Ekaitzak ondotik dakarrena

Iñaki Palaciosek hirugarren diskoa atera du, The Gael's taldearekin batera: 'Baltik'. Irlandar eta euskal doinuekin ondu dute albuma. Kontzertua emango dute bihar, Gasteizen

Iñaki Palacios & The Gael's taldeko kideak, disko berriaren aurkezpenean, atzo, Gasteizen. Baltik hitz irlandarrarekin izendatu dute lana. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«All is baltik», hots, dena da baltik: hori entzun zion Iñigo Palacios musikariak irlandar bati iaz, pandemiaren egoeraren harira. Hitzak arreta eman zion, eta zer izan zitekeen bilatzen hasi zen. «Ipar Irlandan erabiltzen da, batez ere. Eguraldi txarra, hotza, denboralea... dena batera dagoenean, horrela esaten diote egoerari», azaldu du txistulariak. Disko berria hala izendatzea erabaki du: Baltik. The Gael's taldearekin batera ondu du, eta Baga Biga Produkzioak ekoiztetxearekin eman du argitara. Izenburuak iradokitzen duen hotza gorabehera, kontrakotik ere baduela nabarmendu du Ritxi Aizpuru ekoizleak: «Taldeak eman nahi izan dion berotasuna da diskoaren ifrentzua».

Hirugarren albuma du Palaciosek, baina Aizpuruk uste du «aurpegi berri bat» agertzen duela, The Gael's taldeak musikariaren «nortasuna sendotu» baitu. Irlanda dute erreferentzia, eta Baga Bigakoak aitortu du horrek «harritu» egin duela. «Ez nuen ezagutzen Iñakiren alde hori. Irlandako jendea eta nortasuna ekarri ditu». Musikariak azaldu duenez, irlandar «estetika» erabili dute disko berrian, baina «tradizioa mantenduz», betiere. «Disko honek ez du zerikusirik aurrekoekin. Bizitza osoan folka egiten aritu naiz, baina oraingo honetan beste gauza bat egin dut. Musika tradizionala da, baina nire belaunaldiko jendearena».

Irlandar eta euskal doinuen uztarketaz baliatu da Palacios bi tradizioak harremanetan jartzeko: euskal txistua eta irlandar txirula —whistle deitzen diote— erabili ditu konposizioetan. Musikariaren hitzetan, irlandar txirula «txistuaren antzeko musika tresna bat da; zulo gehiago ditu, eta sonoritate baxuagoa du». Instrumentu horiez gain, biolina eta banjoa ere entzun daitezke diskoko abestietan, besteak beste. Batuketa horrek «sonoritate berria» izan du emaitza, Palaciosek dioenez: «Gitarra akustikoak nabarmenagoak dira. Orain arte landu gabeko sonoritate bat da». Era berean, txistuari ere ekarpena egin diote inguruan izan dituen tresna horiek guztiek: «Txistua hotza dela diogu, baina hemen babestuta dago», azpimarratu du Aizpuruk, eta musikariak arrazoia eman dio. «Txistua ondo janzten badugu, emaitza onak ateratzen dira. Jendeak ez zekien txistuarekin halako doinurik atera zitekeenik», erantsi du Palaciosek.

Orotara, bederatzi kantako uzta eman du euskal eta irlandar tradizioen uztarketak. Horietan, AMAK taldeko kideek kolaboratu dute, eta hitzak dituen diskoko abesti bakarrean The Gael's-eko Goiatz Duttok jarri du ahotsa. That Boot is for Me du izena kantak, eta Dublindik gertuko errugbi talde baten ohitura du hizpide, Palaciosek azaldu duenez. «Jokalari bat lehen taldera igotzen denean egiten dute: partida bukatzean, taldekide bakoitzak edaten ari denetik pixka bat botatzen du bitrinan gordetako bota berezi batean, eta taldekide berriak nahaste hori edan behar du, trago batean. Orduan, taldeko parte bihurtzen da». Erreferentzia hori hartu, eta Irlandara iritsi berria den lagun batek sentitzen duenaz hitz egiteko aprobetxatu du txistulariak.

Ekaitza bidaia osoan

Irlandarekin aspalditik du «harreman estua» Palaciosek, bere ezagun asko bizi baitira han. «Asko gustatzen zait hango kultura, tabernetan egiten duten sozializazioa. Ahal nuen bakoitzean, hara joaten nintzen». Diskoak Irlanda izanda ardatz, ezinbestekoa zirudien hamaikagarrenez hara joan eta bideoklipak hango bazterretan grabatzea, baina oraingo honetan musikaria ezin izan da hango giroaz baliatu. Albuma kaleratu baino lehen, azarorako, kontzertu bira txiki bat zuten aurreikusia Irlandan, baina, dena lotuta eta prest izan arren, hegaldia bertan behera geratu zen, eta ezin izan zuten bidaiatu.

Diskoa sortzeko prozesuan ere asko izan dira azken hilabeteetako egoerak halabeharrez eragindako oztopoak. Hainbeste, ezen «eleberri bat» ere egin baitaiteke, Palaciosek umorez adierazi duenez. Album bat ontzean, aurrena kantak sortzen ditu Palaciosek, txistua eta gitarra erabilita; gero, taldekide batekin partekatzen ditu sorkuntzak. «Aurrez aurre nuen lehen feedback hori ezin izan dut eduki. Dena bideo dei bitartez izan da». Itxiera perimetralak entseguak oztopatu ditu, eta orobat arazoak izan dituzte Oiartzungo (Gipuzkoa) Mecca estudioetara grabatzera joateko. «Hau irten zedin esfortzu handia egin dugu, baina uste dut ezin ginela geldirik geratu». Hala ere, Palaciosek uste du zailtasunek «indarra» eman diotela diskoari: «Garai txarretatik gauza oso politak ateratzen dira, eta disko honetan tema pertsonalak ere badaude. Diskoko kantek hitzik balute, protestak izango lirateke. Ez dut albo batera uzten folk protesta egitea», gaineratu du, txantxetan.

Bihar, kontzertua

Kontzertuak antolatzeari dagokionez, zuhur agertu da Palacios. «Oso konplikatua da luzera begira planak egitea. Egoera egonkortu arte egongo gara zain». Alabaina, luze gabe badute data bat itxita, behintzat: bihar, Gasteizko Ur Biltegian aurrez aurre interpretatu ahal izango dituzte kanta berriak. Hurrengoak non eta noiz antolatu ahal izango dituzten ez dakien arren, txistularia itxaropentsu dago. Baltik-eko azaleko ilustrazioan agertzen den itsasargia baliatu du metafora gisa: «Argia dago bukaeran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.