Zirrara. Lekuak zirrara eragiten du. Ingurunearen edertasunaren eta zuriz margoturiko lau gorpuren islaren arteko kontrastea sentitzen du behatzaileak. Eta, ondotik, oroimenaren zokoren batean iltzatutako gertaeren ilun ikara. Proiektuan lanean hasi aurretik, lekuan berean sekula egon gabeak ziren hirurak. «Dokumentalarekin lanean hasita etorri ginen aurreneko aldiz. Tokia bera ikusgarria da, Pasaiako portua eta ingurunea... Gero gorpuen silueta horiek zuriz margotuta; inpresionatu egiten du», bota du Yuri Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1990). Xabier Otamendik (Zestoa, Gipuzkoa, 1988) eman dio jarraipena: «Hortxe izan zela irudikatzen duzu eta...». Eta ilun ikara. Eta Erik Aznalek (Itziar, Gipuzkoa, 1993) errematea: «Leku sinbolikoa da, baina irudikapena gorea da».
Artean jaiotzeke ziren hirurak. 1984ko martxoaren 22a. Gaueko 22:30 inguru. Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hilko ditu, Pasaiako badiako harkaitzetan (Gipuzkoa). Tiro zaparrada sekulakoa izan da. Lehen tiroaldian hil dira Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, Gipuzkoa, 1961) eta Jose Mari Izura Pelu (Iruñea, 1958). Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957) eta Dionisio Aizpuru Kurro (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962) atxilotu eta harkaitzetan bertan fusilatu dituzte gero. Bertsio ofizialaren arabera, enfrentamendu bat izan zen. Gainerako bertsio guztiek diote tirokatu egin zituztela.
Joseba Merino eta Rosa Jimeno izan ziren bertatik bertarako lekukoak. Merino beste lau kideekin batera zetorren zodiac batean, Ziburuko (Lapurdi) kaitik abiatuta. Rosa Jimeno amu bezala erabili zuen Poliziak, egun batzuk lehenago atxilotu eta torturapean beste kideekin hitzordu bat egitera behartu baitzuten.
Jimenoren eta Merinoren gaur egungo testigantzak biltzen ditu, beste askoren artean, Oinatzak Produkzioak ekoiztetxeak (Otamendi, Agirre eta Aznalek osatua) ondutako Pasaiako badia film dokumentalak —BERRIA eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua izan dituzte babesleak—. «Oso eskertuta» daude lekukoek egindako ekarpenarekin. Honela azaldudu Otamendik: «Badakigu beraientzat ariketa gogorra izan dela. Une hunkigarri asko izan dira, eta batzuetan gorputzaldi arraro batekin amaitzen genuen grabaketa. Burutik aparte samar zituzten gauzak berriro astindu behar izan dituzte».
Ari da Jimenoz eta Merinoz, baina baita filmean parte hartu duten lau hildakoen senideez ere. Javier Izurak, Peluren anaiak, anaia nolakoa zen kontatzen du. Inma Delas Txapasen arrebak, anaiarekin zuen harremana eta bere beste hiru anaiak atxilotzean, ama nola zaintzen zuen azaltzen du. Rafael Delasek, aldiz, anaia hil zutela Poliziaren deiarekin jakin zuela ere bai. Arantxa Isart Pelitxoren arrebak, hark jasandako torturez dihardu; Peio Aizpuru Kurro-ren anaiak kontatu behar izan zien gertatua bai aitari eta baita Pelitxoren familiari ere. Dioni Aizpuruk, Kurroren amak, «hura galtzea ze kolpe» izan zen azaltzen du.
Elkarrizketak egin aurretik pare bat aldiz bildu ziren egileak familiakoekin: «Garrantzia eman nahi genion senideak eroso sentitzeari, eta poliki egin genituen gauzak», nabarmendu du Otamendik.
