Ekarpena, joan eta itzulian

Jimeno Jurioren bildumako lan berriak aurkeztu ditu Pamielak.Nafarroako Gobernuak lehen aldiz zabalduko du argitalpena.Egilearen sendiak erakundeari eman dio jatorrizko materiala

Nafarroako Gobernuaren, Pamiela argitaletxearen eta familiaren ordezkariak izan ziren, atzo, aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Eskertze giroa nabari da Jose Maria Jimeno Jurioren figuraren inguruan. Abenduaren 3an eman zion Nafarroako Gobernuak hil osteko Urrezko Domina, eta, kasik hilabete pasatu den honetan, oraindik ez da baretu haren ondorena. Gorazarreak beste urrats bat izan zuen atzo, Nafarroako Liburutegi Nagusian, Iruñean. Autorearen lanen bildumako bi ale berriak aurkeztu zituen Pamiela argitaletxeak: Nafarroako erretaulen tailer artistikoak lanaren bi liburukiak. Berrikuntza zera da: lehen aldiz hartuko du parte Nafarroako Gobernuak lanen zabalpenean. Ana Herrera Kultura kontseilariak jakinarazi zuen berria atzoko aurkezpenean; zehaztu zuenez, 150 ale erosi ditu gobernuak, Jurioren obra zabaltzeko.

Ekarpena, ordea, ez da norabide bakarrekoa. Jimeno Jurioren sendiak Nafarroako Liburutegi Nagusiaren eskuetan jarri ditu bi lanak osatzeko ikertzaileak erabilitako jatorrizko fitxak eta dokumentuak. Atzo irudikatu zuten dohaintza: Jurioren paperez betetako kutxa eman zion ikerlariaren alargun Elena Arangurenek Herrera kontseilariari. Familiaren «eskuzabaltasuna» eskertu zuen Herrerak, eta agindu zuen «mimoz zainduko» dutela ondarea, Jimeno Juriok «martxan jarritako transmisio katea eten ez dadin». Aurrerantzean, beraz, ikerlarien zein publiko zabalaren esku egongo da Nafarroako erretaulen inguruko lanaren jatorrizko dokumentazioa.

Fitxetatik liburura

Nafarroako Liburutegi Nagusiaren aretoetako batean egin zen atzoko aurkezpena; «lekurik onenean», Herreraren hitzetan. Izan ere, Jimeno Juriori azkenaldian egindako omenaldi sortari ekarpena egin nahi izan diote Nafarroako liburuzainek —Iruñeko San Pedro liburutegiko arduradun izan zen Jurio urte luzez—, eta erakusketa bat eskaini diote ikertzaileari liburutegi nagusian. Gainera, irakurketa gida bat ere ondu dute, euskaraz eta gazteleraz, publikoa Jimeno Jurioren liburuetara hurbildu dadin. Horregatik, kontseilariak esan zuenez, atzoko aurkezpenerako hautatutako tokia ez zen «kasualitatea» izan.

Herrera eta Arangurenekin batera, David Mariezkurrena Pamielako kidea, Bixente Arozena Udalbideko lehendakariordea, Isidoro Ursua liburuen hitzaurrearen egilea eta Roldan Jimeno historialari eta Jimeno Jurioren semea izan ziren atzoko aurkezpenean. Jimenok egin ditu aurkeztutako liburuen edizio lanak, eta, hortaz, hari egokitu zitzaion obraren nondik norakoak azaltzea.

Nafarroako Asiain herrian du jatorria obrak. Han bizi izan zen Jimeno Jurio, eta han izan zuen herriko pintore familia batek izandako tailer artistiko garrantzitsuaren berri. Roldan Jimenok dioenez, artisau tailer hartatik atera ziren «Nafarroako XVII. mendeko erretaularik onenetako asko». Aurkikuntzak «ikertzera eraman» zuen Jimeno Jurio 1967tik aurrera. Halere, ez zuen artearen historia huts-hutsean ikertu nahi, «baizik eta artearen historiaren historia sozial eta ekonomikoa». Hala, inguruko elizen artxibategiak arakatuz, landa eremuko zirkulu artistikoak ikertu zituen, obrak baina batez ere eskulangile haien bizimodu eta harremanak ikertzeko. «Aitzindaria» izan zen alde horretatik, «garai hartan ez baitzen historia sozialik egiten, eta are gutxiago artearen historiarik».

Ehunka fitxa eta dokumentutan bildu zituen Jimenok bere ikerketen ondorioak, eta artikulu batzuetan argitaratu zituen horietako batzuk, 1980ko hamarkadan. Gehien-gehienak, ordea, argitaratu gabe geratu ziren. Orain, «urtebete luzeko» epean, fitxa eta orri horietan jasotako informazioari itxura eman eta bi liburukitan biltzeko erronkari eutsi dio Roldan Jimenok. Eta, dioenez, «lan neketsua» izan da.

Azken bi ale horiekin, 52 dira Pamiela argitaletxeak, Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoaren laguntzarekin, Jimeno Jurioren obra guztien bilduman argitaratutako liburukiak. Osotara, 62 alek osatuko dute ikertzaile eta historialariari eskainitako sorta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.