Ehun musikari elkarturik

Esker1000 egitasmoak bere lehen kontzertua du bihar. Baionako Laugan izango da emanaldia

Niko Etxartek protagonismo berezia izango du biharko kontzertuan. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ehun musikari ez baitira egunero elkartzen. Eta bereziki kantu bera emateko. Zuzenean. Horra zer proposatuko duten bihar Baionako Lauga aretoan. Eta Niko Etxarten Euskal rock and roll kantua izanen da elkarrekin emanen duten kantu hori. Euskal Irratiek Musika Bulegoarekin antolatu Esker1000 egitasmoaren lehen kontzertua izanen da.

Ehun musikari horien artean, batzuk musikari ezagunak izanen dira; besteak, ez hain ezagunak. Euskal Herriko txoko andana batetik dira etortzekoak, baita urrunagotik ere. Gitarristak, baxu jotzaileak, bateria jotzaileak eta kantariak, bakoitza bere rolean.

Trebatzeko, Esker1000ren webgunean aurkitu tutorialak izan dituzte. Bihar lehen aldiz elkartuko baitira. Kantua hiru aldiz ematekoa dute, bideo bat grabatzea ere baita xede. Baina gaualdia ez da horretan bururatuko. Proiektuan parte hartzen duten zenbait musikariren zuzeneko emanaldiak ere aldizkatuko baitira bertan, bide batez. Besteak beste, Niko Etxart bera ariko da. Esne Beltza taldeko Xabi Solanok, Gatibu taldeko Alex Sarduik, Akelarreko Watsonek eta Lopetegik, Urtz taldeko Xabi Camarerok, Laurobako Iker Laurobak eta Go!azen telesaileko Iholdi Beristain aktore eta abeslariak osatzen dute biharko afixa.

Artetik errateko emazte bakarra bada agertzen afixa buruetan, emazte gehiago izateko ahaleginak egin dituztela esplikatu du Euskal Irratietako Oihana Dagerrek. Baina egutegien artean bat egitea ez dela erraz, eta aldi honetan ez dutela lortu damutu da Dagerre. Baina espero du ondoko aldirako emazte gehiago izanen direla. Heldu den urteko desafioa baita Esker1000ren behin betiko desafioa. Orduan mila musikari elkartzekoak baitituzte. Guztiak elkartu eta 11 kantu denek elkarrekin ematea dute xedea.

Orotara, mementoko 300 dira egitasmoan parte hartzeko izena emana dutenak. Guztiek entzunaldi bat izan zuten Kanbon. Eta azkenean ehun dira elkartuko bihar.

Biharko, beroketa ariketa bat bezala ikus daiteke, nonbait. 100 musikarirekin elkartzea bera ez baita begi bistakoa, baita teknikoki ere, Paxkal Etxepare gaualdiko soinuaren ardura ukanen duenteknikariak Ipar Euskal Herriko Hitza-n azaldu bezala: «Desafio totala da. Oraingoz, ez dakigu zenbat zarata aterako dugun ehun musikarirekin. Pentsatu edo imajinatu dugu zer beharko den hori betetzeko. Ikusiko dugu mementoan zer egin beharko den kontzertua ongi ateratzeko. Pixka bat berde gaude, ez dugulako sekula egin, eta leku gutxitan egin direlako halakoak».

Mila musikari biltzearena, berriz, jadanik egina izana da, eta behin baino gehiagotan. Italia iparraldeko Cesena hirian antolatu Rockin'1000 egitasmoa du inspirazio iturri, preseski, Esker1000k. 2015ean izan zuen lehena Rockin'1000-k. Foo Fighters taldeak Cesenan kontzertu bat ematea nahi zutela eta, taldearen arreta piztea izan zuen helburu egitasmoak. 1000 musikari elkartu, eta taldearen kantu bat eman zuten orduan. Eta ideiak funtzionatu zuen. Hasteko, taldea joan baitzen bertara zuzenekoa ematera, eta, bigarrenik, proiektuak ere bere bide propioa egin baitzuen. Orduz geroztik beste ekitaldi batzuk apailatu dituzte, beti mila musikari elkartuta. 2016an, adibidez, Nirvana taldearen Smells Like Teen Spirit zuten interpretatu mila musikarik.

Euskal rockaren omenez

Ideia bereganatu eta hor euskal rockari omenaldi bat egiteko aukera izan zitekeela pentsatuz antolatzen hasi ziren Esker1000. «Euskal rocka ezagutarazteko eta hedatzeko», Dagerrek erran duenez. Eta, bide batez, euskararen aldeko egitasmo bat bezala ikusten dute: «Ikusi dugu hemen parte hartzen duten batzuek musikaren bidez euskara ezagutzeko aukera izan dutela».

Mugaz gaindiko proiektua izatea ere garrantzitsua zaio Dagerreri. «Gertatzen zaigu Hegoaldekoek guri galdegitea Iparraldean jotzeko aukeraz». Esker1000ri esker elkar hobeki ezagutzeko aukera ere piztu delako poztu da Dagerre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.