Rock-and-rollaren etorkizuna iraganetik eraiki du Jack Whitek (White Stripes). Horretarako, Wanda Jacksonengana jo du oraingoan. Rock-and-roll, blues eta country doinu klasikoak aukeratu eta Wandaren ahotsarekin disko erraldoia osatu du. White Stripes bikotea banandu dela jakin dugunean, oraindik ere musikan sinesten jarraitzeko aitzakia da hau.
50eko hamarkadan matxismoaren aurka borroka egin behar izan zuen Jacksonek. Elvis Presleyren maitale izan zen, eta emakumeen eskubideen aldeko bere iraultza egin zuen. Let's Have A Party, Right Or Wrong eta gisa horretako klasikoak abestu zituen horretarako, eta etengabean aldatzen ari zen gizarte hartako bozeramaile bilakatu zen. Hainbat filmetan azaldu zen, eta haren kantuek AEBetako kulturan zati garrantzitsua hartu zuten.
Orain, 73 urte bete dituenean, Jack Whiteren deia jaso eta elkarrekin rock-and-roll, blues eta countryaren kantu klasikoen aukeraketa egin dute. The Party Ain't Over izenburuak dioen bezala, festa ez da oraindik amaitu, eta diskoak eztanda sonoro baten itxura hartzen du abestiek aurrera egiten duten heinean. Hor daude Shakin'all Over, Rum And Coca-Cola, Thunder on The Mountain eta gisakoak. Baina gaur egungo abestiak moldatzen ere ausartu dira, Amy Winehouseren You Know That I'm No Good kantuaren bertsioa ere egin baitute.
Rock-and-rollaren greatest hits bat dela esan dezakegu, baina izugarrizko soinua daukana. Askok pentsatuko duzue Jack White erraztasunean erori dela, baina sinets iezadazue disko hau rock eszenarako lehergailua dela badiotsuet. Festarako aproposa, baina batez ere musika gustuko duzuenontzat.
Musika
Ekaitz perfektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu