Ekuador eta Kolonbiako gomitak izanen ditu nagusi aurtengo ekitaldian Baionako Translatines jaialdiak. Hango antzerkitik izan daitekeen hoberena ikusteko parada, hitzorduaren antolatzaile Chimeres antzerki taldekoen iduriko, urriaren 12an hasi eta 19a arte. Ekuadorri dagokionez, hiru antzerki obraren bidez, bertako antzerkigintzaren «bizitasuna, asmatzeko gaitasuna, fantasia, gosea» dastatzeko parada; hala zehaztu du Chimeres taldeko buru eta jaialdiko arduradun nagusi Jean-Marie Broucaret-ek.
Horren lekuko zuzen, Vuelta taldeko Carlos Callegos-en Barrio Caleidoscopio (urriaren 18an, 19:00etan, Miarritzeko Les Decouvertes). Bakarrik taula gainean, auzoko saltegira bi ogi erosteko gogoarekin dagoen Alfonso irudikatzen duen aktoreak, bide laburra mundu ero baten aurkezteko aitzakia bilakatzen du. Indar bizi bera El Muegano Teatro konpainiaren Karaoke orquesta vacía (urriaren 15a, 19:00, Miarritzeko Koliseoa) antzerkia memoria galdu duen orkestra baten bizipenetan sartzekoa emanen du, umore garratzez politikaz hitz eginez lerroen artean.
Ekuadorko azken ordezkaria, Malayerba taldea, herrialdeko antzerkiko erreferentzia nagusietakoa dela gogoratu du Broucaret-ek; hango antzerkigintzaren «matriza». Instrucciones para abrazar el aire obrak (urriaren 19a, Angeluko Barojako karpa) hiru bikote ekartzen ditu taula gainera. 1976ko Argentina. Gurasoak hilik eta hiru hilabeteko Clara alaba desagertua. Aitatxi-amatxiak, bikote sukaldari bat eta egia ezagutzen baina isilik egotea erabakitzen duen auzo bikoteen bidez kontatu desagertzea, «sentikortasun» anitzekin, antzerki «hunkigarri» bat eskainiz, beti Broucareten hitzetan. Huts ezina arduradunak insistitu duenez.
Ezin huts egina, halaber, beti Broucaretek erranik, Kolonbiako Petra taldea. Kolonbia dela bigarren herri gonbidatua, talde honek bi antzerki ditu emanen eta biak «maisulanak». Biak komediak , biek gizartearen bortizkeria salatzen. Bata El vientre de la ballena (urriaren 19an, 21:30ean Baionako elkartetxean) eta bestea Sara dice (urriaren 16an, Baionako elkartetxean, 21:00etan). Kolonbiako La Maldita Vanidad taldeak, berriz, El autor intelectual (urriaren 17a, 19:00etan, Miarritzeko Les Decouvertes) eta Los autores materiales (urriaren 17an, Angeluko Barojako karpa, 21:00etan) ditu ekarriko. Biak eguneroko bizian sustraituak, familia edo bizikideen intimitatean murgildurik Kolonbiako gizartearen bortizkeria dute funtsa hauek ere. Matacandelas taldeak, berriz, dantza du lehengaia. La Danzas privadas de Jorge Holguin Uribe sorkuntza dakar Lapurdira, Holguin Uribe idazle, margolari, matematikari eta dantzariaren unibertsoa islatuz.
Los Andes eta Sepulveda
Kontzertu, irakurketa, mintzaldiz osatu den jaialdiaren balio seguru bezala aurkeztu daitekeen Boliviako El Teatro de Los Andes. Aldi honetan Diego Aranburo zuzendariaren laguntzarekin ekoiztu Hamlet ekarriko dute Baionako antzokira urriaren 15ean, 21:00etan. 18an Donostian ariko dira, Viktoria Eugenian.
Balio segurua da Luis Sepulveda idazlea ere (urriaren 19an, 11:00etan, Angeluko liburutegian); bere bi libururen frantsesezko itzulpenak aipatuko ditu: Últimas noticias del sur eta La sombra de lo que fuimos.HorrenL'ombre de ce que nous avons été, frantsesezko bertsioan emanen du Merignaceko Burlocok egun berean, baina 17:30ean Miarritzeko Koliseoan.
Ekuadorko doinuekin
Hilaren 12an hasiko da 31. Translatines antzerki jaialdia Baionan, eta agertokiak «fantasiaz» beteko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu