Eider Rodriguezek irabazi du euskarazko eleberri bat idazteko Xabier Lete beka

Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak aurten sortu dute beka hori, eta 70.000 euroko laguntza du. ‘Istripu baten kronologia’ izeneko proiektuarekin gailendu da Rodriguez, eta urtebeteko epea izango du idazteko.

Eider Rodriguez idazlea. GORKA RUBIO / FOKU
Eider Rodriguez idazlea. GORKA RUBIO / FOKU
Inigo Astiz
2024ko irailaren 13a
12:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak urte hasieran aurkeztu zuten euskarazko eleberriak idazten laguntzeko Xabier Lete beka. 70.000 euroko laguntza izango zela adierazi zuten orduan, eta euskal idazleei «asmo eta konplexutasun handiagoko lanak egiteko aukera» eskaintzeko sortu zutela. Bilboko San Nikolas jauregian egin zuten haren aurkezpena bi erakundeetako ordezkariek, eta orain jakinarazi dute irabazlearen izena. Astelehenaz geroztik BBVA fundazioaren webgunean gaztelera hutsez zintzilikatutako ohar baten bidez eman dute albistea, eta Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian zabaldu du albistea euskaraz ere. Hautagaiek gutxienez eleberri bat izan behar zuten aurrez argitaratua, eta Eider Rodriguez Martin idazlearen proiektua nabarmendu du epaimahaiak jasotako lan guztien artean. Istripu baten kronologia du izena proiektuak, eta urtebeteko epea izango du orain lana burutzeko.

Unibertsitateko irakasle bat izango da eleberriko protagonista, eta hark izandako istripu baten kontaera kronologikoa egingo da liburuan. Epaimahaiak zehaztu duenez, egileak «gertakari pertsonalak eta kolektiboak» eta «gatazka pertsonalak eta sozialak» uztartuko ditu horretarako. «Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identitatea direla. Gure gizartean urratuta eta konpondu gabe geratu diren eta arrakalak utzi dituzten gaiak agertzen dira».

Narrazioa «errealista» dela ere gehitu du epaimahaiak, eta kontatu baino gehiago erakutsi egiten duela. «Kontakizunaren indar iradokitzailea nabarmena da; horregatik, deskribapenek balio metaforiko handia hartzen dute, eta elkarrizketek pertsonaien izaera islatzen dute». Halaber, esan dute protagonistaz gain lanak aurkezten duen pertsonaia multzoa bera ere «konplexua» dela, eta igarri daitekeela egileak haien psikologian sakontzeko asmoa duela. «Estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurbiltzen dena».

Rodriguezen lehen fikziozko eleberria izango dela, horixe berritasun nagusia, Rodriguezek berak Eusko Jaurlaritzaren oharrean adierazi duenez. «Agian hori da proiektuaren gauzarik berriena niretzat, orain arte ipuinak idatzi izan baititut beti, eta fikziozkoa ez den eleberri bat. Bestela, aurreko lanen antzekoa izango da, eta hizkuntza laua erabiliko dut». Sinbolo batzuk erabiltzeko ideiak ere erakartzen duela gaineratu du. Hala nola glaziar baten figura baliatuko du horretarako. «Elementu estatikoa, isila, baina urtzen denean burrunba eragiten duena; eta zu ezin zara urrundu, ezin diozu utzi nola erortzen den begiratzeari». Irudi horrek lagunduko dio unibertsitateko emakumearen istorioa kontatzen. Irakasleak bizitza egonkorra baitu itxuraz, baina uko egin die bere ametsei, lasaitasun ekonomikoaren truke. Trafiko istripu batek bizitza hondatuko dio. 

Eta hori guztia ETAren amaieraren ondorengo testuinguruan gertatzen dela ere gaineratu du egileak. «Egia interesatzen zait gai nagusi gisa, baina baita trauma, indarkeria, mina, leialtasuna eta leinua (euskal identitatearen zentzuan) ere. Izan ere, egoera aldatu egin da, baina alderdi ugariri buruz hitz egin beharra dago oraindik».

Bost kide izan ditu epaimahaiak. Koro Navarro itzultzailea izan da burua, eta harekin batera egon dira Alex Gurrutxaga Literatura eta Hizkuntzalaritzako EHUko doktorea, Lourdes Otaegi Euskal Filologiako EHUko doktorea, Jon Kortazar Euskal Filologiako EHUko doktorea eta Euskal Literaturako katedraduna, bai eta Aritz Galarraga Bartzelonako Unibertsitateko Literatura doktorea, idazlea, kritikaria eta editorea ere.

Beste lau urtez

Hasieran, uztail erdialdean ziren bekaren irabazlearen izena jakinaraztekoak, baina jakinarazpena irailera atzeratzea erabaki zuten azkenean. Proiektuaren kalitatea eta originaltasuna izan dira hautaketarako galbahe nagusia, eta, deialdian zehaztutakoaren arabera, %60ko pisua izan du proiektuaren balorazioak eta %40koa idazlearen ibilbidearenak. Bada, esanguratsua da Rodriguezek euskal letretan egindako ibilbidea. 2002an kaleratu zuen bere lehen liburua, Eta handik gutxira gaur (Susa), eta, geroztik nagusiki ipuingintza landu duen arren, saiakerak ere idatzi ditu —Itsasoa da bide bakarra (2014, Utriusque Vasconiae) eta Idazleen gorputzak (2019, Susa)—; 2021ean kaleratu zuen bere lehen eleberria, Eraikuntzarako materiala (Susa). Orduan, ordea, bizipen propioak izan zituen liburua osatzeko lehengaia. Eta horregatik nabarmendu du egileak lantzen ari den hori izango duela fikziozko lehen nobela.

Aurtengoa izan da bekaren lehen deialdia. Baina hurrengo lau urteetarako hitzarmena sinatua dute Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak. Horrez gainera, deialdia beste lau urtez luzatzeko aukera ere izango dute gero.

BBVA fundazioak urtero banatzen ditu antzerako 55 beka, baina hau da euskarazko sorkuntzari eskainitako bakarra. Leonardo bekak izena dute, eta 50.000 eurokoak izaten dira. Hain zuzen ere, BBVA fundazioak gisa horretako bekak antolatzeko duen eskarmentua aipatu zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek lankidetzarako motiboen artean. Haien hitzetan, «lehen mailako» beka horietan euskara ere presente egotea izan da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.