Hogeita bost urtetik gorako ibilbidean, denetariko filmetan lan egitea «egokitu» zaio Monica Belucciri (Citta di Castello, Italia, 1964). Guztiek eman diote bizitza irakaspenik. «Egin ditut film oso komertzialak. Egin ditut batere biderik egin ez dutenak ere. Baina guztiek aberastu naute. Aktore izatea ez baita lanbide soila, giza esperientzia ere bada. Leku eta kultura desberdin asko ezagutu ahal izan dut, eta, batez ere, neure burua ezagutzen lagundu dit aktore izateak». Donostia saria jaso zuen atzo aktore italiarrak, «ilusioz eta pozik». Aurrez, Agnes Varda zuzendariak eta Ricardo Darin aktoreak jaso dute saria aurten.
Hogeitabost urtetik gorako ibilbidea; 50 film baino gehiago. Eta bat aukeratzea zaila egiten zaion arren... azkenean, aukeratu du: Malena (2000). «Cinema Paradiso ikusi nuenetik, Giuseppe Tornatorerekin lan egiteko gogoa nuen. Eta nola esaten da, 'kontu izan desio duzun horrekin'...? Bada, lortu nuen. Film berezia da, erromantikoa, alde batetik, eta biolentoa bestetik. Nire ibilbidean, beti joan dira eskutik poesia eta biolentzia. Ez dakit ondo zergatik. Akaso aurrerago ulertuko dut noizbait».
Eta bere ibilbidean beste mugarri bat aipatzen du biolentzia eta poesia aintzat harturik: Gaspar Noe frantziarrarekin filmaturiko Irreversible, 2002koa. «Hasieran polemika eragin zuen, oso pasarte gogorrak baitzituen, baina denborarekin kultuko filma bilakatu da. Ez da jakiten filmek zein bide egingo duten». Film horretan, bortxaketa bat agertzen zen, sekuentzia luze batean filmatua, lurpeko pasabide batean. «Zinema errealitatearen irudikapena da, ez da errealitatea. Zorionez, ez dut pasatu beharrik izan hain gertaera lazgarririk, baina emakume guztiok dakigu, gutxi-asko, halako egoeraren baten berri». Zinemaren munduan, gizonezkoen eta emakumezkoen baldintzen artean oraindik aldeak daudela dio, baina gauzak aldatzen ari direla: «Gure aurretik lan handia egin duen emakumezko aktore belaunaldi bat dago, eta, haiei eskerrak, guk ere borroka egin genezake orain. Askoz ere gehiago errespetatzen dugu geure burua orain». Hala ere, gizarte osoaren arazoa dela irizten dio. «Nik egunero egiten dut borroka emakume independente bat izateko. Oso garrantzitsua deritzot independentea izateari, ez soilik ekonomikoki, baita mentalki ere». Oraindik lan asko baitago egiteko arlo horretan, Belucciren hitzetan. «Ezagutzen ditut lanean independenteak diren emakumeak, baita boterea dutenak ere, baina gero etxera itzuli eta batere botererik ez dutenak. Tradizio oso luze bat baitago; hori jaso dugu belaunaldiz belaunaldi, eta ez da erraza lotura hori etetea. Horregatik, asko estimatzen ditut pentsatzen dutena esateko ausardia duten emakumeak. Hala ere, laguntza gehiago beharko genuke erakundeetatik. Haurra izan eta hiru hilabetera lanera itzultzea basakeria da, adibidez».
Euskal zinemaren inguruan ere galdetu zioten, atzo Donostiako Kursaalean prentsaren aurrean egindako agerraldian, eta zera erantzun.«Uste dut talentua baduzuela, ziur, leku gehienetan bezala. Arazoa finantzaketa lortzean egongo da, herrialde txikitako zinemagintzetan bezala».
Zuzendari bezala ez
Belluccik argi du aurrerantzean ere aktore lanetan jarraituko duela. Eta akaso proiekturen bat ekoizten ere lagunduko duela: «Sekula egingo ez dudana da film bat zuzendu. Errespetu handiegia diot lanbide horri». Belluccirentzat sorkuntza libertatearen sinonimo da. «Artearen bidez espresatu egin gaitezke. Komunika genezake nahi dugun hori. Horregatik, askatasunik ez dagoen lekuetan artea debekatu nahi izaten dute. Baina alferrik ari dira, artea ez dago geratzerik. Inork ezin du geratu».
Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Donostia Saria
«Egunero egiten dut borroka emakume independente izateko»
Monica Bellucci aktore italiarrak jaso du aurtengo hirugarren Donostia saria. 50etik gora filmetan lan egin du hiru hamarkadako ibilbidean. Harentzat, «giza esperientzia aberasgarria» da aktore lanbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu