Hilberria. Elias Kerejeta

Ekoizlea, inon ekoizlerik bada

Juan Luis Zabala
2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ikaratzeko modukoa da Elias Kerejetak ekoitzitako filmen zerrenda, kopuruarengatik baino are gehiago kalitatearengatik: Carlos Sauraren La caza (1965), Cría cuervos (1975) eta beste hainbat eta hainbat; Victor Erizeren El espíritu de la colmena (1973) eta El sur (1983); Jaime Chavarriren El desencanto (1976); Ricardo Francoren Pascual Duarte (1976); Manuel Gutierrez Aragonen Feroz (1984); Montxo Armendarizen Tasio (1984), 27 horas (1987), Las cartas de Alou (1990) eta Historias del Kronen (1995); Fernando Leon de Aranoaren Familia (1996), Barrio (1998) eta Los lunes al sol (2002)… Espainiako zinemagintzaren historiako ekoizlerik garrantzitsuenetakoa izan da Elias Kerejeta. Ekoizlea, inon ekoizlerik bada. Igande goizaldean hil zen, Madrilen, 78 urte zituela.

Elias Kerejeta Garate 1934an jaio zen, Hernanin (Gipuzkoa), ahalmen ekonomiko handiko familia batean. Haren aita, Elias Kerejeta Insausti, karlista sutsua, Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakari izendatu zuten 1939an.

Donostiako Real Sociedad futbol taldeko kide izan zen gaztetan Elias Kerejeta Garate, harik eta 1958an futbola alde batera utzi eta Madrila joan zen arte, zinemagintzaren abenturan sartzera. A través de San Sebastián eta A través del fútbol film laburrak zuzendu zituen, 1960 eta 1962an hurrenez hurren, Antxon Ezeiza adiskide minarekin elkarlanean.

Lan horien ondoren zuzendari lanak alde batera utzi eta ekoiztetxea sortu zuen. Carlos Sauraren filmak ekoizteari lotu zitzaion batik bat aurreneko urteetan, La caza-rekin hasita; Berlingo zinema jaialdian zuzendari onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen lan harekinSaurak 1965ean, eta ondorengo urteetan oso estua izan zen Kerejeta eta bien arteko elkarlana. Peppermint frappé (Zilarrezko Hartzaren irabazlea 1967ko Berlingo zinema jaialdian), La madriguera, Ana y los lobos , La prima Angélica, Cría cuervos, Elisa, vida mía, Los ojos vendados, Deprisa, deprisa eta Dulces horas izan ziren 80ko hamarkadaren hasierara arte iraun zuen elkarlan emankor horren fruituetako batzuk.

Saurarekin lan egin zuen garai hartan, Victor Erize, Jaime Chavarri, Manuel Gutierrez Aragon eta Ricardo Francoren filmak ere ekoitzi zituen, besteak beste. Ondorengo urteetan, berriz, Montxo Armendariz zinemagile nafarraren babesle eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen.

Azken urteetan film dokumentalen ekoizpenetan egin zuen lan batez ere, Javier Corcueraren La espalda del mundo (2000) eta Eterio Ortegaren Asesinatro en febrero (2001), besteak beste. Bere alaba Gracia Querejetaren filmak ere ekoitzi ditu, hala nola Héctor (2004) eta Siete mesas de billar francés (2007).

Kerejetarentzat, zinema ekoiztea «pasioz eta engaiamenduz» gauzatu beharreko zeregina zen, eta ekoizle gisa filmean bete-betean parte hartzea maite zuen. Berak ekoitzitako film askotan gidoilarietako bat izan zen, eta muntaketa lanak ere gertutik jarraitu ohi zituen. Filma barrutik ezagutzen zuen beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.