Musika

Ekaitzaren ostean, barealdia: bueltan da Oasis taldea

Hamabost urte bananduta igaro ondoren, Noel eta Liam Gallagher anaiek alde batera utzi dituzte iraganeko xextrak. Hamalau kontzertu emango dituzte heldu den urteko udan, Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Irlandan.

Noel eta Liam Gallagher, Oasis taldeko kideak, 2025eko bira iragartzeko irudian. SIMON EMMET/FEAR PR/EFE
Noel eta Liam Gallagher, Oasis taldeko kideak, 2025eko bira iragartzeko irudian. SIMON EMMET/FEAR PR/EFE
2024ko abuztuaren 27a
13:00
Entzun

Zuzenak ziren zurrumurruak: Oasis musika talde britainiarra berriro elkartuko da, hamabost urtez bananduta egon eta gero. Denbora luzez izandako desadostasunak alde batera utzita, bakeak egin dituzte Noel eta Liam Gallagher anaiek —Ingalaterrak azken 30 urteetan izandako talderik ospetsuenetakoaren sortzaileek—, eta taldearen itzulera iragarri dute Oasis Live '25 birarekin batera.

Wonderwall edo Don't Look Back in Anger bezain kantu mitikoak kantatzeko aukera izango dute berriro musika taldearen jarraitzaileek. Izan ere, 2025eko uztailean eta abuztuan hamalau kontzertu emango dituztela baieztatu dute; hori bai, Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Irlandan soilik eskainiko dituzte kontzertuak. Hori Europari dagokionez, behintzat: beste kontinenteetako oholtzetara igotzeko planak «martxan» omen dituzte. «Hemen da, gertatzen ari da», irakur zitekeen, gaur goizean, taldearen sare sozialetan. «Isildu dira armak. Lerrokatu dira izarrak. Amaitu da itxaronaldia. Etor zaitezte ikustera. Ez duzue telebistan ikusterik izango». Horiek horrela, amaiera jarri diete hainbat urtetan taldea itzuliko zelako espekulazioei, baita egunotan iragarpenaren aurretik zabaldu diren zurrumurruei ere.

Datorren urteko uztailaren 4an emango diote hasiera birari, Galesko Cardiff hirian, hain zuzen. Manchester (Ingalaterra), Londres, Edinburgo eta Dublinen ere izango dira. Sarrerak salgai izango dira larunbatetik aurrera, Euskal Herrian 10:00ak direnean.

Elkarren etsai bihurtutako anaiak

Bihar hamabost urte beteko dira Oasis banandu zenetik, Parisko Rock on Seine jaialdian anaiek izandako eztabaida gogor baten ostean; kartelburu zen taldea, baina ez zuen kontzerturik eman. Hori, baina, urak gainezka egiteko falta zen tanta besterik ez zen izan, lehenagotik ere mokoka aritutakoak baitziren anaiak: ordurako, ohikoak ziren elkarren aurkako eraso fisikoak, irainak —Noel ez zen oso «rock and roll», Liamek 1994an anaiari zuzendutako hitz goxoenen arabera—, baita kideek taldea uzteko egindako saiakerak ere.

Banandu zirenetik ia hogei urte igaro dituzte liskarrean, beti publikoaren begiradapean. Noel Gallagherrek talde berria osatu zuen Oasis utzi ostean, Noel Gallagher's High Flying Birds izenekoa. Horretan ere, besteak ez zuen hitz politik izan anaiarentzat, «zaborra» txiokatu baitzuen 2011n taldeak estreinako bilduma atera berri zuenean. Eta komediaren eta burutazioen mugak gainditu zituzten 2016. urtean: «Izorratu Oasis» aldarrikapena egin ondoren, Noelen argazki bat txiokatu zuen Liamek, eta hari «patata» deitu.

Badirudi liskarrak amaituak direla, hain justu taldearen lehen disko Definitely Maybe-k 30 urte etzi beteko dituen honetan. Askok iragarri dute azken egunotan bi senideen arteko adiskidetzea. Zer dela eta? Duela bost egun Oasisek sare sozialetan argitaratutako aurrerapen baten harira. Haren amaieran, 27.08.24 ageri zen idatzita, honako ordu honekin: 8.a.m. Sare sozialek eztanda egin zuten hori ikusi bezain pronto, baita espekulazioa azkar zabaldu ere. Gaurkoan amaitu dira usteak: Oasis bueltan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.