Literatura Unibertsala bilduma. Hirugarren aroa hastear

Ekarpena eta ekarkizuna

Literatura Unibertsala bilduma 153. liburura iritsi da, munduko literaturarik onena euskaratu nahian. Utzitako hutsuneez ohartuta erabakiko dira ondorengo pausoak.

Juan Luis Zabala
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Jatorriz euskaraz sortutako lanek adinako ekarpena, edo are handiagoa, egiten diote itzulpenek egungo euskal literaturari, idazle, itzultzaile eta kritikari askoren iritziz. Ez da atzokoa uste hori. XX. mendeko 90eko hamarkadan hasi zen euskal literatur itzulpengintza adituek aitortzen dioten indarra hartzen. Argitaletxe pribatu batzuek egindako lanari —Igelarena delarik bereziki aipagarria—, Literatura Unibertsalarena gehitu zitzaion, eta, harrezkero, itzulpengintzak etenik gabe eta aho bateko laudorio artean bereganatu ditu esparru berriak euskal literaturarentzat. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaz bideratutako bildumak 153 itzulpen kaleratu ditu 1990etik 2011ra arte, eta orain bildumaren aro berriari begira jarrita daude haren arduradunak, bildumari atzeman dizkioten hutsune nagusiei, ahal den neurrian, konponbidea emateko borondatez.

Ibaizabal argitaletxeak kaleratu zituen bildumako aurreneko ehun liburuak, 1990 eta 2002 artean, eta Alberdaniak eta Elkarrek kaleratu dituzte ondorengo 53ak, 2002tik 2011ra arte —azkeneko hirurak aurki aurkeztekoak dira—. EIZIEk Alberdania eta Elkarrekin zuen kontratua amaitu denez, «hirugarren aroa» hasiko du orain bildumak, Bakartxo Arrizabalaga EIZIEko lehendakariak dioenez. «Lehenengo 50 liburuen zerrenda osatzeko batzordea izendatua dago, eta lanean hasia. Martxoaren hasierarako zerrenda prest izatea espero dugu. Ondoren, deialdia egingo da; argitaletxeei begira lehenik, eta liburuen itzulpen proiektuetarako gero».

Orain arte argitaratutakoa aztertzea izan dute aurreneko lana batzordeko kideek. Gero, azterketa horretan oinarrituta, itzuli beharreko liburuen zerrenda berria osatzerakoan, «ikusi diren eskasiak» zuzentzen saiatuko dira. «Aldaketatxo batzuk izanen dira, baina, oro har, aldaketa handirik ez, orain arte egindakoaren balorazioa ona izan delako».

Arrizabalaga idazkari dutelarik, Mari Jose Olaziregik, Lourdes Otaegik, Jesus Cuencak, Inazio Mujika Iraolak eta Lander Garrok osatzen dute batzordea. «Baina ez dira horiek proposamenak egiten dituzten bakarrak», argitu du Arrizabalagak. «Emakumeek idatzitako literaturan adituak direnei ere eskatu dizkiegu proposamenak, Ekialdeko literaturako adituei ere bai… Batzordeak du azken erabakia, baina aurretik jende askoren iritzia jaso ondoren erabakiko dute».

Zerrenda aztertuta, begien bistakoa da narratibaren nagusitasuna, nobelarena bereziki. Zenbait poeta katalanen Antologia (1997) da bilduma osoko poema liburu bakarra. «Poesia gutxi edo ia batere ez izatearen arrazoi nagusia ahalmen falta da», Arrizabalagaren iritziz. «Zenbateraino gara gaur egun poesia itzultzeko eta itzulpen horiek baloratzeko gai? Ez dut esan nahi erabat ezgai garenik, baina zailtasun handiak ditugu. Beste arazo bat ere bada: irakurleak. Hau da, zenbat jende den gaur egun poesia irakurtzeko gai, edo zenbateraino nahi duen jendeak poesia irakurri, edo, zehatzago esanda, beste hizkuntza batetik itzulitako poesia. Hala ere, poesia pixka bat gehiago sartu nahi dugu». Beste genero batzuen eskasia ere agerikoa da, antzerkiarena eta saiakerarena adibidez. «Saiakeraren kasuan, zaila da obrak hautatzea, beste ekimen batzuk ere ari direlako horretan: Pentsamenduaren Klasikoak, Zio… Hala ere, balio literario berezia duten obrak hautatzeko asmoa dugu».

Idazleen jatorri geografikoari erreparatuta ere, agerikoak dira eskasiak. «Mendebaldeko literatura da orain artean argitaratutako gehiena, eta Asiari, Afrikari eta Hego Amerikari presentzia handiagoa eman nahi diegu». Garaiei dagokienez, berriz, «XX. eta XIX. mendeko obrak asko dira, eta XVIII.eko zerbait ere bada, baina XVII. mendetik atzeragokorik oso gutxi». Horretaz guztiaz gain, emakumeek idatzitako liburuen batez besteko kopurua handiagoa izatea ere nahi dute.

Obra batzuen berrargitalpena

Ibaizabalek Literatura Unibertsala bilduman argitaratutako ehun liburuetako gehienak deskatalogatuta daude egun, eta horietako batzuk egokitu eta berrargitaratzeko asmoa du EIZIEk. Ehun horietatik hogei hautatuak dituzte dagoeneko berrargitaratzeko. Hogei horiekin gertatzen denaren arabera erabakiko dute gero gehiago berrargitaratzen jarraituko duten. Lehen bi berrargitalpenak aurten egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dute jakinarazi zeintzuk izan diren hautatutako obrak.

Alberdaniak eta Elkarrek argitaratutako liburu bakan batzuk berrargitaratzeko asmoa ere aztertzen ari dira, liburu horien 1.000 aleko tirada amaitu delako dagoeneko. Isaac Bashevis Singerren Zortzi kontakizun eta Agota Kristofen Atzo-ren kasua da.

Lehia desleialik gabe

Ez da ohikoa, ordea, bildumako liburuak salmenten ondorioz amaitzea. «Guk merkatuak ateratzen ez dituen liburuak ateratzen ditugu», dio Arrizabalagak. «Batez ere lan kulturala egiten dugu, literatura eta itzulpengintza sustatuz. Baina ezin da esan ezer saltzen ez denik ere. Batez beste, aldeak baitaude, nahiko neurri onean saltzen dira, oro har, liburuak».

Ikuspegi komertzial hutsei begiratuta, egungo egileen obra ezagun eta arrakastatsuagoak itzultzera joko lukete bildumako arduradunek, baina argi dute ez dela hori bildumaren zeregina. «Liburu horiek merkatuak bideratu beharko lituzke, eta ez genieke argitaletxeei lehia desleialik egin nahi. Denbora luzeago batean gabiltza gu».

Euskarara itzulitako literatura oso urria zen 1990ean, gaur egun argitaratzen denarekin alderatuz gero, eta Literatura Unibertsala bildumak horretan ekarpen handia egin duelakoan dago Arrizabalaga. «Jendeak kanpoko literatura euskaraz irakur dezan lagundu du. Beti aipatzen da lehia, beste norbait zurearen antzeko lana egiten ari denean. Baina nik uste dut elkarrekin lana egiten ikasten baldin badugu elkarren laguntzaile ere izan gaitezkeela. Zerrenda antolatzerakoan, kontuan hartzen dugu idazle bat dagoeneko itzulia dagoen edo ez, ez bakarrik gure zerrendari begira, baita beste argitaletxe batzuenari begira ere. Argitaletxe batek kanpoko idazle baten lana euskaratuta argitaratzeko asmoa baldin badu, lekua uzten diogu. Lehiarik ez egiten saiatzen gara. Gure lana hutsuneak bete eta kanpoko literaturaren euskal bertsioen panorama osatzen laguntzea da».

@Bildumako liburuei buruzko informazioa: www.euskara. euskadi.net/r59-bidegile/eu/euskara_sustapena/literatura/indice_e.asp



Bildumako liburuen zerrenda:

www.eizie.org/Argitalpenak/Literatura_Unibertsala/OrainArte

Liburuetako batzuk sarean:

ekarriak.armiarma.com

Liburuetako batzuk liburu elektronikorako formatuan:

armiarma.com/liburu-e
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.