«Kolorea da hasiera. Horretan oinarriturik egiten dut koadroa. Kolorea emozioen eta sentipenen alderdia da. Figurak, irudiak, han edo hemen, dena da koloreak agindu bezalakoa, koadroak eskatu bezalakoa». Ez zen bere lana esplikatu zalea, baina kolorea izaten zuen sarri hizpide bere obraz galdetzen ziotenean. 2002an New Yorken zabaldu zuen erakusketa inauguratu aurreko uneetan ere halaxe mintzo zen, Euskaldunon Egunkaria-ren egun hartako aleak jaso zuenez. Ezin bestela izan. Kolorearen indarra beste guztiari gailentzen zaio haren margolanetan. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugetan topatu zuen bere lengoaia Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-Donostia, 2020), eta bere kolore bizien paleta izan zuen bide berriak esploratzeko mapa. Bere bide propioari beti leial izanda, gerra osteko euskal artistarik nabarmenetako bat izatera heldu zen. Atzo hil zen Zumeta, 81 urteak bete berriak zituela, Donostian.
Bizitza osoa eman zuen pintatzen, eta ia egunero jarduten zuen tarte batez zeregin horretan. Beharrezkoa zen berentzat, 2014an BERRIAn Iñigo Astizek eginiko elkarrizketan kontatu zuenez. «Ez badut pintatzen, ez naiz ongi aurkitzen. Oreka bilatzeko da, eta bizitzeko gogoa. Pintura niretzat oso garrantzizkoa da; hori gabe ez naiz aurkitzen neure buruarekin. Ematen du txorakeria bat dela hori hala esatea, baina hala da».
(Ibai Maritxalar Urkia margolariaren ilustrazioa PDF formatuan deskargatzeko,sakatu hemen)
Urteak ziren ordurako bere izena euskal artista garrantzitsuenen zerrendan zegoela, eta nazioarteko sona ere aspaldi zuen irabazia. Horregatik, harridura ere eragin zezakeen elkarrizketa hartako beste adierazpen batek: «Ez dakit pintatzen». Aurrez zirriborrorik prestatu gabe, ideia zehatz bat buruan izan gabe ekiten zion oihalari, bere paletaren laguntza soilaz. Eta jardunak berak eramaten zuen bideetan barrena abiatzen zen. «Nahi gabe etortzen diren gauzak dira niretzat onenak, zoriak edo kasualitateak dakartzanak. Hori da benetako pizgarria niretzat, jakinduria baino gehiago. Pinturan batek ez daki ezer ere. Nola pintatu ez dakit, baina hasten naiz, eta nolabait ere berak erakusten dit. (...) Pinturaz ez dakit ezer ere; momentuan ikusten dudana, hori da. Ikusi egiten dut, ikusi baina koadroan bertan, ez buruz, baizik eta koadroan bertan azaltzen delako».
Hala esplikatzen zuen bere pintatzeko era Zumetak; arrazoitik baino, emoziotik eta ekintzatik gehiago zuen ariketa gisa. «Ekintzako pintura da nirea, eta ni ekintzako pintorea. Gogoeta dago beti, baina gehiago naiz ekintzakoa pentsamendukoa baino». Kolorea eta ekintza izan dira beti haren lanaren osagai behinenak.
Paristik Gaur taldera
Usurbilen, 1939ko apirilaren 19an jaio zen Jose Luis Zumeta Etxebarria, 1936ko gerra bukatu berritan beraz. 5 urterekin, Donostiako La Salle eskolara bidali zuten ikastera, eta garai hartakoak zituen lehenengoz margotzen hasi izanaren oroitzapenak; hala kontatu zion Amets Arzallusi 2008an, Argia-n egindako elkarrizketan: «Erdaraz ez nekien eta beharbada horregatik marrazten nuen hainbeste, neure kasa egoten nintzen marrazten, mundu arrotz hartatik babestu egiten ninduen marrazkiak. Baina horrez gain garai hartan fraideek marrazkien eta kaligrafiaren ohitura handia zuten, eta astean pare bat arratsalde pasatzen genituen marrazten, asko baloratzen zuten».
14 urterekin, Graficas Valverden hasi zen lanean, eta inpresiorako teknikak ez ezik, margolari esanguratsuen lanak ere han ezagutzen hasi zen. Pinturarako zaletasunak eraman zuen Donostiako Arte eta Ofizioen eskolan izena ematera, baita Gipuzkoako Artisten Elkarteak ematen zituen hainbat ikastaro egitera ere. 19 urte baino ez zituen Madrilgo Pintura Joven sariketan Urrezko Domina eman ziotenean.
Hurrengo urtean jada Parisera bidean zen. Arte abangoardiak ezagutzeko irrikaz abiatu zen hiri hartara, baita frankismoko giro hertsitik ateratzeko gogoz ere. «Parisko bizitza bohemio hark izugarri erakartzen ninduen, pintatu pixka bat, libre ibili, hori dena. Baina margotzeko antsiaz ere bizi nintzen, nik orduan uste nuen pintura bizitza baino inportanteagoa zela», azaldu zuen Argia-ko elkarrizketan. Han deskubrituko zituen aurrez aurre Marc Chagall, Pablo Picasso, Jackson Pollock, Willem de Kooning eta beste hainbat artista berritzaileren lanak, eta espresionismo abstraktuaren bidean hasi zen murgiltzen. Parisen zela ezagutu zituen, halaber, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Maria Ortiz margolari donostiarrak. Bere artista ibilbidean berebiziko garrantzia izan zuen egonaldiak.
