Pamielaren Upaingoa sailak bi saiakera argitaratuko ditu aurten. 2012an sariturik ez zuten izan, baina iaz Juan Zelaia saria bi saiakerek irabazi zuten: Oskar Arantzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1967) ekonomialariaren Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari, eta Mitxelko Uranga (Berango, Bizkaia, 1978) filosofoaren Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkatilizazioa. Bi saiakeren ardatza ekonomia da. Martin Azpilkueta (Barasoain, Nafarroa, 1492 - Erroma, 1586), Doctor Navarrus, jurista eta teologoaren pentsamenduan oinarritu da Arantzabal, eta gaur egungo erotismoaren merkantilizazioa eta merkatu globalizatuaren erotizazioa landu ditu, berriz, Urangak.
Arantzabalen saiakera XVI. mendeko pentsalariarengan oinarrituta egon arren, bi saiakerek landutako gaiak gaur egungo ekonomia deskribatzen dute, Jose Angel Irigarai Pamielako zuzendariaren arabera. «Orain arte ezezaguna zen Azpilkuetaren ekonomialari profila, eta pentsa daitekeenaren aurka, bere teoriak ezin hobeto uler daitezke gaur egun dugun krisi egoeran, garai artan ere, Azpilkuetak Espainiako ekonomiaren krisia aurreikusi baitzuen. Bestalde, Urangaren lanak soziologia sakona egiten du egungo kontsumo ohituren inguruan, eta beldurrik gabe landu du merkatuak inposatutako sedukzioaren legea».
Azpilkuetaren teoriek diote ekonomiak itzuliak egiten dituela, Arantzabalen esanetan. «Unibertsitatean esaten ziguten ekonomia ulertzeko historia ezagutu behar dela aurretik, baina Azpilkueta ez zen aipatzen. Hau da bere teoria ekonomikoak argitaratu diren lehen aldia, eta euskaraz bakarrik». Pentsalariak ondo ulertzen zituen bere garaiko arazo ekonomikoak, eta, besteak beste, Nafarroako estatu eta txanpon propioak ezagutu zituen. «Filipe II.aren aholkulari izan zen, eta krisi ekonomikoa iragarri zuen. Bazekien Ameriketatik ekarritako gehiegizko urreak prezioen gainbehera ekarriko zuela, eta zorraren gaineko zorrak ez zuela zuloa besterik ekarriko, hain zuzen ere, gaur egun etxebizitzekin eta ustelkeriarekin gertatu den moduan».
Gaztelania zaharrean idatzitako eskuizkribuetan oinarritu da ekonomialaria Azpilkuetaren teoriak jaso eta lantzeko. Besteak beste, Frantzisko Xabierkoaren osaba zen, eta munduan zehar bidaiatu zuen, Salamancan (Espainia) eta Coimbran (Portugal) ikasiz, eta Nafarroaren konkistaren ondoren, federalismoa defendatu zuen krisiari aurre egiteko modu bezala. «Lan honekin, ekonomiaren historian hutsune bat bete da».
Merkatuaren legeak
Azpilkuetak krisiaren eraginak aurreikusi zituen, eta Urangak ondorio soziologikoak bildu ditu bere saiakeran. Izenburuarekin hitz-jokoa eginez, erotismoa kontsumitzaileak menperatzeko merkatuaren tresna da filosofoarentzat. «Mundua turismo parke erraldoia bihurtu da globalizazioarekin, eta Internetek erabat irauli ditu sexua kontsumitzeko ohiturak. Hala, kapitalismoak inposizio guztiak ezabatu ditu bakarra izan ezik: desio duguna eskuratzea. Baina krisiarekin, aldatu egin dira kontsumitzaileak, merkatuak sortutako hedonismoaren erruz erabat despolitizaturik gauden arren».
Ekonomiaren itzuliak
Juan Zelaia sariaren saiakera irabazleak argitaratu ditu Pamielak: 'Eros(ki)' eta 'Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu