Ekainaren 27tik 29ra egingo dute EHZ festibala

Aurtengo festibalaz «bilan positiboa» egin dute antolatzaile eta kolaboratzaileek. Azken urteetan batu zaien belaunaldi berria «proiektua bere gain hartzen» ari dela ere nabarmendu dute.

 2024ko EHZ festibala.
2024ko EHZ festibala.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 17a
16:30
Entzun

EHZ festibalaren antolatzaile eta laguntzaileek jakitera eman dute jada noiz eta non izango den datorren urteko festibala. Urriaren 12an Hazparnen (Lapurdi) egindako biltzarrean hartutako erabakiaren arabera, 2025ekoa ere Arberatze-Zilhekoan izango da, Amikuze eskualdean (Nafarroa Beherea), ekainaren 27an, 28an eta 29an.

Aurtengoa nola joan den ere aztertu dute Hazparneko Ttattola gaztetxean egindako biltzar batean, eta balorazio ona egin dutela azaldu dute laguntzaileek. Eguraldia gorabehera, Irisarrin (Nafarroa Beherea) adina lagun bildu ziren Arberatzen: «Urte berezia izan da 2024koa, leku aldaketak erronka anitz pausatu baititu teknikaren eta harremanen mailan. Baina bilana biziki positiboa izan da». Jende kopuruaz gainera, aurten nagusitu den giro «goxoaz» ere mintzatu dira, eta batik bat «inork erasorik salatu ez izana» nabarmendu dute, baita ikus-entzule berriengana iritsi izana ere.

28.a izan den aurtengo aldian estilo askotako seiehun artista hartu ditu EHZk, eta bostehun boluntario inguru batu dira, hiru txandatan, festibala aurrera ateratzen laguntzeko. Azken hilabeteetan «gazte militanteen belaunaldi berri bat» gehitu zaiela azaldu dute antolatzaileek: «Pixkanaka, proiektua beren gain hartzen ari dira, ardurak hartuz».

Festibalaz harago, hainbat ekintza ere egin ditu EHZk urte barruan; gehienak, euskal kultura ezagutarazteko eta festibalaren aldeko grina pizteko; esate baterako, kulturgintzari buruzko saio pedagogikoak, urririk, Ipar Euskal Herriko lizeo elebidunetan eta AEK-ko geletan.

EHZ festibala Amikuze eskualdera eraman izanak, bestalde, harreman eta proiektu berriak bideratzeko parada eman die antolatzaileei, eta bertako elkarte eta herritarrek orain arte egindakoa «txalotu» dutela azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.