Durangoko 56. Azoka. Talaia

Ekoizpen digitalaren markak

Oskia Ugarte, Sahatsa Jauregi eta Maria Mur sorkuntza digitalaren inguruan aritu dira, Kabia gunean. Edozein egileren lana prisma horretatik harago begiratzearen alde egin dute

Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela), Maria Mur Dean (Conssoni) eta Diana Franco (Kabia), atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Hasi aurreko sentsazio antzerakoak amaitzean. Edo ez. Agian pixka bat sakonduago ertzen bat. Ziur aski bistarago gakoren bat. Sorkuntza digitala. Zer behar dute sortzaileek, zer proiektu mota gerturatzen da. Gai horren bueltan aritzeko bildu zituen atzo Durangoko Azokako Kabia guneak Oskia Ugarte Abarzuza, Sahatsa Jauregi Azkarate eta Maria Mur Dean: Uharte arte zentroko zuzendaria da Ugarte, artista eta Okela sormen espazioko kidea Jauregi, eta Consonni ekoizpen etxeko zuzendaria Mur. Gidari, Diana Franco Kabiako koordinatzailea. Mikrofonoak jarri bitartean, elkarri aitortu zioten gaiaren berri izatean sentitutako bertigo puntua, nondik heldu, zer ekarri, baina presioak kentzeko asmoz argitu zien berriz Francok «elkarrekin pentsatzea» zela asmoa. Eta hala itxi zuen azkenetan: «Gizakiaren historian, idazteko gaitasuna, adibidez, 600 bat belaunaldik izan dute; teknologiaren belaunaldiak, aldiz, oraindik belaunaldi bat baino gutxiago hartzen du. Eraldaketa handia dakar horrek, eta hitzetan jartzen hasteak lagunduko digu ulertzen».

Euren lan esparruetan sorkuntza digitala nola ulertzen duten azalduz ekin zioten,hala, hizketaldiari. Mur izan zen hitza hartzen lehena, eta nabarmendu zuen euskarria edozein izanik ere edukia dela garrantzitsuena: «Consonnin beti esaten dugu guk kultura kritikoa ekoizten dugula, eta hor funtsezkoa edukia da: zer nahi duzun kontatu eta nola nahi duzun kontatu». Gaiaz pentsatzeko, argitaletxean iparrorratz modura erabili izan duten liburu bat erakutsi zuen, koloretako orri markatzailez eta azpimarraz josia: Michael Bhaskarren Edukien makina: argitaratzeari buruzko teoria baterantz, inprentatik hasi eta sare digitaleraino.

Jauregik bereizketa bat egin zuen sorkuntza digitalaren eta lana zabaltzeko baliatzen dituzten bitarteko digitalen artean. Azaldu zuen Okelako programazioa lantzen dutenean garrantzia eman ohi diotela «denbora eta medio ezberdinetan aritzen diren artistek espazio eta denbora komun bat konpartitzeari», eta horrek sarri ekartzen duela eskulturak, kasu batera, «sorkuntza digitaltzat uler daitezkeen» soinu pieza edo ikus-entzunezkoekin uztartzea. «Sormen digitala immateriala da, eta gu saiatzen gara hari ere leku situatu bat eskaintzen».

Ugartek, bestalde, egungo artisten lan egiteko modu «likidoa» azpimarratu zuen: «Guk Uharten ikusten dugu ekoizpen digitala sortzen duten artistek oso modu likidoan egiten dutela lan; soinuarekin eta gorputzarekin aritu daitezke aldi berean, adibidez. Horretan datza, agian, honen aberastasuna, digitaletik eta beste leku guztietatik trantsitatzean».

Horregatik, hirurak bat etorri ziren auzitan jarri behar dela «sortzaile digitalaren» ideia. Jauregi: «Badirudi bereizi egin daitezkeela sorkuntza digitala eta sorkuntza digitala ez dena, baina oso ohikoa da prozesuan saltoka aritzea batetik bestera». Eta erantsi zuen inguruko artistengan «konpromiso handiagoa» sumatzen duela definizioaren «sorkuntzaren» partearekin «digitalaren» partearekin baino.

Hor gako bat topatu izanaren tonuz Mur ere: «Horixe pentsatzen egon naiz ni ere solasaldirako. Zeintzuk dira mugak sorkuntza digitalaz aritzean? Benetan genero bezala hartu dezakegu? Guk kultura kritikoa ekoizten dugula esatean, horrek forma asko har ditzake: elkarrizketa bat, podcast bat, liburu bat...». Bhaskarren liburua eskuetan, haren ideietara itzuli zen: «Batzuetan abizen gehiegi jartzen dizkiegu kulturari eta sormen prozesuei: euskal, digital, feminista... Kontatzen dena da garrantzitsuena».

Ukatu baina aldarrikatu

Francok digitalki sortzen duten artisten adibide zehatzez galdetzean, nekez aritu ziren izenen bila hiru hizlariak, eta esanguratsutzat ulertu zuten hori bera. Jauregi: «Badago korronte batmodu digitalak ukatzen dituena sorkuntzarako tresna bezala; 16 mm-tan grabatzera edo soinua analogikoan lantzera itzuli dena. Eta, aldi berean, Instagrameko irudiak izan daitezkeenak erakusketetara heldu dira». Baina berehala korronte hitzari ñabardura: «Aurretik, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran, modu kolektiboan problematizatu izan dira teknologiak; egun, artista batzuek modu indibidualean egiten dute hori».

Ugarteren iritziz, azken urteetan egin da bide aipagarri bat teknologia berriak erabiltzen dituzten artisten eskutik, eta lan «interesgarriagoak» antzeman ditu orain: «Duela hamar-hamabost bat urte, esperimentaziora mugatzen ziren lan gehiago, eta, orain, lan xumeagoak baina sendoagoak ikusten ditut, irudi ikusgarri batetik harago doazenak».

Hasieran heltzen zaila zirudien gaia gero eta gehiago mamituz joan ziren hizlariak amaierara heldu orduko, eta aurrez aurreko kulturaren eta digitalaren aldeak aletu, eta teknologiaren alorrean ere dibertsitatea defendatzearen alde egin zuten. Mur: «Digitalak aukera berriak ekarri dizkigu, eta niretzat ez da bata edo bestea; bakoitzaren alde onena eta politikoena hartzea da interesgarriena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.