Elkar Argitaletxeak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak 2000. urtean sortu zuten Gazteluma beka. Bi urtetik behin antolatu dute ordutik lehiaketa, eta Iparraldeko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzea izan du helburu. Antolatzaileek, baina, «beste bultzada bat» eman nahi izan diote orain, eta EKE-Elkar literatura beka sortu dute hura ordezkatzeko. Sariketa berriak Ipar Euskal Herriko literatura sustatzea izango du helburu nagusitzat, baina Euskal Herri osora zabalduko dute parte hartzeko aukera, ikusgarritasuna ere zabaltzeko. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Donostian, eta martxan da dagoeneko aurtengo deialdia.
Sariketa berriak Gazteluma bekaren oinarriei eutsiko die oro har, eta, beraz, lehiaketara aurkeztuko diren lanak «Iparraldeko euskara batuan» sortuak izan beharko dira. Izendapena jaso duten literatur proiektuen egileek 6.000 euroko laguntza jasoko dute lana urtebetean garatu ahal izateko, eta Elkar argitaletxeak argitaratuko du ondoren.
Bi urtetik behin egingo dute deialdia, baina, orain arte ez bezala, antolatzaileek genero bat aukeratuko dute aldi bakoitzean. Aurten, komikia edo nobela grafikoa izan da aukeratutako generoa, eta, beraz, sariketara aurkeztu nahi duten proiektuek genero horretakoak izan beharko dute nahitaez. Generoa aldatu egingo dute deialdi bakoitzean.
Beste berrikuntza sortzaileei lotuta dago; izan ere, beka berria ere Iparraldeko idazleei zuzenduta dagoen arren, Hegoaldekoek ere parte hartzeko aukera izango dute, baldintza batekin, betiere: literatur proiektuaren egileetako batek Iparraldean jaiotakoa edota bertan bizi dena izan behar du. Ez da adin mugarik egongo aurrerantzean, halere.
Aurtengo deialdia zabalik da dagoeneko, eta lanak maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke. Irabazlea nor den lau kidez osatutako epaimahai batek erabakiko du, ekainean. Nolanahi ere, lehiaketa irabazlerik gabe uzteko aukera izango da, behar bezainbat kalitatezko lanik ez dela aurkeztu erabakiko balute epaimahaikideek.
Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak adierazi duenez, beka berriaren helburu nagusia Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileen «ikusgarritasuna eta zabalkundea euskararen lurralde osora» hedatzea izango da. Izan ere, haren irudikoz, Gazteluma sariketa Iparraldera soilik «mugatuta» geratu da urteen joanarekin, eta idazleei eta haien lanei ez zaie behar bezalako zabalkundea eman Hegoaldean. «Gure ekarpen nagusia hori izango da: euskal kultura sortzea, garatzea, eta ikusgarritasuna ematea Euskal Herri osoan. Esan dezagun, zabalkunde nazional bat ematea».
Sorsek azaldu du, halere, Iparraldearen «berezitasunei» eutsi nahi izan dietela sariketa berriarekin; izan ere, Elkarrek berak 2015ean berreskuratu zuen euskal literatur sormena sustatzeko Joseba Jaka beka. Hura ere bi urtetik behin egiten dute, baina Euskal Herri osoko idazleentzat da. 2018az geroztik, gainera, nobeletara edo narrazio bildumetara ez ezik, beste arlo edo diziplina batzuetara ere zabaldu zuten. Bada, beka berriak antzekotasunak baditu ere, sariketak bereizita mantentzea erabaki dute: «Iparraldea berezia da; muga horrek kulturalki zenbait urruntze egin ditu. Beraz, gure helburua da EKErekin batera hurbiltze bat egitea, eta Iparraldean idazle kopurua txikiagoa izanik ere, sortzaile gutxiago izanik ere, haiei bermatzea Hegoaldekoek daukaten aukera bera izatea».
Hogei urte, bederatzi liburu
Gazteluma sariketak gaur arteko bidean «emaitza onak» izan dituela adierazi du Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko buruak. Hogei urteko ibilbidean bederatzi idazle saritu baitituzte denera, eta, ondorioz, bederatzi liburu argitaratu dituzte lehiaketari esker. Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle eta BERRIAko kazetariak irabazi zuen iaz, orain arteko azkena, Ene baitan bizi da eleberriari esker, hain zuzen. «Zinez arrakasta ederra ukan du Euskal Herri guztian», Etxegoinen hitzetan.
Azken urteetan, ordea, eta, askotariko arrazoiak tarteko, zailtasunak izan dituzte Gazteluma saria emateko. Behin baino gehiagotan luzatu behar izan dute proiektuak aurkezteko epea, eta gertatu da saririk ez ematea, urte batez soilik izan bada ere. Horregatik erabaki dute «beste pauso bat» eman eta sariketa berria sortzea, Etxegoinek azaldu duenez.
Orain arteko egiturari eutsi diote, eta beka berria ere Elkar argitaletxearen eta Euskal Kultur Erakundearen artean sortzea erabaki dute, «elkarlana» oinarri hartuta. Etxegoinek gogorarazi du, hain zuzen, aurrez ere elkarrekin lan egindakoak direla bi eragileak; bada, harreman horren garrantzia azpimarratu du. «Oso garrantzitsua da, gaur atzo baino gehiago oraino, elkarlanak eta zubi lanak egitea. Eta bereziki pozten naiz euskal literaturaren aldeko bide hori Elkarrekin egiteaz, Iparraldeko idazleak Euskal Herri osoan ezagutuak izan daitezen».
EKE-Elkar literatura beka berriak ordezkatuko du Gazteluma sariketa
Ipar Euskal Herriko idazleen eta literatur lanen zabalkundea «euskararen lurralde osora» hedatzea du helburu lehiaketa berriak. Bi urtez behin antolatuko dute; aurtengo deialdia zabalik da dagoeneko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu