Ikaraldia eragin zuen koronabirusak kulturgintzan. Itxi egin ziren antzoki, taberna zein txoko guztiak, eta pantailetara desterratu ziren kultur emanaldi guztiak denbora batez. Sarbide murriztuak. Maskarak. Distantziak. Ziurgabetasun hartan, lehen lerroko garrantzia hartu zuten kulturgileak batzen zituzten elkarteek. Egoera zail hartan, neurri handi batean, haien bidez bideratu ziren erakunde publikoekiko harreman eta negoziazioak. Baina gehiago batzera eraman al ditu horrek kulturgileak? Euskal Herriko ia 4.000 sortzaile, kultur profesional, kulturazale zein enpresa biltzen dituzten zortzi elkarterekin hitz egin du gaiaz BERRIAk, erabateko eten haren ondorioz, kulturgintzaren pendulua kolektibotasunerantz bultzatu ote zuen ikusteko. Diotenez, gora doaz bazkidetzak, baina ez dute garden ikusten datu horren eta osasun krisiaren arteko lotura.
«Antzerkigintzak ez ezik, gure kasuan hizkuntzak ere batzen gaitu»
JOSU ZUBIA. Ehaze
Igoera esanguratsua izan du Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak. Eszenan euskaraz lan egiten duten norbanakoak eta konpainiak biltzen ditu, eta, hainbat urtez bazkide kopurua izoztuta eduki ostean, denbora gutxian hogei bazkide berri gehitu zaizkie, koronabirusaren osasun krisia sortu zenetik hona: urte luzez 98 ziren lehen, eta 118 dira egun. Zerbait adierazten du igoera horrek, baina, elkarteko kideek onartu dutenez, oraindik ez dute oso argi zer.
Bi faktore posible egon daitezkeela esan du Josu Zubia elkarteko idazkariak. Osasun krisiak eragindako ziurgabetasun egoera aipatu du, batetik, eta, elkarteak bere lana azaleratzeko egindako esfortzua, bestetik. Biak aldi berean, eta biak, seguruenik, nahasian.
Pandemian bazkideekin batera egindako lana ez ezik, 2019an abiatutako Ganbila liburu bilduma ere izan da gakoetako bat, Zubiaren hitzetan. Ehazek eta Susa argitaletxeak dute haren ardura, eta euskarazko antzerki testuak argitaratzea du helburu. «Leku bat hartu du plazan proiektuak, bete behar zen hutsune bat betetzera etorri da, eta horren bueltan jendea gerturatu zaigu».
«Kezkak konpartitzeko beharrak». Zubiaren hitzetan, horrek eramaten du jendea Ehazeko kide egitera. «Eta gure kasuan antzerkigintzak ez ezik, batez ere hizkuntzak batzen gaitu. Antzerkiak badauzkalako, noski, berariazko problematika batzuk, baina euskarazko antzerkigintzak badauzka propioak zaizkion beste problematika batzuk ere. Eta ez dago eragilerik hori barnean biltzen duenik, eta Ehazek betetzen du hutsune hori. Jendeak hor ikusten du aukera bere bizipenak konpartitzeko eta martxan ditugun beste proiektuetan ere laguntzeko: euskarazko antzerkia bistaratzeko, sustatzeko eta babesteko».
«Oraindik ez gara pandemiak eragin zuen tapoiaz erabat errekuperatu»
MARTA ALVAREZ. Artekale Kale Arteen Elkartea
Marta Alvarez 2014an hasi zen Artekale Euskal Herriko Kale Arteen elkartean lanean, eta, dioenez, ordutik hona, gorantz eta gorantz ikusi du kide kopurua beti. 2020an, 64 bazkide ziren, esaterako, eta, gaur egun, 84 bazkide dira: banatzaileak dira haietako hiru, jaialdiak dira hamalau, eta konpainiak, berriz, gainerako 67ak, eta haien artean, badira, erakunde publiko batzuk ere. «Ia-ia sektore osoa biltzen dugu, eta guztiek dute lekua».
Elkarteak urtero-urtero prestatzen du kale arteetan aritzen diren konpainien inbentario bat, programatzaileek erabil ahal dezaten. Eta, Alvarezek dioenez, guztiak hartzen dituzte kontuan hor, bazkide izan zein ez. Eta hor ere igarri du aldaketa esanguratsu bat. «Azkenaldian, bazkide ez diren gero eta gutxiago izaten dira zerrenda horretan gero».
Osasun krisian elkarteek lan handia egin zutela izan du gogoan Alvarezek, baina ez du uste bazkideen igoera horri lotuta dagoenik. Haren hitzetan, urteekin Artekalek lortu duen zentraltasuna eta ikusgaitasuna delako gakoa. Baina ez du horrek esan nahi, noski, pandemiak eraginik izan ez zuenik. Egoera hark programazioetan «tapoi bat» sortu zuela azaldu duelako Alvarezek. «Eta oraindik ez gara guztiz errekuperatu».
«Sustraituta dago elkarteetan batzeko joera, baina indibidualismorantz doa gizartea»
ARITZ LOPEZ. ADDE
Euskal Herriko dantza profesionalen elkartea da ADDE. 2003tik dabil martxan, eta, 122 bazkide ditu egun. Dantzariak ez ezik, dantzaren alorreko bestelako lanbideetan aritzen diren norbanakoak ere biltzen ditu: hezitzaileak, kudeatzaileak, bitartekariak eta beste. Eta, zehaztu dutenez, gora doa bazkide kopurua azken urteetan —urteko 9,5 kide berri gehiago, azken bost urteetan—.
Haiek ere ez dute uste osasun krisiak horretan gehiegi eragin dienik. Beste bi dira kontuan hartu beharreko elementuak Aritz Lopez ADDE elkarteko lehendakariorde eta Larrua konpainiako kidearen ustez: gizartean nagusitzen doan indibidualismorako joera, batetik, eta sektorearen prekarizazioa, bestetik.
«Zorionez, Euskal Herrian sustraituta dago elkarteetan batzeko joera», azaldu du, «baina indibidualismorantz jotzen ari da gizartea, eta, ondorioz, ez da batere erraza izaten, esaterako, elkarteko lanetan eta biltzarretan parte hartzeko prest dagoen jendea topatzea».
Hain zuzen ere, sektorean elkarteetara jotzeko ohitura handia zegoela erakutsi zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultur Behatokiak eta ADDE elkarteak 2022an Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko dantzaren esparruari buruz egindako inkestak. Hamar profesionaletik zortzi jada elkarteren bateko kide direla zehaztu zuen ikerketak, baina datu horien itzala ere azaleratzen du Lopezek kontatutakoak. «Badago sektorean eragiteko gogo bat, noski, baina zaila da gero inplikazioa lortzea».
Dantzako profesionalen «prekaritate maila handia» ere nabarmendu zuen 2022ko inkesta hark, eta, hain justu, hori da Lopezek aipatu duen beste faktoreetako bat. «Koronabirusaren krisiaz geroztik, apaldu egin da dantza programazioa, areagotu egin du horrek prekarizazioa, eta baliteke jendeak, oro har, denbora eta energia gutxiago izatea alor kolektibo horretan eragin ahal izateko ere».
«Elkartasuna indartzea funtsezkoa da lan duina eta errekonozimendua lortzeko»
ESTIBALIZ ZEARSOLO. Euskal Irudigileak
Euskal Irudigileak elkarteak ere sumatu du bazkide gorakada bat azken urteetan —87 ziren 2016an eta 170 dira egun—, baina haiek ere ez dute uste koronabirusaren ondorioz sortutako osasun krisiaren eraginez izan denik. Estibaliz Zearsolo elkarteko kudeatzaileak eman ditu azalpenak. «Oker egon naiteke, baina esango nuke zerikusi handiagoa duela azken urteetan elkarteak izan duen agerikotasunak edo presentziak hainbat sektore edo arlotan, bai Euskal Herrian, estatuan, eta baita nazioartean ere, oro har». Eta horrek erakarri ditu bazkide berriak.
Prestakuntza teknikoari buruzkoak ez ezik, euren eskubide profesionalei buruzko prestakuntza ere eskaintzen die elkarteak bazkideei. «Gure arteko elkartasuna indartzea funtsezkoa da gizartearen benetako errekonozimendua eta lan duina izateko». Egile eskubideei buruzko informazioa eskaintzen dute, erakusketak antolatzen dituzte, sektoreari eskainitako azoketan izaten dira, ikastaroak egiten dituzte, mintegietarako bekak banatzen dituzte, hitzaldiak eman, eta Irudika izeneko Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionala ere antolatzen dute.
Zearsolo: «Gaur egun, sare sendo bat sortu dugu irudigileekin, beste elkarte batzuekin eta gobernu erakundeekin. Sare horretan, erakunde batek laguntza behar badu sari bateko oinarriekin, edo enpresa, antzerki konpainia edo musika elkarte batek, adibidez, ilustratzaile bat behar du kanpainaren irudia sortzeko, eta elkartera jotzen dute erreferentzia puntu gisa».
«Erakunde publikoek dituzten gabeziei erantzun ahal izateko jotzen du jendeak elkarteetara»
IKER DURANA. Musika Bulegoa
Enpresak, elkarteak eta norbanakoak batzen ditu Musika Bulegoa elkarteak. Hor barruan sartzen dira musikariak, jaialdiak, aretoak... Eta horregatik esan du Iker Durana elkarteko kudeatzaileak haiena elkarte «berezia» dela. «Bereziki berezia», onartu du irribarrez, «elkarte guztiak direlako bereziak». Baina berezitasunak berezitasun, haienean ere gora egin dute bazkideek azken urteetan. 2020an zuzeneko hamasei bazkide zituen, eta zeharkako 479 —haren parte diren elkarteetan batutakoak—. 2023 amaieran egindako azken kontaketaren arabera, egun, 27 dira zuzeneko bazkideak, eta 500 inguru dira zeharkakoak.
Durana: «Kide diren elkarteetan galdetuz gero, argi ikusten da erakunde publikoak ez direla gai sektorearen beharrak asebetetzeko. Jendea elkarteetara biltzen da gabezia horiei erantzun ahal izateko, eta pandemiaren ostean lan taldeak igarri du jende gehiago batu dela. Baliabide gutxi izaten dituztela izaten dute kezka nagusia askok, eta horri nola aurre egin jakin nahi izaten dute. Diru laguntza eskariak ere oso konplexuak dira batzuetan, eta laguntza eskatzen dute horretarako».
Eta hori da, Duranaren hitzetan, bazkide gorakadaren azalpena: «Bazkideei eskainitakoa baliagarria delako igo da interesa».
Sektorearen «interes orokorrak babesteko», «sarea sortzeko», zein «babes bila» jotzen dute bazkideek Musika Bulegora, Duranak dioenez. Eta azken puntu horretan jarri du enfasia. Babesgabe sentitzen dena joan ohi baita babes bila. Solaskidetza lana ere nabarmendu du, halere. «Pandemian Eusko Jaurlaritzaren eta musika sektorearen arteko solaskide rol garrantzitsua izan zuen gure elkarteak, eta geroztik jende gehiago etorri zaigu gure proiektuen eta zerbitzuen berri izateko».
«Salbuespen egoera gainditu ostean ere, idazleak jarraitzen du salbuespen egoeran»
MIKEL AYLLON. Euskal Idazleen Elkartea
1982an sortu zenetik historia luzea egin du Euskal Idazleen Elkarteak, eta, Mikel Ayllon idazle eta elkarteko zuzendaritza taldeko kideak azaldu duenez, «tantaka-tantaka» bakarrik egin du gora azken urteetan. 375 bazkide zituen 2020an, eta 387 ditu egun. «Idazletza lanbide dutenak, Euskal Herrian, ez dira asko, eta elkartean ez daude denak, jakina, baina gehienak edo asko bai».
Ayllonek dioenez, koronabirusak eragindako osasun krisiak jende asko eraman zuen elkartera unean uneko kezka eta zalantzez galdetzera —«zurrunbilo bat izan zen»—, baina, gerora, horrek ez du gehiegi eragin bazkide kopuruan. «Idazletzarena nahiko kontu zaurgarria da berez, eta ez dakit ongi dagoen horrela esatea, baina nahiko ohituta gaude egoera oso prekarioetan igeri egitera, eta pandemiarekin eta krisiarekin, areagotu egin zen prekaritate hori».
Elkarteko bazkideen artean «askotariko kasuak» daude, Ayllonek dioenez. Baina 2021ean egin zuten barne inkesta baten datuek argi erakutsi zutenez, gutxiengo nabarmena dira idaztea lanbide dutenak, eta bestelako ofizioekin tartekatzen dute lan hori gehien-gehienek.
Pandemia igarota, arazoak, gutxi gorabehera lehengo berak direla dio Ayllonek. Eta burokrazia aipatu du haien artean. «Ez dago araudi argi bat idazletzari buruz zehazki, edo arteari buruz orokorrean, eta indarrean jarraitzen dute horri buruzko zalantzek. Euskal Herrian, gainera, administrazio bakoitzaren arabera, aldatu egiten dira gauzak, eta elkarteak jarraitzen du horretan lanean, salbuespen egoera gainditu ostean ere, idazlea beti dagoelako salbuespen egoeran».
«Bazkideek bere osotasunean babesten dute elkartearen proiektua»
OIER IURRAMENDI. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
Bertsolari zein bertsozale, 2.540 bazkide zituen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 2020an, eta 2.500 bazkide baino gehiago ditu egun ere. Antzeratsu. Ez igoerarik, ez jaitsierarik, ez eta sorpresarik ere, Oier Iurramendi elkarteko zuzendaritza taldeko kideak azaldu duenez. «Gure elkarteak proiektu oso bat bultzatzen du, ez da bakarrik bertsolarien baldintza eta lan egoeraz arduratzen. Proiektu ugari ditu, eta pandemiaren aurretik ere, bertsolarien eta gai jartzaileen gehiengo oso bat, zein bertsozale asko ere baziren jada bazkide».
«Oso bizirik» deskribatu du elkartearen jarduna Iurramendik. Dioenez, bertsoa delako guztiaren bihotza, baina hamaika hanka dauzkalako elkarteak. Bertsolari txapelketak dira haren egitasmorik ikusgarrienak, baina eskoletan bertsolaritza txertatzeko hezkuntza proiektuak dauzka; Hitzetik hortzera telebista programa kudeatzen du bertsolaritzaren hedapena laguntzeko; haren menpekoa da Xenpelar dokumentazio zentroa. Eta beste hainbat.
Bazkide kopuruan eragin ez arren, ordea, horrek ez du esan nahi pandemiak elkartean gauzak aldatu ez zituenik. Iurramendi: «Bazkideak elkartera gehiago gerturatu zirela igarri zen. Momentu horrek planteatu zizkigun erronkei era kolektibo batean erantzun nahi izan genien, eta plazaren eta bertsolarien une hartako egoerari erantzuteari buruzko kezkek hartu zuten zentraltasuna».
Martxan jarri ziren diru laguntzetan, esaterako, bertsolariak ere kontuan har zitzaten egin behar izan zuten lan orduan. Eta plazako saiorik gabe geratu ziren bertsolariak laguntzeko erresistentzia kutxa bat ere jarri zuten abian. «Bertsolaritzatik bizi ziren bertsolariei bermatu genien, pandemiak iraun zuen artean, soldata minimo bat eramatea etxera».
Kutxak martxan jarraitzen du geroztik, baina aldatu egin zaio funtzioa. «Orain Sormen kutxa izena du, eta diru hori erreserbatzen da elkarteak martxan dituen eremu horietan guztietan lagungarriak izan daitezkeen ekintza puntualak egiteko».
Lanartea: Euskara ardatz duen diziplina arteko elkartea
«Krisi honen aurretik zegoen prekarizatua euskara. Euskal sortzaileok aldiko prekarizazioan eta betiko prekarizazioan bizi gara. Bereziki, euskararen langile autonomoak direnak. Horregatik sortu da Lanartea elkartea, euskaraz sortzen duten profesional guztien zerbitzurako. Larrien daudenen egoera hobetzetik hasita, denontzako onurak ekartzeko asmoz». Hala aurkezten du bere burua Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Diziplinatan antolatzeko joera gainditu, eta euskara ardatz hartzea izan du hasieratik asmoa. 2019an egin zuen lehen biltzarra, eta, besteak beste, Euskal Herrian diren ogasun sistema guztietan eragitea izan du erronketako bat. Hedapen lana ere egiten dute. Bi liburu argitaratu dituzte, eta BERRIAn entzungai den Ez gatoz Paristik podcasta ere sortu dute.