Bostgarrenez, Gernika-Lumoko (Bizkaia) bost areto musikaz beteko ditu Lekuek jaialdiak. Bihar hasi, eta hilaren 11ra bitarte, jaialdi «txikia, eklektikoa, irekia eta merkatuaren logika nagusietatik kanpo» osatzea dute asmoa antolatzaileek Astran, Iparragirre Rock elkartean, Lizeo antzokian, Gernikako tabernetan eta Trinketean eskainiko dituzten emanaldietan. Hamaika dira jaialdiaren harira prestatutako egitasmoak; hogei kontzertutik gora programatu dituzte, baina, horretaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira aurten; tartean disko azoka eta zinema emanaldiak.
2013an hasi zuen ibilbidea Lekuek jaialdiak. Gernikako hainbat musikari eta musikazale elkartu, eta erabaki zuten herriko musika kulturari ikusgaitasuna ematea. Ordutik, handituz joan da topagunea, baina antolatzaileek hasierako oinarri berberei heldu diete: batetik, ohiko musika zirkuituetatik kanpo aritzen diren taldeen estalpe izan nahi du Lekuek-ek. Hala nola Nudozurdo, Niño de Elche eta Septimo A taldeek kontzertuak emango dituzte. Bestetik, kanpoko taldeez gain, indar berezia egiten dute urtero herriko musikariekin lanketa egiteko: «Herriko jendea zaintzea garrantzitsua da», azpimarratu dute antolatzaileek. Aurten, esaterako, Hemendio Gernikako taldea taula gainera itzuliko da hainbat urtez kontzerturik egingabe egon ostean.
Musika estiloan ere aniztasunaren alde egin dute antolatzaileek; Anita Parker eta Mice hasi berri diren proiektuek lekua izango dute oholtza gainean, baita Balerdi Balerdiren moduan ibilbide luzea duten hainbat taldek ere. Reggaeaz eta rapaz gozatzeko aukera izango da Glaukomarekin, eta musika instrumentala egiten duen Rukula taldeak Hazi beltzak lan berria taularatuko du bertan. El Inquilino Comunista taldeak ere emango du kontzertua. Gainera, hainbat estilo ugaritako DJak izango dira.
Oholtza gainekoa, ordea, ez da izango Lekuek-ek egindako proposamen bakarra. Aitzitik, hainbat elkartek bat egin dute aukera zabalagoa eskaini ahal izateko. Horren adibide, Gernika zine klubak antolatuko du Atrapados por la serpiente (Sugeak harrapatuta) filmaren emanaldia. Cancer Moon 1990eko hamarkadako taldearen ibilbidea azaltzen du dokumentalak, eta garai hartako musika independentearen inguruko gogoeta bultzatzen du. Etzi egingo dute aurkezpena, Alvaro Fierro eta Ibon Ibarluzea zuzendariek gidatuta.
Argazki erakusketak eta liburu aurkezpenak ere izango dira datorren astean, eta, horregatik, antolatzaileek uste dute jaialdi «berezia» dela.
Asteburua emanaldiz lepo
Jaialdiari hasiera emateko Metal Gaua antolatu dute bihar Astra kultur gunean. Etorkizun beltza, Moonloop eta Legen Beltza taldeak izango dira, baita DJ Odola musika jartzailea ere. Igandean, berriz, disko azoka izango da Juan kaltzadako tabernetan, eta arratsaldean film emanaldia egingo dute Trinketean.
Musikaren inguruan hainbat diziplina lantzen dituzte, eta, hain justu, jaialdiaren ezaugarri nagusienetakoa eklektizismoa dela nabarmendu dute. Bihar izango da lehen eguna, eta astebetez estilo guztietako musika entzuteko aukera izango da Gernikan.
Eklektizismoa izango da nagusi Gernika-Lumoko Lekuek musika jaialdian
Bosgarren aldiz antolatu dute musika jaialdia, bihartik hilaren 11ra arte. Metal gauarekin emango diote hasiera, Astra kultur gunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu