Ekaitza bizi eta ekaitza kontatzea

80ko hamarkadako giro musikalaz aritu dira Roberto Moso, Fermin Muguruza eta Iñaki Garitaonandia Bilbon

Fermin Muguruza, Roberto Moso eta Iñaki Garitaonaindia Gari Bilbon eskainitako hitzaldiko momentu batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ekaitza bizi izandakoak, ekaitza kontatzen. Euskal Herriko musikagintzaren historian mugarri diren hiru pertsonaia batu ditu Bilboko Barrea jaialdiak Bilbon aste honetan. Txartel bana zuten aurrean hirurek beren izenarekin, baina haien behar handirik ez. Roberto Moso, Fermin Muguruza eta Iñaki Garitaonandia Gari.Zarama, Kortatu eta Hertzainak taldeetako ahotsak. Euskal Rock Erradikala deitu zenaren zutabeetariko hiru, mahai bakarraren bueltan. Barrearen ostean dator ekaitza izendatu zuten solasaldia eta anekdotario zabala eskaini zioten publikoari. Kontzertuen erdian izandako polizia oldarraldiez, drogez eta musikaz betetako ordubeteko solasaldia Bilboko BBK aretoan. «Arriskutsua izan da beti Euskal Herrian kontzertuak eskaintzea». Lagunarte giroko solasaldia. Ekaitza pasa, eta ekaitzari buruz. Barrez.

Musikariak ez zirela bakarrik egon nabarmendu zuen Muguruzak. «Gu ginen soinu banda jartzen genuenak». Mugimendu handiago baten parte zirela. Hor zeudela irrati libreak ere, gaztetxeak, mugimendu sozialak.. Baietz Garik horri, eta baietz baita Mosok ere. Santurtziarrak: «Bazegoen behetik gora zihoan indar bat. Eta indar hori zen berria. Halakorik ez zen gertatzen diskoteketan eta erromerietan». Garik ere ildo beretik: «Bazegoen espiritu apurtzaile bat. Ez zegoen kontsigna bateratu bat, baina bai halako 'dena libre' moduko bat». Eta aske aritze horrek batzen zituela denak, musikariaren hitzetan. Euskal Rock Erradikalarena gero etorri zela. Mosok etiketa guztiak bezala, etiketa hura ere ezerosoa zela, eta umoretik erantzuna berriz ere Garik. «Josu Zabalak badu gogoeta bat etiketa horri buruz. Euskal Rock Erradikalaz. Euskal Herrian egiten zen? Bai. Rocka zen? Bai. Erradikala zen? Bai».

Sustraiak ere izan zituen gogoan Muguruzak, halere. «Gurea ez zen izan ezerezetik ateratako belaunaldi bat. Nonbaitetik gatoz». Aurreko artistekin izandako zubiak nabarmendu zituen irundarrak. «Horrek egin zuen berezi Euskal Herriko punk mugimendua». Anekdota bat gero. «Benito Lertxundirekin Egunkaria-rako egindako solasaldi batean aitortu zidan berak uste zuela punk mugimendua Euskal Herrian asmatu zela». Barreak publiko artean. Eta serioago gero Muguruza. «Guk ez genuen asmatu, noski, baina gurera ekarri genuen. Eta hemengo fenomenoa oso berezia izan zen. Beste herrialdeetan oso zaila zen beste belaunaldietako folkie-ak punk kontzertuetan ikustea, baina nik gogoratzen dut [Mikel] Laboa Kortaturen kontzertu bat entzuten. Hemen bazegoen lotura bat belaunaldien artean. Izan zen soka bat eten ez zena. Eta hori oso berezia zen. Hasieran zenbait musikarirekin izan ziren zer batzuk. [Xabier] Leterekin eta [Benito] Lertxundirekin eta. Anje Duhaldek ere kristorenak botatzen zituen gure aurka gaztelaniaz abesten genuelako... Egon zen talka bat, baina bazeuden elkargune batzuk. Gizartea eraldatzeko gogoa denona zen. Euskararen defentsa. Errepresioaren aurkako jarrera...».

Munduen talka deskribatu zuen Garik, halere. Oskorrirekin batera Donostian eskainitako emanaldi batez: «Jende pila bat zegoen, eta Oskorrik jo zuenean eserlekuetan zeuden denak. Dena ongi jarrita. Amaitu zuten euren kontzertua, joan ginen gu agertokira, gazte guztiak sartu ziren, aulki guztiak bota, denak txistuka... Oso garbi azaltzen ziren bi munduak garai haietan. Mundu klasikoa eta gazteen mundu berria. Bat-batean giro apal eta lasai batetik pasatu ginen pogoak egitera. Jendea txistuka. Saltoka. Eta Zarama bazen punk talde bat, baina gu, ez».

Bizirik jarraitzea

80ko hamarkadako mugimenduaren genealogia egin zuen Mosok: «Gu gara baby boomaren seme-alabak. Familiak oso handiak ziren. Kalean ere gauza gehiago zeuden, eta han egoten ziren. Orduan ez genuen aisia eskolaz kanpoko ikastaroz betetzen. Eta suertatu zitzaigun bizitzea oso garai beroa. Kalea gori-gori zegoen. Egunero gertatzen zen zerbait harrigarria. Egun batetik bestera droga mota mordoa agertu zen gure aurrean. Eta gure kasuan benetan hala gertatu zen: egun batetik bestera agertu zitzaizkigun droga horiek kaleetan. Informazio askorik ez, garai hartan. Koktel bat zen hura guztia, eta eztanda egin zuen».

Aitorpena Garik: «Orain dela gutxi ikusi dut Anaitasunan eskainitako kontzertu bateko bideoa Interneten. Agertokian azaltzen zara zu [Muguruza], ageri da Josu Zabala, Pakito [Rodrigo, Cicatriz taldeko baxu jotzailea], Natxo [Etxebarrieta, Cicatrizekoa], Escroto [Marco Antonio Sanz de Acedo, Cojon Prieto y los Guajalotes taldekoa]... Eta orain ikusita, agertokian azaltzen diren guztietatik bakarrik bizi gara zu[Muguruza], Josu [Zabala] eta ni. Hirurok bakarrik. Eta hori da 80ko hamarkadak ekarri zigun faktura inportantea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.