«Ikertu zure garaiko egia/ eta aurkituko duzu zure poesia». Celso Emilio Ferreiro idazle galiziarraren lerroak bere eginez abiatu du Mari Luz Esteban poeta eta antropologo feministak gaur Literaturia jaialdia Zarautzen (Gipuzkoa). «Iker dezagun gure garaiko egia, eta aurkituko dugu gure poesia». Izan ere, (B)egia da aurtengo festibalaren leloa, parentesi eta guzti, eta begiaren eta egiaren arteko hitz jolas horri tiraka osatu du Estebanek jaialdiaren irekiera ekitaldirako sortutako manifestua.
Egin klik hemen, osorik irakurtzeko.
Ondorengo izenburua jarri dio idazleak bere hitzaldiari: Begiratzea ez da nahikoa egia birsortu ahal izateko. Manifestu bat 15 puntutan eta ahots askotara. Eta, hain justu ere, Sarah Bibaker kazetariak begiradaren indarrari buruz egindako gogoeta batekin hasi du manifestua. Haren hitzetan, begirada batek ez duelako errealitate gordina eraldatzeko gaitasunik, eta, halere, ezinbesteko tresna ere badelako. «Begiratzea bestearen gizatasuna, duintasuna eta balioa aitortzea ere bada. Begiratzea axolagabekeriaren eta konplizitatearen aurkako garaipen txikia da. Begiratzea [Gazako] genozidioaren zentzu komunaren aurkako matxinadaren hasiera da».
Eta, besteak beste, ondorengo autoreen gogoetekin harilkatu du bere testua gero Estebanek: Uxue Apaolaza, Annie Ernaux, Jorge Oteiza, Igor Elortza, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi, Pascal Gaigne, Miren Agur Meabe, Gabriel Aresti, Elizabeth Bishop, Ekhine Eizagirre, Victoria Furtado, Ion Celestino, Jon Benito, Leonora Carrington, Maria Lugones, Sonia Gonzalez, eta, azkenik, Celso Emilio Ferreiro.
«Feminismoak espazio seguruen ezinbestekotasunaz hitz egin digu. Espazio seguruak egia ahoratu ahal izateko, espazio seguruak bestea entzuteko, espazio seguruak bestea idazteko, espazio seguruak bestea irakurtzeko. Euskal literatura espazio segurua al da?».
MARI LUZ ESTEBANIdazlea
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Kontrako eztarritik liburuan egindako lana ere hartu du gogoan, esaterako. Hamabost bertsolarirekin izandako solasaldien bidez, bertsolaritzan eragiten zuten hainbat genero desberdinkeria agerrarazten zituen bertan Alberdik. Eta horren berri izateak eragindako deserosotasuna hartu du gogoan Estebanek. «Halako gehiago helduko direnaz nork egin zalantza?».
Eta, horri lotuta, espazio seguruen beharraz ere egin du gogoeta idazleak. «Feminismoak espazio seguruen ezinbestekotasunaz hitz egin digu. Espazio seguruak egia ahoratu ahal izateko, espazio seguruak bestea entzuteko, espazio seguruak bestea idazteko, espazio seguruak bestea irakurtzeko. Euskal literatura espazio segurua al da?».
Azoka eta emanaldiak
Estebanen irakurketaren ondoren, Iraia Eliasek, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak (B)egira! emanaldia eskaini dute. Eta biharkoa izango du jaialdiak egun nagusia. Liburu azoka irekiko dute Lege Zaharren enparantzan, Booktegi proiektua omenduko dute, liburu aurkezpenak izango dira, eta hainbat saio ere egongo dira Modelo aretoan. Komikiak itzultzeaz arituko dira hizketan Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondo eguerdian, esaterako. 17:30ean Inuksuit emanaldia estreinatuko dute Patxi Zubizarretak, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Mintxo Cemillanek eta Malen Fernandez de Larrinoak.
Bihar iluntzean, Galbahea emanaldia estreinatuko du Gotzon Barandiaran idazleak ere. Ondoan izango ditu Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Amaia Garcia eta Lander Bilbao musikariak. Eta igande eguerdian amaituko da festibala, Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk taularatuko duten emanaldiarekin: Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua.