Pauline Guelle eta Jon Irazabal. EHZko laguntzaileak

«EHZ egin da, nahiz eta beste maneran»

Aro txarragatik ezeztatu behar izan dute EHZren 22. aldia, baina, elkartasunaren ondorioz, nolabait egin da jaialdia, Hazparne, Kanbo eta Donostiako ekitaldiak lekuko. Indarberriturik daude laguntzaileak.

Nora Arbelbide Lete.
Lekorne
2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun

«Festibala denena da». EHZko Idoia Rodriguezen hitzak dira horiek, Donostiako Le Bukowskin bota zituen igandean, artista andana batek bertan antolatu elkartasun ekitaldiari hasiera emanez. Jaialdiaren 22. aldia ezeztaturik, eta aldi berean bizirik. «Elkartasun erauntsiak» ez du bere azken hitza emana. Asteburu bizi-biziko biharamuneko gogoetentzat tarte bat eskaini dute Pauline Guelle (Paue, Okzitania, 1992) eta Jon Irazabalek (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea, 1997) Lekornetik. Azken desmuntatze lanen artetik.

Astelehen biharamuna, nola zaudete moralki?

PAULINE GUELLE: Ostegunean eta ostiralean zaila izan zen erabakia hartzea; gaizki sentitu gara, baina, aldi berean, ikusi ditugu hainbat jende, egin ditugu batzar biziki interesgarriak, eta, azken finean, EHZ egin da. Nahiz eta beste manera batez egin. Hondarrean, bikaina izan da.

JON IRAZABAL: Hainbeste gauza gertatu da hain epe motzean... Bereziki ostiralean...

P.G.: Hamar egun bizi izan ditugu egun bakarrean!

J.I.: Moralak egin du goiti, beheiti, goiti, beheiti, anitz aldiz. Baina, azkenean, inguruan izan den sostenguarekin eta... Hor zerbait sortu da.

Aurtengo jaialdiarentzat aseguruekin ari zarete nola egin aztertzen eta, normalki, aurtengo gastuak estaliko dira, baina jadanik bazenuten diru zor hura; elkartasuna zabalduz joan da, diru aldetik nola zabiltzaten jakiteko goiz da agian?

J.I.: Ez gara zehatzegiak izaten ahal, baina jendea aritu da ematen, bai.

P.G.: Nahi dugu elkartasun erauntsi horrek segitzea. Eskualde ezberdinetatik jendea ari da deika ikusteko zer egiten ahal den. Biziki baikorra da. Zuloa tapatu beharko da. Bestela, ezin gara aitzina joan.

Behingoz zorra kitatzea. Baina, aldi berean, mezua dirutik at doa, ezta?

P.G.: Horregatik ez dugu diru bilketa kanpainan indar guztia eman. Kanpaina hor da. Eta diruak lagunduko gaitu. Baina gaualdiak antolatuz eta, nonbait ederragoa ere bada, diruaz bestalde. Ez da egin EHZ, gainera, aurten. Zuek egin zenuten EHZ ttipia! izan daiteke mezua.

J.I.: Egin deialdian galdegiten genuen sinpleki elkartasuna helarazteko, baina bakoitzak bere maneran. Batzuk jin dira beren eskuekin. Lekondarrak, adibidez. Laborariak eta, ostiralean berean hor ziren beren traktoreekin. Lastoa hedatzeko prest. Batzuek dirua bidali digute. Besteek sostengu gaualdi bat antolatu dute, edo mezutxo bat bidali. Nahi genuena zen EHZren izpiritua nolabait zabaltzea. Elkartasun hori sentitzea guri ere indarra emateko. Eta funtzionatu du. Zinez den-denak eskertzen ditugu.

Azkenean, jendea EHZz jabetu da, Lekorneko hiru egunak gaindituz, eta hori zen ere nahia.

J.I.: Bai, guk sinesten dugu gure ereduan: auzolanean, elkarrekin gauzak antolatzearena. Eta izpiritu hori nahi dugu zabaldu.

P.G.: Denak gara EHZ! [irriak].

Aurrera begirako ekitaldi finkorik ez da oraino iragarririk, ez?

P.G.: Adi egon behar, sare sozialetan-eta agertuko dira. Eta ez duda: ekitaldi txiki-txiki batek ere balio du.

