Iazko udazkenean 30. urtemugara heldu zen EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea. «Hutsetik zerbait izatera pasatzearen sentipena» zuten garai hartan itzultzaileek, Juan Garzia Garmendiaren hitzetan, «artean haztamukako esperimentu modukoak baitziren tantaka plazaratzen ziren itzulpenak». Elkartea sortzeko asmoa Martuteneko (Donostia) itzultzaile eskolan sortu zela ekarri du gogora Bego Montoriok. «Hango irakasle eta ikasleen artean Senez aldizkaria ateratzen hasi ziren, eta, aldi berean, administrazioan itzultzaile kopurua handituz joan zen, baita ikus-entzunezkoetan eta alor guztietan ere; bat-batean,asko hazi zen kopurua. Zein behar zeuden? Denak!».
Nabarmen aldatu da euskarazko literatur itzulpengintzaren argazkia ordutik, eta EIZIEk funtsezko zeregina izan du horretan; sektoreko profesionalei babesa eta prestakuntza eskaini die, eta euskaratik eta euskarara egiten diren itzulpenen kalitatea eta itzulpengintza bera sustatzeko isilpeko lan etengabean aritu da, Montorioren arabera. Ez zen hasierako taldeko kide izan, baina urte luzez egon da zuzendaritza taldean, eta gertutik ezagutzen du elkarteak egin duen bidea. «30 urteotan langintza bera, bai itzultzaileena bai interpreteena, onartuz joan da. Jendea hasi zen ohartzen ez zela nahikoa bi hizkuntza jakitea itzultzaile jarduteko, horrek eskatzen zuela beste prestakuntza bat».
Urte askoan, elkartearen «ardatza» Literatura Unibertsalaren bilduma izan dela dio Amaia Apalauza Ollok —literatura klasikoko 171 izenburu ekarri ditu gaur artean euskarara—. EIZIEko lehendakariordea da egun Apalauza, eta aiptu du azken urteetan elkartearen jarduera dibertsifikatzen jarri dutela indarra: «Senez aldizkariak aurrera jarraitzen du, ikastaroak eta prestakuntza asko indartu da. Garrantzia ematen diogu beste herrialdeetako itzultzaileekin harremanak izateari eta, bereziki, lanbidea zaintzeari; itzultzaileen eta interpreteen kexak jasotzen ditugu, eta lan baldintzen jarraipen bat egiten dugu».
Egun, 400 bazkide inguru ditu elkarteak; itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteak denak. Hala, EIZIEk sektoreari batasuna ematea lortu duela nabarmendu du Montoriok. «Itzulpengintza euskaraz ekoitzitakoaren parte handi bat da, eta EIZIE oso garrantzitsua izan da hizkuntzari egiten dion ekarpenaz jabetu eta gogoetarako espazio bat izateko».
Hizkuntzari itzulitakoa
Euskarazko itzulpengintzarena ez da azken hogeita hamar urtean aurrerabide sendoa izan duen arlo bakarra, eta, horren jakitun izanda ere, «itzulpegintza gero eta oparoagoak euskarari izugarrizko aurrerapausoa» ekarri diola azaldu du Garziak. Hori horrela, orain iraunkortasunari lotuta ikusten du eginbeharrik premiazkoena: «Etsi, gogaitu edo aspertu gabe jarraitzea lanean halako aurrerajauzi ikusgarririk izango ez den zabaltze eta sendotze bide etengabean. Hizkuntza arrotz bat ikastean lehen koska gainditu ondoren datorren ikas-ordeka luze monotonoarekin gertatu ohi den bezalatsu, alegia».
Aurrera begira, elkartearen erronkarik handienak itzultzaileen lan baldintzetan eta etengabe egokitu beharrean izango direla aurreikusten du Montoriok: «Egun, aldaketak bizkorragoak dira, eta prest egon behar dugu datozen aldaketa eta beharren aurrean».
Orain arte lanak utzi duen lorpen batekin gelditzen da Apalauza: itzulpenaren garrantzia inorgutxik ipintzen duela egun zalantzan. Halaxe defendatu du: «Munduko literatura euskaraz irakurtzeko modua eduki behar dugu; jatorrizko hizkuntza guztiak ezin ditugu ikasi, eta beharrezkoa da itzulpena. Hainbeste liburu eder dago irakurtzeko! Liburuek merezi dute irakurriak izatea, eta guk ere merezi dugu horiek irakurtzea gure hizkuntzan. Itzulpena da daukagun baliabiderik onena kanpoko lanetara iristeko. Ez da bakarrik lan bat ezagutzea, horren atzean dagoen dena da; herrialde bat, kultura bat, eta horretaz gozatzeko aukera izatea; horregatik ematen dizkiot nik neuk merezimendu guztiak itzulpengintzari».
EIZIE, hutsetik abaro bat
30 urte bete zituen 2017an EIZIEk. Dena zegoen egiteko sortu zenean, eta hamaika egitasmorekin sektoreari babesa, prestakuntza, kalitatea eta ikusgarritasuna ematea lortu du denbora honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu