«Desira izan da zure bizitzaren eta zure idazketaren motorra?». Eta zalantza izpirik ez idazleak: «Erabat». Desira sexuala, desira poetikoa, desira bizizalea. Chelsea Girls nobela autobiografikoak egin zuen batez ere ezagun Eileen Myles idazle eta poeta (Cambridge, Massachusetts, AEB, 1949), non idazkera leherkor eta zintzoz, freskuraz, sentiberatasunez eta umorez, gaztaroko bizipenak kontatu zituen, eta baita 1970eko eta 1980ko urteetako New Yorkeko bizitza undergroundaren erretratu bat egin ere, lohitsua eta dirdiratsua, biak batean. Alkoholak, drogek, sexuak, poesiak, garai hartako askotariko artistek eta emakumeenganako desira sakonak blaitutako bizipenak dira liburukoak, eta, horien guztien bitartez, kultura normatiboaren ertzetan zebilen egile hura aretoak leporaino betetzen hasi zen, askatasunaren eta esperimentazioaren erreferente bihurtzeraino.
Mylesek 1994an argitaratu zuen Chelsea Girls, eta aurreko hamahiru urteak igaro zituen lan hori idazten. Poeta zen ordurako, baina ez zeukan testu luzeak idazteko ohiturarik. Idazmakinan orri bat uzten hasi zen egun batez, eta apurka paragrafoak gehituz joan, orduko bere bizimodua erregistratzeko modu bat balitz bezala. Liburuan bilduko zituen 28 testuetako lehena idatzi zuen horrela, Ur eta ogi hutsean, eta lerroak metatu ahala, ideia konplexuago baterako aukera begiztatu zuen: adin nagusitasunerako urratsa kontatzea —maite zituen hori egiten zuten Truffauten pelikulak—, baina emakume baten bizipenetatik abiatuta, eta ez garai horri buruzko ohiko ikuspuntu maskulino eta heterosexualetik. «Niretzat emakumeen coming of age-a [adin nagusitasuna] bortxaketa da», defendatu izan du, eta, hain zuzen, horregatik dator berari gertatutako esperientzia hori ere liburuan.
Hala ere, nobelak zeharkatzen dituen hamaika gogo aldarteren artetik, plazeraren eta ongi pasatzearen aldeko jarrera da nagusi. Egilearen arabera, oso gutxitan kontatzen baitziren «desastre hutsa» ziren baina izugarri dibertigarriak ziren emakume eta lesbianen bizitza haiek.
Mylesen umetako eta nerabetako oroitzapenetatik edaten duten istorioek ere pisua dute kontakizunean; besteak beste, idazlearen zauri primarioetako batek: aitaren alkoholismoak
Mylesen umetako eta nerabetako oroitzapenetatik edaten duten istorioek ere pisua dute kontakizunean, hala nola idazlearen langile klaseko jatorriaren berri ematen dutenek —haren senideak ageri dira, kasurako, Harvard Unibertsitatera zihoazenek bazter utzitako arropak janzten— eta idazlearen zauri primarioetako bat erakusten dutenek: aitaren alkoholismoa —hari eskainita dago liburua—. Hazi ahala, Myles bera ere alkoholaren eta drogen menpe ageri da, tarteka lagunak galtzen gaindosiengatik, tarteka azken anfetaminaren bila orduak igarotzen etxeko altzari azpietan.
«Alkoholak eta drogek zeharkatutako bizitzak beti dira paisaia arriskutsuak moralki, elur jausiz, gailurrez eta zepo desatseginez beteak», dio liburuko pasarte batean narratzaileak, baina inoiz ez ditu ezkutatzen bizimodu hark ekarritako zorion uneak: «Belus beltzezko gortinen atzean sartzen nintzen emakumeekin. Kanpoan euria ari zuen, eta azidoa igotzen ari zitzaidala sentitzen nuen Bosgarren Etorbidetik oinez nindoala. Izugarri maite nituen drogek eskaintzen zizkidaten une intimo sakon horiek, eraikinen artean egotea, epeltasun hori sentitzea eta goraldiari itxarotea».
30 urteak betetzerako utzi zuen kontsumo oro.
Liberazio moduko bat
Gardentasunak eta lezio emate orotatik urruntzen den tonua izateak ezaugarritzen dute, bada, Mylesen ahots literarioa. Mundua lehen pertsonan kontatzen dute haren narratzaileek, baina badirudi kontatzen direnei urrunetik behatzen dietela, aldi berean kanpotik eta barru-barrutik jasota baleude bezala. Erreferente argitzat aitortu izan dute, hartara, belaunaldi berrietako hainbat egilek: Maggie Nelson idazle estatubatuarrak, esaterako —2015eko The Argonauts lanaren egilea, besteak beste—.
Myles 25 urterekin iritsi zen New Yorkera, eta, ordurako, idazle izateko anbizio argia zuen. «Ni langile klaseko inguru batetik etorria nintzen, eta ez idazle izan nahian etorri ohi zaren leku batetik; beraz, ongi iruditu zait beti anbizio biluzia izatea», esan izan du. Garai hartan, kontrakulturan zebiltzan poeta eta artista ugarirekin izan zuen gertuko harremana, eta haien izenez zipriztinduta dago Chelsea Girls ere. Orduko giroaren lekuko, atxilotuta eraman zituzten batean, ziegatik poliziari irainka eta poeta dela oihuka ageri da Myles pasarte batean.
Myles: «Poesia denbora alternatibo baterako eskaintza bat da, filosofikoa, sexuala, estetikoa»
Ordutik hona, hogei liburutik gora plazaratu ditu, narratiban, saiakeran eta poesian. Azken arlo horretan, besteak beste, I Must Be Living Twice: New and Selected Poems 1975-2014 (2015), Evolution (2018) eta A Working Life (2023) lanak argitaratu ditu, eta poesia egitea «munduan egoteko modu erradikaltzat» hartzen du oraindik ere. Hain zuzen, «pretentsio eta forma ezkutuz» betetako iluntasun baten kontra egitearekin alderatzen du jardun hori: «Poemaren barruan nolabaiteko argitasuna ikusten dut, lanbrotsua den arren. Sentitzen dut iluntasun baten kontra ari naizela bultzaka, baina zehatz-mehatz jakin dezakedala non nagoen, eta argia hor mantentzen saiatzen naiz, poeman aurrera jarraitzeko. (...) Denbora alternatibo baterako eskaintza bat da, filosofikoa, sexuala, estetikoa. Liberazio moduko bat, baita nire buruarengandik edo irakurleak beren buruarengandik libratzeko modu bat ere».
New York, hiri desagertua
«Kennedytarra naiz/ Ez al genuke denok kennedytarrak izan behar?». Mylesen poemarik famatuenetako baten hasiera da, eta haren inplikazio politikoaren beste ertz baten erakusle ere izan liteke. Izan ere, 1992an, AEBetako hauteskundeetara aurkeztu zen, ekintza performatibo modura, eta poema hori errezitatzen aritu zen jendaurrean. «Oso dibertigarria izan zen, ez dagokizun askatasun bat baliatzearen parekoa». Ezaguna da, halaber, LGTBI borrokaren aldeko aktibismoan aritzeagatik —pertsona trans moduan identifikatzen du bere burua gaur egun—, eta baita hiriaren eredu kapitalistaren aurka egiteagatik ere —zuhaitz batera kateatu zen 2022an, parke baten eraisketa salatzeko—. Azken boladan, bestalde, Palestinaren alde egiteko baliatu du bere oihartzuna, eta They izeneko poema luzea argitaratu du zenbait hizkuntzatan, zeinak palestinarren alde diharduen.
Egun ere New Yorken bizi da Myles, eta hiriaren aldaketen lekuko izan da, zuzen-zuzenean. Txarrerako aldaketen lekuko, haren irudiko. «Erabaki txarrak bakarrik hartu dituen hiri bat da; iritsi nintzenean, hautsita zegoen erabat, baina eder-ederra zen. Ordutik, okerrera egin du gero eta gehiago. Den-dena dago salgai. Leku desagertu bat da».