Aurrez hainbat eragilek egin moduan, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek ere kezka eta desadostasuna adierazi dute Cristina Iglesiasen obraren harira, Santa Klara uhartea kudeatzeko Donostiako Udalak eta proiektuaren sustatzaileek hartutako neurriekin. Irla babes bereziko eremua dela gogorarazi dute, eta, aste honetan bertan bisitariak hartzen hasiko denez, babes neurriak hartzeko eskatu dute.
Bisitetarako epe ertain-luzeko irizpideak argitzeko eskatu diote talde politikoek udalari, eta erabilera espezifikoen plan bat egiteko. Baina, batez ere, galdegin diote beharrezko urratsak egin ditzala, «uhartearen balio paisajistikoa, ekologikoa eta geologikoa kontuan hartuta», Santa Klara-Igeldo ingurua Natura 2000 sarean integratzeko.
Bi alderdiek adierazi dutenez, egitasmoaren berri izan zutenetik eskatu zioten alkateari uhartea babesteko premiazko neurriak har zitzala. Zehazki, hiru txosten argitaratzeko eskatu zioten: ingurumen inpaktuarena, itsasargiaren barruko industria ondarearen azterketarena, eta proiektuaren plan ekonomikoarena. Eta dena argitu artean obrak geldiarazteko ere bai. «Baina Donostiako Udal Gobernuak, prentsan han eta hemen adierazi duenaz gain, ez du berariazko planik aurkeztu», gaitzetsi dute. Oposizioari informaziorik helarazi ez izana ere egotzi diote EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuari.
Obraren kalteak
Gaur arteko kudeaketaz, hiru kritika egin dituzte EH Bildu eta Elkarrekin Donostia alderdiek. Batetik, lanek «txikizioak» eragin dituztela salatu dute. «Alkateak behin eta berriz esaten zuen esku hartzeak eraikinaren barrualdeari bakarrik eragingo ziola, baina ez da horrela izan». Eta hondakinen kudeaketa «arduragabea» izan dela adierazi dute, «hondakinak errez eta hondakinen ordenantzaren arauen hauste larria eginez».
Aldi berean, gogorarazi dute proiektuak ez dituela betetzen Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren baldintzak. Izan ere, arau horren arabera, eraikinaren horma nagusiak bere horretan mantendu behar dira, baina EH Bilduk eta Elkarrekin Donostia udal taldeek salatu dute «lehen ez zegoen ate bat» ireki dutela. Bada, arau hauste horren aurrean, udalari egotzi diote «beste aldera begiratu» izana.
Azkenik, egitasmoaren gehiegizko gastua ere kritikatu dute. Izan ere, lanak bost milioi euroko aurrekontua izan badu ere, salatu dute «etengabe diru sail berriak onartu dituztela». Eta gaineratu dute udaleko idazkari eta kontu hartzaileek «legez kontrako ohartarazpen ugari» egin dituztela diru sail horiei lotuta. Horiek horrela, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren hitzetan, ez da «onargarria» hasieran 1,5 milioi euroko aurrekontua zuen proiektu batek azkenean bost milioi euroko kostua izatea.
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak kritikatu egin dute obraren kudeaketa
Cristina Iglesiasen artelanak «txikizioak» eta gehiegizko kostua eragin dituela salatu dute. Uhartea babesteko neurriak hartzeko eskatu diote udalari, eta beharrezko urratsak egin ditzala ingurua Natura 2000 sarean sartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu