Eguneroko lanari aitortza

Susana Talayero, Nadia Barkate eta Anti liburu denda dira Gure Artea saridunak. Ibilbide artistikoa, sorkuntza lana eta eragile gisa egindako lana aitortu dizkiete, hurrenez hurren

Susana Talayero, Javier Nevado eta Nadia Barkate, atzo, Bilboko Guggenheim museoan egindako agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Susana Talayero eta Nadia Barkate artistek eta Anti liburu dendak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako lanaren aitortza gisa banatzen ditu sariok, urtero-urtero, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Iñaki Imaz sarietako epaimahaiburuak atzo jakinarazi zituzten irabazleen izenak. Bilboko Guggenheim museoan egin zuten agerraldia, eta bertan izan ziren Talayero, Barkate eta Javier Nevado Anti liburu dendako burua. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo dute, Donostiako San Telmo museoan. Irabazle bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu.

Zupiriak azaldu duenez, hiru helburu dituzte Gure Artea sariek: artearen arloko profesionalei aitortza egitea, batetik; artista horiek gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratzea, bestetik; eta euskal artea munduan zabaltzea, azkenik. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Talayero; sormen jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Barkate; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik Nevado. Imazekin batera, Aimar Arriolak, Nora Aurrekoetxeak, Rakel Esparzak eta Miren Vadillok osatu dute aurtengo epaimahaia.

Hiru sari, hiru errealitate

Artearen munduan 30 bat urteko ibilbidea du egina Talayerok, eta, Imazen arabera, «dedikazioaren eta iraunkortasunaren sinonimoa» da artista. Sortzaile bilbotarrak Erroman eman zituen hasierako urteak, eta handik Bilbora itzuli zen berriro ere. Artistaren lan egiteko modua nabarmendu du epaimahaiburuak: «Aurkitutako euskarriekin eta materialekin egindako lana da, ez aurrez pentsatutako edo programatutako gai gisa, baizik eta inguruan duen horretara irekita egotearen ondorio gisa». Talayerok berak kontatu duenez, eguneroko lanari esker lortu du aitortza: «Artista baten ibilbidea ez da inoiz lineala: denbora eta erresistentzia eskatzen ditu. Esperientziak pilatu ahala joaten da bakoitza ibilbide artistikoa osatzen».

Artistaren sorkuntza lana bakarkako lanetik harago doala adierazi du Imazek: «Euskal artearen testuinguruari sekulako ekarpena egin dio artistak lankidetzaren eta esperientzia kolektiboen bitartez». Horrez gainera, hezkuntza alorrean ere aritu izan da, «gizarte bazterkeria jasateko arriskuan» dauden adingabeei zein helduei arte tailerrak ematen, besteak beste. Egun, Bilboko Carreras Mugica galerian ari da erakusketa bat prestatzen: abenduan aurkeztuko du.

Barkatek, berriz, duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbide artistikoari. Marrazkigintza lantzen du batez ere. «Esan daiteke bere lan guztia marrazki bakarra dela. Irudi handi bat edo fikzio handi bat bezalakoa da, etengabe eraikitzen ari dena, presarik gabe, egiten dituen erakusketetan erakusten dituen zatien baturaren bidez, mundu propio bati gorputza eta irudia emanez». Obra bakoitzarekin duen harremana nabarmendu dute epaimahaikideek: «Beste pertsona batekin zintzotzen ariko balitz bezala jokatzen du».

Zehazki, 2008. urtean hasi zen artista ezagun egiten, eta, beka batzuei esker, Pekinera eta Berlinera bidaiatzeko aukera izan zuen. Inguruan izandako lagunei eskaini die saria artistak: «Lan asko egin behar da, eta nirekin batera jauzi egiteko prest dauden erresistentziarako lagunak alboan izatea oso garrantzitsua izan da. Maitasuna artean dago, eta artean, berriz, maitasuna. Horixe da jakin beharreko gauza bakarra». Bereziki, Bilboko Rekalde aretoan eta Carreras Mugica galerian egindako erakusketak azpimarratu ditu epaimahaiak. Egindako sorkuntza lana aitortu diote.

Arte sorkuntzan ez ezik, hedapenean egindako esfortzua ere aitortzen dute Gure Artea sariek. Aurten, Anti liburu dendari egin diote aitortza hori. Duela 20 urte zabaldu zuten liburu denda, Bilboko San Frantzisko auzoan. «Letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusizko artearen funtsezko topalekua bihurtu da», esan du Imazek.

Arte Ederrak ikasten ari ziren hainbat lagunek zabaldu zuten espazioa, eta, egun, Maia Villot eta Nevado dira buru. Sektorean batere esperientziarik izan ez arren, hasiera-hasieratik argi zuten ikuspuntu kritiko eta alternatiboa landu nahi zutela, eta bide horretan alboan izan dituzten guztiak izan ditu gogoan Nevadok: «Aitortza honek harrotasunez betetzen gaitu: gure garaipenekin alaitzen den komunitate baten parte garela gogorarazteko balio digu. Aurrera jarraitzeko indarra ematen digu».

Halaber, liburu denda Bilboko San Frantzisko auzoan egoteak «bereziago» egiten duela nabarmendu du bertako buruak: «Oraindik ere oso estigmatizatuta dago San Frantzisko auzoa, baina ideia alternatiboen dibulgaziorako topalekua gara». Zabalpen lan horretan, «edozein artistaren lanak» jasotzen dituztela gaineratu du: «Proiektuari berari ematen diogu balioa, ez artisten ibilbide artistikoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.