Urtebete inguru eman zuen han, eta Euskal Herrira itzuli zen gero, Hondarribira (Gipuzkoa). Remigio Mendiburu eskultorearekin lanean hasi zen han, eta erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen, Donostian. Bakarkako lehena, berriz, 1961ean jarri zuen ikusgai, Donostiako Udalaren erakusketa aretoan. Baina hurrengo urtean berriro jo zuen atzerrira, Joxan Artze lagunarekin batera. Haren Vespa zaharra hartuta, Parisera joan ziren lehenik, eta Stockholm zein Londresera gero. Artze han geratu zen bolada baterako; Zumetak, aldiz, etxera itzultzea erabaki zuen.
Eta euskal artearen gertakari garrantzitsuenetako baten protagonistetako bat izan zen handik gutxira: Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Jose Antonio Sistiagarekin batera. 1966an eman zuten taldea ezagutzera, Donostiako Barandiaran galerian erakusketa bat eginez eta manifestu bat kaleratuz. Nahiz eta ikuspegi ezberdinak izan, Frankismo garaiko gizarteari artearen eta kulturaren ikuspegi berritzaile bat aurkezteko elkartu ziren. Aitzindari izan ziren Euskal Herrian, eta nazioartean euskal artearen erreferentzia garrantzitsua ere bai. Haren ildotik, beste hainbat talde sortu ziren beste euskal lurraldeetan ere. Bi urteren buruan, desegin egin zen taldea, eta nork bere bidetik jarraitu zuen lanean.
Gaur taldearen urte berean sortu zen Ez Dok Amairu ere, eta bertako kideekin ere harremana izan zuen. Taldea desegin eta Artzek Ikimilikiliklik ikuskizuna sortu zuenean, bertan parte hartu zuen —Jesus Artze, Jose Mari Zabala eta Mikel Laboarekin batera—, eta elkarrekin ondu zituzten Laino guzien azpitik eta Eta sasi guztien gainetik liburuak ere 1973an —edizioaren parte bat bahitu zien Guardia Zibilak—. Laboarekin laguntasun handia izan zuen, halaber, Zumetak. Musikariaren diskoen azalak bere koloreekin blaitu zituen margolariak.
'Gernika'-tik Usurbilera
1967an Euskal Pinturaren Sari Handia lehiaketan lehen saria irabazi zuen Zumetak, Homenaje al Gernika de Pablo Picasso lanarekin, eta, urte hartan bertan, Donostian zein Bartzelonan erakutsi zituen bere lanak. Baita Mexikon eta New Yorken ere handik urte batzuetara, beste hainbat euskal artistarekin batera eginiko erakusketa kolektiboetan. Bere jardunak ez zuen etenik, eta margolanak ez ezik, zeramikazko mural handi bi osatu zituen 1973-1974 urteetan, bata bere sorterrian eta bestea Pasaian kokatzeko —gerora ere halako lan gehiagoren enkarguak ere jaso zituen—.
Arte eskolak ere eman zituen garai hartan, ikastola batean. Bakarkako erakusketa ugari egin zituen hamarkada horretan, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Madrilen. Horiez gain, Bartzelonan nahiz Pragan euskal artearen inguruan antolatutako erakusketa banatan parte hartu zuen.
Urte emankorrak izan ziren 1980ko hamarkadakoak ere. Horren lekuko dira, bakarka nahiz kolektiboan, Bilbon, Donostian, Iruñean, Valentzian (Herrialde Katalanak), Zaragozan (Espainia), Gasteizen, Baionan —urte berean bitan— eta beste hainbat hiritan eginiko erakusketak. Alemaniara ere eraman zituen bere lanak 1986an, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez antolatutako bi erakusketatan parte hartu baitzuen. Zarautzen (Gipuzkoa) kokatzeko zeramikazko eskultura bat ere egin zuen urte hartan, eta Artelekun pintura ikastaro bat eman zuen garai berean.
Bilboko Arte Ederren Museoak atzera begirako handi bat eskaini zion 1989an, eta Donostiako San Telmo museoak nahiz Gasteizko Arte Modernoaren Museoak ere bai, hurrengo urtean. Baina Euskal Herritik kanpora ere erakutsi zituen bere lanak 1990eko urteetan, hala nola Madrilen eta Evantonen (Eskozia). Askorentzat bere lan esanguratsuetako bat dena ere hamarkada horretan sortu zuen: Gernika (1999). Picassorenaren neurri bereko margolana pintatu zuen, 7,80 metro zabal eta 3,5 luze dena, eta berau izan daiteke bere lanik ezagunenetako bat; herritar askoren etxeetako hormetan zintzilik dago egun, tamaina txikiagoan banatu baitzuen Gara egunkariak duela zenbait urte.
2000tik aurrera ere, erakusketa kolektiboetan parte hartzen jarraitu zuen. Eta 2002an New Yorkeko Haim Chanin galerian egin zuen bakarkakoak zirrara eragin zuen, Euskaldunon Egunkaria-k egun hartako alean jaso zuenez. 2009an Oi! Bihotz liburua aurkeztu zuen, Usoa Zumeta alabarekin batera ondutakoa, eta erakusketa batekin osatu zuten proiektua. Etenik gabe jarraitu zuen obrak ontzen, askotarikoak; berak egin zuen, esaterako, Durangoko 50. Azokaren kartela.
Urtetan Atallun (Nafarroa) jardun zuen lanean Zumetak, baina Usurbilen pintatzen zituen bere obrak azken urteotan, han eraiki baitzuen estudioa, Usoa Zumeta alabarenaren alboan —erakusketa areto bat ere bada han—. Hura zuen sormenerako lekua; sortu zuen koloretako mundua, bere margolan bakoitzean dago orain.