Artearen lekuak. Carreras Mugica galeria

Ekintzak gogortutako mamia

Bilboko Carreras Mugica galeriak Jon Mikel Eubaren erakusketa berria hartu du: rolak uztarri bihur daitezkeela irudikatzen du zurezko eta altzairuzko pieza andanak.

Jon Mikel Euba artista, erakusketako pieza batzuk inguruan dituela, Bilboko Carreras Mugica arte galeriako aretoetako batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Saihetsezina da sarreran kokatutako elementu distiratsuei muzin egin eta korridorean aurrera egitea. Bilboko Carreras Mugica galerian sartu orduko, nola edo hala barnealdera erakartzen du hasierako pasillo zabal eta argiztatuak, eta, batez ere, hondoan antzematen den toki bat-batean ilunduak. Behin hara heldutakoan, ia ilunpean egiaztatzen du bisitariak lantegi moduko bat apailatu dutela galeriako areto zentralean: zurezko piezak daude, sarrerakoak bezain deigarriak ez direnak, eta, orobat, zurezko beste hainbat xafla eta kaxa jarri dituzte lantegi trazako eremuan.

Lehen begi kolpean ondorioztatutakoa berretsi du, hein batean, egileak berak, baina muin izaera pieza jakin bati eman dio: proiekzio bat da, ikuslearen arreta lortzeko borroka antzean dabilena, aretoko iluntasunarekin egiten duen kontrasteak nabarmendua, baina, era berean, objektuen anabasak ezkutatua: Aurreikus daitekeena saihesteko 400 mugimendu bideo instalazioa da. Hark ardazten du Karga misteriotsuen pisuari eusten dioten animaliak erakusketa —hilaren 30era arte egongo da ikusgai—, eta bideotik abiatu da Jon Mikel Euba galerian barreiatutako piezak taxutzeko: «Elementu guztiak proiektatzen ari diren marrazki horietatik abiatuta egindako eskulturak dira. Dena dago jasota».

Idazketa ikastaro bat emateko eskatu zioten Eubari: bere metodologiaz eginiko hausnarketetatik eta gogoeton aplikaziotik eratorri da eskultura multzoa. «Pentsatu nuen ea zein zen idazteko nuen metodoa, eta iruditu zitzaidan interesgarriena ez zela nitaz hitz egitea, baizik eta analizatzea nik nola egiten ditudan gauzak, eta ondoren nire gorputza hortik kentzea». Testu bat sortu zuen hori azaltzeko, eta parte hartzaileek etzanda entzuten zuten irakurraldia: helburua zen idazkiarekin kontrastean jabetu zitezela nola egiten zuten beraiek ekintza hori, erreparatu ziezaiotela norberak erabilitako metodologiari. Carreras Mugican erakusten ari den piezak gehitu zizkion performanceari ondoren, entzuleak etzan zitezen objektuen barruan, gainean edo alboan, nahi bezala.

Hala, hiru urtez eginiko ekintza baten «katalogazioa» da, funtsean, galerian ikusgai jarritako bilduma, tokian-tokian zituzten baliabideek baldintzatutako materialekin osatua —leku batzuetan altzairuzko figurak ondu ahal izan zituen; besteetan, zurezkoak, eta, kasu batean, bi aulkiren gainean paratutako egur xafla mardul batek osatzen du pieza—.

Uztarriaren bidez betikotua

Egurra zein metala, bien ala bien zurruntasuna baliagarri izan zaio Eubari bilduma josten duen ideia gorpuzteko: «Ekintza bat egin ahal izateko postura bat hartu behar duen gorputzarekin du harremana erakusketak». Bazkatu beharragatik, burua makurtzen dute animalia batzuek; halaber, gorputza baldintzatzen dute hartutako beste hainbat erabakik, ordena erlijioso batean sartzeak edo irakurraldi bat entzuteak, kasurako. «Gorputz teknifikatuarekin du zerikusia: rol bat asumitzean, harrapatuta gera gaitezke».

Ekintza bat uztarri bihurtzera hel daiteke errepikapenaren poderioz. Erakusketako Belauniko pieza sortak hori du hizpide, hain zuzen ere. «Pieza horizontalek, edo zoruarekin zerikusia dutenek, lasaitasuna eta gelditasuna iradokitzen dute». Artelan inklinatuek edota horman iltzatutakoek, berriz, berariaz islatzen dute ekintza. Belarjalearen gorpuzkera diagonala betikotu du konglomeratuak; ordenatu berriak belaunikatu beharra du kasulla jar diezaioten: oihalak biguntasuna ematen dio elementuari, baina zurrundu daiteke, halaber, uztarri bihurtzeraino.

Artistaren lana agertzeko modu bat ere badira piezok: Eubaren arabera, seinalatzearekin du lotura inklinazioak, eta hori da, hain zuzen, sortzaile orok egin beharko lukeena, haren iritziz: «Jorge Oteizak zioen testu batean artistok ez ditugula istorioak kontatu behar, baizik eta seinalatu. Eta Natalia Ginzburgek adierazi zuen artistek errealitatea agertzen dutela; intelektualek, berriz, iruzkindu egiten dutela hura».

Abstraktua objektu bihurtu

Galeriaren barrurantz erakartzen duen indarraren ondorioz, zaila da ate ondoan kokatutako apalei erreparatzea. Alta, ez dira elementu hutsalak, eta horregatik azpimarratu ditu artistak: koronabirusaren aurretik, erakusketen katalogoak jartzen zituzten apalotan, baina horiek ere hustu zituen birusak. Eubak bertan paratu duen argazki bilduman erakusketaren irudiak agertzen dira, baina baita erakusketan sartzea aurreikusitako ideiak ere, azkenean kanpoan utzi zituenak: «Sartzean, hitzaurre gisa funtzionatzen du: erakusketa osatzen duten elementu guztiak aurkezten ditu. Gero egin ez ditudan gauzen apunte bat bezalakoa ere bada, eta, hortaz, irteterakoan hitzatze gisa ere funtzionatzen du: bisitariak pentsa dezake zerbait ez duela ikusi barruan, eta, beraz, sartu-irtenean ibil daiteke».

Argazki bilduma Eubaren lan egiteko moduaren erakusle da, era berean, eta lotura du artistari txikitan aipatu zioten eta metafora gisa erabili duen kontu batekin: mendietan bide ahalik eta lauenak egiteko, asto bat uzten zuten solte tontorrera bidean, bizkarra zamatuta; indarrak ekonomizatzera jotzen omen du animaliak, eta, hortaz, biderik horizontalenari jarraitzen zion; bide hori zabaldu egiten zuten ondoren. Erakusketaren izenburuan egin dio erreferentzia azalpenari: «Tituluan pentsatzean beti datozkit burura gizakiak, geure burua gauza sinbolikoekin ere zamatzeko ahalmena dugulako».

Artearen praktika azaltzeko «ezin hobea» deritzo Eubak astoaren kontakizunari: «Kontuan izan behar da gorputzak mugak dituela, energia aurreztu behar duzula beti. Proiektu bat lantzen hiru urte daramatzazunean, proiektuak berak eskatzen dizu forma bat emateko, eta formaren bidez askatzen zara. Artista ez da bildumagile bat: elementuak biltzen dituzu, ez edukitzeko, baizik eta horiek nahasteko eta beste gauza bat bihurtzeko».

CARRERAS MUGICA GALERIA
Irekiera urtea. 2007.
Lekua. Heros kalea, 2, Bilbo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.