EHZ jaialdiaren inguruko ikerketa batek jasoko du Joan Mari Torrealdai beka

'EHZ 1996-2026. Herri bat zuzenean' da proiektuaren izenburua. Jaialdiaren 30. urteurrena abiapuntu hartuta, bai EHZren eta bai euskal musikaren bilakaera aztertzea du helburu, hainbat sormen proiekturen bidez.

Bekaren irabazleak, Usurbilgo Udaleko eta Jakineko ordezkariekin batera, gaur, Usurbilen (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
Bekaren irabazleak, Usurbilgo Udaleko eta Jakineko ordezkariekin batera, gaur, Usurbilen (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Usurbil
2024ko abenduaren 17a
18:05
Entzun

Duela bi urte Usurbilgo (Gipuzkoa) Udalak eta Jakin fundazioak elkarlanean antolatu zuten Joan Mari Torrealdai beka, hark ikertutako esparruak ikertzen jarraitzeko aukera emateko asmoz. Lehen aldian Artxibo Biluzia proiektuak jaso zuen, eta joan den maiatzean, azken emaitza aurkeztean, antolatzaileek jakinarazi zuten bigarren deialdia ere egongo zela. Urriaren 21ean itxi zuten lanak bidaltzeko epea, eta, epaimahaiko kideek aukeraketa lana eginda, gaur jakinarazi dute irabazlearen izena. EHZ 1996-2026. Herri bat zuzenean lanak jasoko du beka. Besteak beste, musika jaialdiaren bilakaera aztertuko du proiektuak.

Euskal kultura azterketa gaur zen bigarren deialdirako aurkeztutako gaia. Joan Mari Torrealdaik euskal liburugintzaren inguruan egindako azterketa soziologikoa ezarri zuten abiapuntu gisa antolatzaileek; parte hartu nahi zuen orori ikerketa hori berritu, berrinterpretatu edo ikerketaren muina beste esparru batzuetara egokitzeko aukera emanez.

«Ekosistema oso baten bilakaera ere aztertuko dugu; musika ikuspegi zabal batetik aztertuz. Izan ere, euskal musikak sortzaileak eta zaleak behar ditu, besteak beste»

AITOR SERVIERProiektuaren egileetako bat

EHZk 30 urte beteko ditu 2026an, eta duela bizpahiru urte gogoeta prozesu bat abian jarri zuten antolatzaileek. Joana Barbier proiektuaren egileetako batek adierazi duenez, «lanketa horretatik zer aterako zen ondo jakin gabe» ekin zioten lanari. Bekaren berri izatean, egindakoa aurkeztea erabaki zuten. 30 urteko epean jaialdiak berak eta euskal musikak orokorrean egindako bidea ikertuko dute, baina ez hori bakarrik: «Ekosistema oso baten bilakaera ere aztertuko dugu, musika ikuspegi zabal batetik aztertuz. Izan ere, euskal musikak sortzaileak eta zaleak behar ditu, besteak beste», azaldu du Aitor Servierrek, beste egileetako batek.

Ikerketatik «forma desberdineko» hainbat sormen proiektu aterako direla adierazi dute proiektuaren lantaldeko kideek. Servierrek gaineratu du EHZk Euskal Herria duela helburu, eta, horrenbestez, sormen lanak eta ikerketaren ondorioak Euskal Herriko kulturgune, herri mugimendu eta ikastetxeetan erakusteko asmoa dutela —2026an zehar izango da hori—.

«Kalitatezko» lanak

Aurtengoan lau proposamen aurkeztu dituzte deialdira. Aritz Azurmendi Jakineko kideak esan duenez, lehenengo aldian oso lan onak jaso zituzten, eta, maila onekoak baziren ere, «oso lan osatuak» jaso dituzte aurtengoan ere. Proiektu gehienek Torrealdairen ikerketa beste esparru batzuetara egokitzeko hautua egin dute, hala nola zinemara, rol jokoetara eta musikara —azken horrek jaso du saria, hain zuzen—.

Maialen Akizuk, Ainara Lasak, Edu Apodakak eta Ibai Iztuetak osatu dute epaimahaia —iazko epaimahai bera da—. Azurmendik azaldu ditu epaimahaiaren ustez proiektu irabazleak dituen indargune nagusiak. Hasteko, azken urteetan musikaren inguruko gogoetak geroz eta gehiago dira, eta «gai mamitsua eta lagin interesgarria» zen Euskal Herria Zuzenean, bai plazagatik, bai jaialdi ereduagatik.

Gainera, epaileen ustez, Torrealdairen eragiletza izpirituari ere heltzen dio lanak. Egileek ez dituzte ikerketaren emaitzak soilik paperean idatzita utzi nahi, eta horiek helarazteko egindako «plangintza zabala» ere izan dute kontuan. Urte eta erdiko epea izango du EHZko lantaldeak proiektua burutzeko.

Egitea baino gehiago

Liburugintzaren ikerketa, zentsura azaleratzea, euskara batua bultzatzea, liburutegi nazionala sortzeko proiektua... Asko izan ziren Torrealdairen lan eremuak. «Beti sakon, eta beti testuinguruan; ez zen teoriko hutsa. Abstrakziotik urruti samar ibiltzen zen», azaldu du Lorea Agirrek, Jakineko zuzendariak. Haren ustez, ikerketa «sustraitua» zen Torrealdairena, eta aurtengo sarituek «bete-betean» egin dute bat oinarri horrekin.

Jaialdiak herrigintzan eta kulturgintzan eragiteko duen ahalmena ere azpimarratu du Agirrek, eta bekaren ebazpena Jakinen, Usurbilgo Udalaren eta EHZren arteko elkarlan berrietarako bide izatea ere espero du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.