J.I.:Norbaitek zerbait antolatu nahi badu, gu hemen gara. Gurekin lotzen ahalko du; gu laguntzeko prest gara.

Azkenean, hiru egunak antolatu, antolatu dira nolazpait: ostiralean, Hazparneko Ttattola gaztetxean; larunbatean, Kanbokoan, eta igandean, Donostiako Le Bukowskin...

P.G.: Sinbolikoki biziki ederra da. Donostiako Piratekin, adibidez, bada hiru urte baino gehiago lanean ari garela elkarrekin. Ostiralean hemen ziren piratak. 30 bat etorri ziren. Egun osoa pasatu zuten euripean... Eta, gero, Anarik antolatzea Le Bukowskiko hori... Anari beti egon da festibalaren ondoan. Errekaleorretik ere etorri dira... Horrelako uneetan ikusten duzu EHZra heldu direnak ez direla heldu, besterik gabe, besta bat delako. Heldu dira besta bat baino gehiago delako.

J.I.:Azkenean lortu da guk hemen hiru egunez lortu nahi genuena. Transmititu nahi genituen balioak, martxan jarri nahi genituen praktikak. Zentzu batean, gure mezua oraino gehiago zabaldu da.

Usu aipatzen duzue zuen eredua, zuen balioak. Gogoratzerik bai?

J.I.:Adibidez, gero eta gehiago entseatzen gara feminismoa lantzen. Aurten bereziki Brigada Ubelak alimaleko programazioa prestatua zuen gune ubelerako. Muntan ere landu genuen gaia. Ekologia ere lantzen dugu; komun idorren bitartez, adibidez. Elikadura burujabetza ere hor da, tokiko produktuak salduz. Euskara.

P.G.: Euskal Herriaren ideia bat ere bai. Antikapitalista, antifaxista.

«Eta orain zer?» galderari erantzuteko azken urte honetan abiatu gogoeta jarraitzekoa duzuela iragarri zenuten ostiralean. Zein da gogoeta hori?

J.I.:Ea EHZk bere helburuak ontsa betetzen dituen ala ez aztertzea. Eta ohartzen baldin bagara ez dela hala, beste zerbaiten planteatzea. Baina ez da bat ere aitzinatua gogoeta. Ezin gara askorik proiektatu.

P.G.: Funtzionamenduan ere nolakoa izan beharko lukeen. Nola egin ahal bezainbeste jende integratzeko.

Hiru eguneko formula ere zalantzan jarria ote da, adibidez?

P.G.: Hori ez dakigu.

Hori ere galdetu daitekeen kontu bat ote da?

P.G.: Orain, dena galdetu dezakegu, ene ustez. Ez dugu mugarik izan behar. Baina hori ikusiko da sartzean. Ezin dugu deus erran aitzinetik, hori laguntzaileen artean erabakiko baita, orain arte egin bezala, batzarretan.

J.I.: Gero, egia da beti mugimenduan garela, beti entseatzen garela egokitzen, urrunago joaten. Ikusiko dugu nola pasatuko diren ondoko gogoetak, batzarrak. Baina dena posible da. Zinez.

Posible da EHZ gehiago ez izatea?

P.G.: Hori ez.

J.I.: EHZ elkarteak segituko du, hori segur da. Gero festibalarena...

P.G.: Festibala forma bat da. Ikusi behar da zer egin horrekin.

Biek batera ezetz borobil bat bota duzue. Nolatan hain segur?

J.I.: Hor gertatu den guztiarekin... Jendeak nahi du segi dezan. Eta gu ere motibatuak gara segitzeko.

P.G.: Niretzat, argi da EHZ ez dugula horretan utziko. Indartsuagoak gara orain, ikusiz nola aritu den jendea lanean. 200 bat baino gehiago egunez; ekitaldietara 400, 500 bat aldi bakoitzeko. Jendea atxikia da EHZri. Badu interes bat jendartearentzat. Orain behar da jakin nola zabaltzen dugun EHZ hori. Baina hori ere eginen da. Bada gogo bat, dinamika bat.

Belaunaldi berri bat ere agertu da.

P.G.: Gazte anitz, bai. Batzuk ez nituen ezagutzen. Agian 30 urtekoak gutxiago ziren. Baina normala da hori; beti horrela gertatu da, eta ederra da ikustea horrela segitzen duela, ez dela bakarrik gauza historiko bat, egiten dena errutinaz. Arraberritu da, aldi honetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.