Ehun emanaldi; ez gehiago, ez gutxiago. Horiek beteko ditu Kukai dantza taldearen eta Marcos Morauren (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1982) Oskara proiektuak. Larunbat honetan, ehungarren aldiz emango dute, Euskal Herritik urrun: Moskun. Sortu geroztik emanaldiak izan duen arrakastaren adierazle da zenbaki biribila. Jon Maia (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) da proiektuaren zuzendaria, eta, haren esanetan, «harrera ona» izaten ari da oro har ikus-entzuleen eta profesionalen artean.
Duela hiru urte estreinatu zuten, 2016. urtean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Geroztik, hamaika hiritan egon da ikusgai. Maiaren esanetan, mugarria izan da Oskara: «Gogoratzen naiz 2016an, ikuskizuna aurkeztu genuenean, inflexio puntu bat izango zen susmoa nuela. Hiru urte joan dira, eta halaxe izan dela esan dezaket». Marcos Moraurekin —La Veronal konpainiako zuzendaria da— izandako elkarlanaren fruitua da proiektua, eta estreinatu baino bi urte lehenago hasi ziren ideia gorpuzten: «Aurretik, Kukai jada ari zen lankidetzan nazioarteko koreografoekin; lan lerro horri Oskara sortu baino urte batzuk lehenago eman genion hasiera. Lerro hori oso interesgarria zen, eta horretan sakontzeko asmoz jarri nintzen harremanetan Moraurekin».
Lehen urtean, elkar ezagutzeari eman zioten garrantzia; izan ere, ez zuten elkar ezagutzen pertsonalki. Harremana sendotzearekin bat, sorkuntza prozesuan murgildu ziren: «Etengabeko bilaketa bat izan zen: material berri pila bat, unibertso koreografiko berriak...aberasgarria izan zen, oso indartsua». Horrela, Kukairen nortasuna eta Morauren esentzia, biak ala biak jaso zituzten. Maiaren esanetan, «Oskara oso Marcos da, eta oso Veronal; baina, aldi berean, oso Kukai ere bai. Kukaik ezingo luke Oskara egin Marcos gabe, eta Marcosek ezingo luke Oskara egin Kukai gabe».
Euskal Herriko hiriburuetan egin zituzten lehen urratsak. «Lehen estreinaldi bira Euskal Herriko hiriburuetan egin genuen, eta emanaldi guztietako sarrerak agortu ziren», adierazi du Maiak. Ondoren, nazioartera egin zuten jauzi; ordutik, hamaika hiritako antzokiak bete dituzte. Kasurako, Oskara da nazioartean arrakasta gehien izan duen Kukairen ikuskizuna, eta, Maiaren arabera, bi arrazoi egon daitezke arrakasta horren atzean: «Horrelako jaialdietan eskatzen diren kalitate maila eta bermeak betetzen ditu, baina, gainera, identitate propioa du, eta hori asko baloratzen dute. Gure lanak nortasun propioa du, eta, era berean, exotismo puntu bat ere bai nazioartean».
Horren adierazle dira orain arte jaso dituzten sariak: 2016an, Huescako Antzerki eta Dantza Azokaren Dantza Ikuskizun Onenaren saria; eta Kataluniako Kritika Saria. Sari gehiago ere irabazi dituzte: 2017. urtean, Diseinu Onenaren, Dantza Ikuskizun Onenaren eta Dantza Talde Onenaren Max sariak irabazi zituzten, eta, Maiaren esanetan, «izugarria» izan zen. Espainiako Dantza Sari Nazionala ere irabazi zuten, urte berean.
Maiaren arabera, agerikoa da proiektuak hiru urteko ibilbidean izan duen bilakaera: «Garapen handia izan du, modu positiboan. Hasieran oso tentea eta zurruna izan zitekeen, baina, gaur egun, mugimendu horiek naturalak dira. Azkenean, lan bat gorputzetan barneratzen denean eta bakoitzak lan hori bere egiten duenean, naturaltasun batekin eta norberaren izaerarekin batera agertzen da agertokian».
Euskal Herrian aurkezpen bira egin eta gero, atzerrian egin dituzte emanaldi gehienak, baina, ehungarrenaren harira, zenbait data adostu dituzte Euskal Herrian: «Datozen urte amaiera eta hasiera bitartean, Euskal Herrian izango gara. Abenduaren 14an, Lesakan (Nafarroa) arituko gara; urtarrilaren 12an, Errenterian (Gipuzkoa); eta, 19an, Getxon (Bizkaia). Horiek ziurrak dira jada, eta agian data gehiago ere iragarriko ditugu».
Ikuskizuna baino gehiago
Ikuskizunaren kontzeptutik baino, Oskara hurbilago dago proiektu izaeratik, Maiaren aburuz: «Ez da izan ikuskizun bat soilik. Ikuskizuna bai, baina dokumental bat ere egin zen; dokumentala eta ikuskizuna uztartzen dituen formatu bat ere bai; proiektu pedagogiko bat ere egin zen ikastetxeekin... Proiektu nortasuna du; ikuskizun izaera da agerikoena, baina haratago ere lan gehiago egin dira». Oskara izena jarri zioten dokumentalari ere, sortzeko lan prozesua erakusteko asmoz: «Gertuko jendea, familia... harritu egin dira dokumentala ikustean. 'Hori dena egiten duzue?', pentsatu dute. Izan ere, jendea ohituta dago amaituta ikustera, baina gure lana, nagusiki, aurretik dago». Horrela, ikus-entzuleak sentsibilizatzeko aukera gisa ikusten du Maiak dokumentala,«hezur haragizkoak garela ikus dezaten, ez dagoela fikziorik». Horri buruz soilik ez, kulturari buruz hausnartzeko parada ere bada Oskara; ikuskizuna alde batetik, eta proiektua bestetik.
«Nor naiz ni? Sustraiek zer garrantzi dute gaur egungo gizartean?», eta bestelako galderak planteatzen ditu, eta ikuslearen esku dago horiek interpretatzea eta gogoeta egitea. «Gonbidapen» bat da, elementu plastikoez haratago, gogoeta egiteko. «Oskara-k Kukairen DNA dauka bere geruza bakoitzean».
Ehungarrena, sorterritik urrun
Kukairen eta Morauren 'Oskara' ikuskizuna ehungarrenez emango dute larunbatean, Moskun. Proiektuak sari ugari irabazi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu