Euskal Herria Zuzenean festibalaren 26. aldiari Irisarrik (Nafarroa Beherea) eginen dio batzarri, hirugarren aldikoz, uztailaren 1ean, 2an eta 3an. Aitzin, neguaren partitzea eta udaberriaren jitearen ospatzeko, martxoaren 26an elkartuko dira festibalari eta laguntzaileak, Miarritzen.
«Azkenean, gibelean uzten dugu berriz negua, eta udaberriari gogotsu eginen diogu harrera. Hartza esnatu den bezala, EHZko laguntzaileak ere jaiki gara eta lanean hasi», iragarri dute antolatzaileek. Hala, dozena bat komisioetako kideek abiatu dute mende laurden pasa beteko duen aldi «ahaztezinaren» prestaketa: «Nazioarteko eta Euskal Herriko artistak, partaidetza berriak, ikusgarriak, mintzaldiak...», erran dute.
Karia horretara, Marc Parramon eta Amets Arzallusek zuzenduriko Altsasu (gau hura) dokumentalaren ikusteko parada izanen da, beraz, martxoaren 26an, Le Royal zinema aretoan, 17:00etan. Hala, «festibala Miarritzen loratuko» da.
Ondotik, egileekin solas egiteko tartea izanen da. Miarritzeko karriketan barrena joateko gonbita egin dute, «poteo alaituan», eta, azkenik, Mizanbu gaztetxean bururatuko da gaualdia. Aitzinatu dute ere «arratsean zenbait sorpresa izanen» direla.