Besaulkietatik altxatu gabe, ikusleak bidaia musikal batean murgildu ahal izango dira gaur Krystof Haranten odisea ikuskizunean. 20:00etan izango da, Donostiako Kursaalean. Hainbat osagai izango ditu bidaiak: Kanuna, kemenchea eta setarra —instrumentu persiarrak denak—, esaterako. Krystof Harant idazle eta konpositore txekiarraren pasarteak izango dira bidaiaren haria, idazleak Bidaia Jersualemgo Bohemiara, Veneziatik eta itsasotik igarota bidaia egunkarian idatzitakoak kontatuko baitituzte. Besteak beste, Venezia, Jerusalem, Zipre, Sinai eta Kairo bisitatzeko aukera izango dute ikusleek.
Haranten bizipenak kontatzeaz Ramon Barea arduratuko da. Aurrenekoz igoko da oholtza gainera antzezlan bat narratzera, eta aitortu du «ikusle pribilegiatua» sentitzen dela. Idazlearen bidaia egunkariko pasarteak narratuko ditu. Bareak obra lehen aldiz irakurri zuenean, gaur egungo turista bat etorri zitzaion gogora. «Harantek, bidaia narratzeko zuen eragatik, gaur egungo bidaia blogari bat zirudien. Ziur nago jendeak biziki bidaiatuko duela obran zehar». Txekiarrez idatzitako testuak propio itzuli dituzte gaurko emanaldirako, ingelesera eta frantsesera soilik baitaude zati batzuk itzulita.
Duela laurehun urte exekutatu zuten Harant, Bohemiako matxinada protestantean parte hartzeagatik, eta, orduan haren obra gehiena desagertu egin zen arren, Cappella Mariana taldeak haren literatura ondarea eta galdu ez diren musika konposizio guztiak bildu ditu gaur taularatuko duten emanaldirako. Sei ahots bakarlariz osatua dago taldea, eta Vojtere Semerard taldeko zuzendari artistikoak lan historiko horiek berregin ditu XVII. mendeko iturri otomandarren, persiarren eta postbizantziarren eskuizkribu musikaletan oinarrituta.
Kanada eta Txekiar Errepublika
Obraren «benetakotasuna» bermatzeko, persiar sustraiak dituen Constantinople taldearekin batera egin dute lan. Instrumentu talde honek tradizio persiarreko instrumentuak erabiltzen ditu, eta, Cappella Mariana taldearekin batera, Mendebaldeko eta Ekialdeko kulturak jarriko dituzte parez pare. «Bi musika estiloen arteko topaketa baino gehiago, bi estiloen arteko joan-etorria da; bi kulturak egongo baitira presente bidaian zehar», azaldu du Kiya Tabassian Constantinople taldearen zuzendariak.
2008az geroztik, Cappella Mariana taldeak ahots-polifonia handiko interpretazioa du helburu, eta Erdi Aroko eta Errenazimentuko musika polifonikoan espezializatua dago, baita Barroko goiztiarrean ere. Txekiar taldearena izan zen obra hori sortzeko ideia, eta Kanadako Constantinople taldeari egin zion parte hartzeko gonbita. Mediterraneo ekialdeko instrumentu tradizionalak jotzen dituenez, Erdi Aroko eta Errenazimentuko ondarea du lanerako oinarri, Europakoa, Mediterraneokoa eta Ekialde Hurbilekoa.