSPUNTU.
Andoni Imaz
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Iraganaren kontakizunak eta haien analisi politikoak nabarmen ageri dira Ikuspuntu zinema jaialdian saritu dituzten lan askotan. Hasteko, sari nagusiak irabazi dituzten bi filmetan. Colectivo Silencioren El polvo ya no nubla nuestros ojos lanak eskuratu du filmik onenaren sari nagusia: Peruko borroka historikoen oroitzapen multzo bat du oinarrian. Zuzendaririk onenaren Jean Vigo saria, berriz, Comes Chahbaziani eman diote, Notre village lanagatik: Karabakh Garaiko gerra du hizpide, 1990eko urteetako borrokaren oihartzun gisa ulertuta. Atzo banatu zituzten XVII. Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko sariak, Iruñean.

Angel Santos Touza, Hama Haruka eta Marcos Uzal epaimahai ofizialeko kideek Sharon Lockharten Eventide filmari eman diote laburrik onenaren saria. Honela azaldu dute: «30 minutuko plano bakar bat da, bikaina bezain misteriotsua, hedatu egiten baititu naturaren ederra —zerua, itsasoa, lurra, landaretza...— eta zinemaren funtsa: argia eta iluna, denbora eta espazioa».

Atzoko eta gaurko krisiak

Alassane Diago zinemagilearen Maayo Wonaa Keerol lanak irabazi du ikusleen sari berezia; 1989an Senegal ibaiaren bi aldeetan gertatutako sarraskiei buruzkoa da. Gazte epaimahaiak LydieWisshaupt-Claudelen Éclaireuses filma saritu du, Bruselako erdigunean eskolatu gabeko haurrak hartzen dituen zentro baten inguruko lan «sutsuki politiko» bat. Kontatu dute gai dela ikuslea «etengabe harritzeko», eta «gaur egungo krisari aurre egiteko adibide bat» erakusten duela. Epaimahai horrek aipamen berezia egin dio, era berean, Julius Richard Tamayoren Apocalipsis 20 21 22 filmari.

X Films sailean, jaialdiak hiru egile gonbidatzen ditu Nafarroan dokumental saiakera baten proiektua aurkeztu eta filmatu dezaten. Epaimahaiak (Marian Fernandez Pascal, Ramiro Ledo eta Gloria Vilches) Anna Lopez Lunaren Tránsitos hautatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.