Balistika proba propioak
Artean jaio gabe zeuden hirurak. Baina Azpeitia eta inguruetakoak izanik, iritsi zitzaien beraiei ere kasuaren oihartzuna, eta hari heltzea deliberatu zuten. Honela azaldu du Agirrek: «Istorioak elementu narratibo oso potenteak zituela ikusten genuen. Beti pentsatu izan dugu fikziozko gertaera asko baino harrigarriagoa eta gogorragoa dela hemen gertatu zena. Bestalde, herriko jendea tartean izanik, gertutasun handiagoa sentitzen genuen». Nahiz eta 30 urte baino gehiago pasatu diren, dokumentalaren ideia garatzen hasi zirenean, duela bi urte eta erdi pasatxo, prozesu judiziala irekita zegoen. Iaz, 2016an, Donostiako Lurralde Auzitegiak, hilketa zantzuak daudela aitortu arren, kasua behin betiko artxibatu zuen, aitzitik. 2017ko martxoan Azpeitiko Udalak babes helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Zain dira oraindik.
Erabaki horrek etsipena ez, proiektuarekin aurrera egiteko gogo gehiago eman zien egileei. Izan ere, hilketa izan zelako zantzuak argi adierazten ditu dokumentalean lau gorpuei autopsia egin zien Paco Etxeberria mediku forentseak. «Hitz errelebanteak esaten ditu filmean. Inoizez duela hainbeste tirodun gorpu ikusi, ia seguru dagoela polizia operazioaren helburua pertsonak hiltzea zela, parte hartu zuten polizia guztiek munizio guztia gastatu zutela.Lekukoa izan zen Etxeberria, baina, gainera, mundu mailan prestigiozko ahots bat da».
Etxeberriaren lekukotza indartu egiten du gertakarien garaian El País egunkariko kazetari zen Fernando Orgambidesen testigantzak ere. «Hipotesi bat botatzen du dokumentalean. Esaten du eskopeta munizioa azaldu zela, eta itxura zuela GEO ez zen norbaitek ere parte hartu zuela hilketan. Mendekua eta ehizaldia kontzeptuak erabiltzen ditu, baita metafora bat ere. Orkatzaren ehizaldi batekin parekatzen du gertatua; uxaldi batean animaliak inguratu eta nola tirokatzen dituzten».
Abokatuak eskatu arren, inoiz ez da egin balistika proba ofizialik, eta dokumentalaren egileek beraiek simulakro bat egitea deliberatu zuten Rafael Delasek bularrean zuen eskopeta tiroa zer distantziatatik egin zen jakiteko. Eibarko Suzko Armen Frogen Banku Ofiziala zentroan egin zuten proba, eta emaitza argia izan zen. «Gehienera ere 4-5 metrora egindako tiroak izan ziren».
Gizarteratzea sustatu
Pasaiako badia-k 75 minutu ditu: «Ikusterraza, arina eta dibulgatiboa egin nahi izan dugu. Datu zenbait kanpoan utzi ditugu, dibulgazio lanaren mesedetan», dio Aznalek. Dibulgazio lan hori egiteko Carlos Garaikoetxea garai hartan EAEko lehendakari zenaren, Santi Gonzalez familiako abokatuaren, Miguel Castells Azpeitiko Udalak akusazio partikular gisa hartutako abokatuaren eta Enrique Villarreal El Drogas-en (Bahía de Pasaia kantu ezagunaren egilea) lekukotzak ere bildu dituzte lanean.
Jakitun dira zaila izango dela dokumentalak bide judiziala berpiztea, baina helburua besterik da. Agirre: «Castellsek esan zigun moduan, gauza bat da egia juridikoa, eta beste bat egia soziala. Egia sozial hori zabaltzea eta oinarri finkoekin eta sinesgarritasunarekin ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua. Horregatik egin nahi genuen kazetaritza ikuspegitik zehaztasun eta zorroztasun handiko lana».
Heldu den asteartean Iruñeko Golem zinema aretoetan estreinatuko dute lana (20:00etan). Ondoren, Azpeitian emango dute hiru egunetan (urriaren 26an, 30ean eta 31n); handik aurrera, ahalik eta leku gehienetan zabaldu nahi lukete sarraskia gertatu zen leku berean sentitutako zirrara.
«Ehizaldi» baten kronika
1984an izandako sarraskiaren gaineko «egia soziala» sustatzeko asmoz ondu dute 'Pasaiako badia' film dokumentala. Heldu den asteartean estreinatuko dute Iruñean, Golem zinema aretoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu