Musika. A cappella

Egunerokotasuna

2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ezaguna egiten al zaizue Donosti Sound hitz-bikotea? 90eko hamarkadan Donostian sortu zen musika mugimendu zehatz bati egiten dio erreferentzia. Musika horren adierazle izan ziren Le Mans, Family, Aventuras de Kirlian eta nigan tatuaturik dagoen La Buena Vida taldea; izan ere, niretzat hain garrantzitsua da haren abestietan kontatzen eta kantatzen dutena…

Talde horiek antzekoak dituzte, esate baterako: jarrera malenkoniatsua, soinu xuabea —oso popiak, zentzu horretan—, eta niretzat xarmangarriena dena: egunerokotasunaren biografia —edo eguneroko moduko zerbait—.

Hiriko —edo Donostiako— egunerokotasunean bizi diren heldu-gazteen esperientziak dira; hirikoak, milaka erreferentzia egiten baitzaizkio Donostiako mapa emozionalari, hau da, protagonisten emozioak erabat lotuta daude momentu konkretu horretan hirian ikusten, usaintzen, ukitzen, eta azken finean sentitzen duten edozer eta edozeinekin. Horrela, eguraldi euritsua, itsasoa, paseoak, kafetegietako elkarrizketak, balkoitik eginiko agurrak, autobusak, kaleak, zerua, bizikleta, hondarra eta beste aipatzen dituzte, eta horren euskarri, maitasuna edota maitasun eza, ilusioak, dezepzioak...

Beraz, talde hauek donostiar gazte batzuen erradiografia musikala eta lirikoa osatzen dute. Eta aipatzekoa da nola probintzi barruko gazte asko ere identifikatzen ziren —eta diren— egunerokotasunaren esperientzia horrekin. Beharbada Donosti Sound-aren disko gehien plazaratu duen taldea izan delako, La Buena Vida egunerokotasunaren erreferentziarik oparoena da, adibide, pentsamendu, hitz, soinu gehien adierazi duena izan delako. Presentzia luze horren jarraitzaile izan garenok nolabait mitifikatu egin ditugula iruditzen zait. Baina hain da aberasgarria La Buena Vidaren ekarpen musiko-emozioanala… Nire ustez, harekin identifikatzen garenontzat, talde hau gure bizkarrean daramagun karga askatzeko giltza da; haren metaforei esker gure egunerokotasuna eramangarriagoa da.

La Buena Vidaren lehen bi diskoek jende asko utzi zuten liluratuta. Beharbada, talde honek zekarren egunerokotasunaren kontzeptuak zerbait berria —eta aldi berean denontzat ezaguna— sortu zelako sentsazioa piztu zuen; La Buena Vidaren disko guztiek dute garrantzia sentimentala niretzat: Panorama, Soidemersol, Hallelujah! eta Álbum, adibidez, itzelak dira. Tamalez, Irantzu abeslariak taldea utzi zuen, baina La Buena Vida aurrera egiten ahalegindu da; hala ere, 2009an atera zuten EPaz geroztik (Viaje por países pequeños), ez dago taldearen berririk. Hobe litzateke betirako bizirik balego, baina niretzat nahikoa eta sobera balio du bere ibilbide musikalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.